Emakume arrazializatuen elkarte batzuek greba egiteko eskubiderik ez dutela salatu dute

  • Emakume arrazializatu migratuen eta ijitoen hogei elkartek agerraldia egin dute, adierazteko azaroaren 30eko greba feminista orokorrean haietako askok ez dutela greba egiteko eskubiderik. Hala, greban parte ez hartzeko sei arrazoi eman dituzte. Gehitu dute zaintza eskubide kolektiboaren aldeko mezuarekin bat egiten dutela.

Hogei elkarteek agerraldia Zumaian egin zuten, azaroaren 11n. Argazkia: Amuge elkartea.

2023ko azaroaren 13an - 11:32
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hauek dira sei arrazoiak:

- Haien ustez, grebak kanpoan uzten ditu sektore desaraututan eta sindikatuen babesik gabe dauden pertsona arrazializatu migratuak eta ijitoak. Adibidez, zaintza eta etxeko lanetan, eta kalez kaleko salmentan.

- Greba egin ezin dutenez, mendeko egoeran gelditzen direla diote: “Soldatapeko feministek greba egingo dute “besteen” eskubideak defendatzeko”. Galdera hau egin dute: “Berriz ere amantalak balkoian jarriko ditugu edo lapikoekin zarata aterako dugu, 2018an bezala?”.

- Zaintzaren zama gainean daramaten arrazializatu migratuek, ijitoek, eta baita zuri autoktonoek ere, greba eskubidetik at geratuko direla diote, ez dutelako baldintzarik greba egiteko. Beraz, greba ez dela erreminta egokiena uste dute.

- Bazterketa deigarria dela diote, kontuan izanda etxe barruko zaintza lanak “bereziki gordin emakume migratuen gorputzek jasaten dituztelako”.

- Lanuztea egitea lan baldintzak hobetzeko ameskeria dela diote, eta gainera, ez duela uzten langile horien bizitza prekarioei neurria hartzen.

- Azpimarratu dute gehiengoa zuria den mugimendu feministak planteamendu itxi batean parte hartzeko gonbita egin diela. Beste urte batez, eremu batzuetan mahai gainean jarritako zalantzak ez direla entzun eta ez dituztela kontuan hartu adierazi dute.

Eragile aktibo izatea aldarrikatu dute

Grebaren testuingurua baliatu nahi izan dute aldaketarako eragile politiko gisa ikusgarritasuna lortzeko. Aldaketa proposatzen dute zaintza sisteman, zeinetan logika arrazistak eta kolonialak generoarenak bezainbesteko eragina duten.

Prentsa-oharrean, zerrenda bat jaso dute sinatu duten elkarteei zuzenean eragiten dieten aldarrikapenez osatuta. Besteak beste, aipatu dituzte Espainiar Estatuan milioi erdi pertsonaren erregularizazio-eskakizuna, etxeko langile egoiliarraren figura desagerraraztea, zaintza lanak astean 35 ordu izatea eta funts putreak zaintza sektorean sartu izana salatzea.

Azkenik, grebaren antolatzaileei mezu zuzena helarazi die: “Feminista antiarrazista eta dekolonialok gure elkarteak onartzea eta guk geuk gure borrokez hitz egiteko gaitasuna onartzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa egun bateko ekintza sinbolikoak egitea edo zuen manifestuetan idaztea; gu entzuteko ordua da, gure agendak eta estrategiak antiarrazismotik begiratuta berrikustekoa, arrazismo kolonialaren aurrean erreparazio historikoa egin dadin.

Sinatzaileak:

Malen Etxea (emakume migratuak), Emakume Migratu Feministak-Soziosanitarioak, AMUGE (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea), Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea, Ijito Herriaren Euskal Kontseiluko Emakume Ijitoen Batzordea, Feministas por Nicaragua, Famek Elkartea, Beltz Afrikarren eta Afrikarren ondorengoen Euskadiko Komunitatea,  Yala Elkarte Sozio-Kulturala, Romi Berriak (ijito gazteak), Bidaya Emakume Musulmanen Elkartea, Safa Elkartea, Wayra Emakumeen Elkartea, Mujeres con Voz Elkartea (guztien adostasunik gabe), Juntas Nos Cuidamos (SOS Arrazakeria Nafarroa), Regularización Ya Estatuko Mugimendua, Garaipen “Kolektibo feminista eta antiarrazista”, Euskal Herriko Ijitoen Idazkaritza Fundazioa, Peruanxs taldea Euskal Herrian eta Basauriko Emakumeak aniztasunean.

Beste elkarte batzuek bat egiten dute grebarekin

Azaroaren 7an ondoko elkarteek bat egin zuten azaroaren 30eko greba feminista orokorrarekin: AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea, Bidez Bide, Munduko Emakumeak, Thycna Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileak eta Trabajadoras No Domesticadas.

Albistea irakurtzeko: Etxeko langileak greba feminista orokorrera batu dira, zaintza lanak “duintze eta profesionalizatze” aldera

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greba orokor feminista
Eguneraketa berriak daude