2024ko apirilaren 15an - 10:00
Azken eguneraketa: 14:56
EiTB

Euskal Erdiko politikagintza instituzionalak gero eta antza handiagoa du Espainiakoarena. Analista batzuek esan zuten aspaldi igande honetako hauteskunde emaitzek ohi baino gehiago kitzika lezakeela hango establishment-a, EAJ-PSE formula mitikoaren nagusitasuna zalantzan jarri, PPren igoera berretsi eta, giroa zakartzeko punturik inportanteena, EH Bildu estreinakoz alderdirik ordezkatuena edota bozkatuena izan. Berotzen ari da giroa, azken inkestek lagunduta. Espainiako irrati-tertuliak entzutea besterik ez dago termometroa sumatzeko.

Baina harago doa kontua; Euskal Erdiak gero eta antza handiagoa du Espainiakorena. Eta ez da hemen tresnak ez zeudelako, hara heldu bezala iritsi baitzen Twitter eta bere magia. Aurten arte ikusi gabe geunden, ordea, horrelako material grafikorik. Urkulluren aroan imajinaezina zatekeen EAJko lehendakarigaia behi artean ikustea, ezta YouTuben bueltaka dabilen anuntzioan ere, “bozkatu EAJ” esateko, hiru emakume zuri eta gizon beltz bat agertuko zitzaizkigukeenik, edota paralelismo kutre-an hauteskundeak Tinderrekin lotuko zirenik. Zentzu berean Elkarrekin Podemosen komiki/boto gutunak, edo sagardotegian abiatzen den haien esketxa, hainbat egoera erridikulu dituena, Athletic-eko kamiseta duen realzalea-eta, gabarra/tabarra testuinguruan. PP ikusi dugu askotariko koloreko txapelak janzten, Anduezaren “Enekoneta” furgonetarena ja beste maila batean dago... Eta espero gabe suertatu den bestea, Getxon, Voxeko faxista bat kaleko pankartak kentzen hasi dela eta zakurra paseatzen ari zen bizilagunak txilioka betean hartu duela. Espainiako Estatura gero eta gehiago begiratzen duten euskal alderdi politikoek lortu dute hango demasa hona ekartzea. Igual gazteak erakartzeko modua horixe zen.

Baina hainbesteko antza ere ez du Euskal Erdiak oraindik. Izaeraz geldoagoak gara. Gatzgabe samarrak dira debate eta aurrez aurrekoak. Makina bat argi-urteetara dago 2008ko Zapatero-Rajoy buruz burukoaren pareko zerbait. Anduezak seguru apunteak hartu zituela hortik ETBko eztabaidara joateko. Kokotsa altxatu eta bekainarekin bi aldiz gora-behera egite hori... GIFerako material ederra. Jokoa banatzen hasi zen, baina ez zion inork segitu, eta, egia esan, merezi ere ez zuen merezi. Otxandianok bai bilatu zuen buruz burukoa Pradalesekin, baina eskua luzatzeko ariketa egin zuen gehiago, haren aurka zuzenki lehiatu baino. “Gauzak gaizki egin dituzue, baina lasai, hobeto egin daitezke, egingo ditut nik, eta zuek lagundu”. Sinpleki horrela laburbildu daiteke.

Sei hautagai egon ziren ETB1eko debatean. Zazpigarrena falta zen, Vox, baina euskaraz dakien inor ez dabilenez hor, edo euskal telebista desagertu behar dela aldarrikatu izan duelako akaso, total, ez zen inor joan. Ondo ulertzen ez dena da zergatik gonbidatu zen Sumar, ordezkaritza parlamentariorik ez baitauka. Saiatu zen ezerezetik presentzia egin eta ika-mikak mantentzen PSErekin, baina espektro berean Podemos egonda, ikus-entzule orokorrarentzat zail samarra zen bereizketa argiak egitea. Eta, esan behar da, errepaso galanta eman ziola Gorrotxategik. Esperientzia gehiago du eta nabaritu zen. Kazetari honen harridurarako, betaurreko moreak jantzita nahiko abila izan zen kolpeak banatzen.

Gorrotxategi ezkerretik, eta PPko Garrido eskuinetik. A ze parea. Lehenak asko zuen galtzeko –azken inkesten arabera, desagertzear legoke–, eta bigarrenak, berriz, bere boto-emaileei euskarak batere axola ez dienez, ez zuen ezer jokatzen ETB1en. Pradalesi hiruzpalau zaplazteko eman zizkion Garridok, eta argi esan zuen, ezkertiar izatetik gertuen egon daitekeen jeltzaleari zuzenduta, PP prest legokeela EAJren gobernua babesteko, EAJk bere botoak beharko balitu EH Bilduren balizko gobernu bat saihesteko. Hala bada, garesti irten behar zaio Pradalesi situazioak horretara eramango balu. Eskalan biderkatzea litzateke Durangoko Udalean eta Gipuzkoako Diputazioan gertatu dena.

Eztabaidetan sartzeko betarik ez zuen Pradalesen aurrean, Otxandiano fuerte bat ikusi genuen ETB1en. Oposizio gogorrik egin gabe, alternatiba errealaren itxura eman zuen. Gainontzekoei komeni ez zitzaien moduan aritu zen hautagai subiranista: erraz, suelto eta bere aurka etor zitekeen ezer sendorik planteatu gabe, jarrera irekiarekin. Bazirudien zela euskara ondo baino hobeto menperatzen duelako Otxandianok, eta parean zituenek problemak zituztela haien iritziak euskaraz adierazteko. Bozkatzera joan aurretiko emaitza argietako bat horixe da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Eguneraketa berriak daude