Elias Khoury: "Palestina, Siria eta gure itsukeria"

  • Elias Khoury idazle libanoarrak salatzen duenez, Siriako gerrak erakusten du munduaren etikaren neurria, 1948an Israelgo Estatua sortzeko ehunka mila palestinar kanporatzeak erakutsi zuen moduan. Nola jarraitu iraganeko masakreak ospatzen esanez “horrelakorik berriro ez!” eta aldi berean isildu egunotan luzatzen ari den Siriako dramaz? Nobela eta antzerkigile, literatur kritiko, Elias Khoury libanotarraren liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira.


2016ko irailaren 06an - 08:36
Siriako Alepo 2015eko irailean: herritarrak bi haur daramatza bonbetatik babestera eraikinen aurrien artean. (Argazkia: Karam Al Masri / AFP)

Siriak erakusten digu dagoenekoz mundu mailako etikaren neurria, Nakbaren [1948ko palestinar exodoa] garaian Palestinak aurre egin behar izan zien bezala kontzientzia urrun, itxurazko eta maltzurrei.

Gaur Siriak frogatzen digu giza kontzientziaren suntsitzea eta dekadentziazko labirinto batean balioek darabilten dantza, alde batetik arrazismo anti-arabiar eta anti-musulmana, bestetik kapitalismoak gizakia barbaro, objektu edo salgai xume bihurtzeko daukan joera.

Nire hitzak ez du politikotik deus. Herri palestinarrak baditu balio autentikoak, ez du sekula amore eman erresistentzian edo egin beharreko sakrifizioetan, nahiz eta buruzagi palestinarren politika oker eta lotsagarriek eten gabe erabili dituzten hitzontzikeria, trikimailuak, ustelkeriak eta erlijioaren manipulazioa ezkutatzeko herri palestinarraren kausa justua eta haren nagusitasun morala.

Herri siriarrak ere, matxinatu zelarik bere duintasuna aldarrikatzeko, balio etiko unibertsala darama bere gain, oposizioko alderdi ezberdinek burututako politiken gainetik, alderdiok ez baitira gai izan osatzeko koadro nazional bat bere lekuan jarriko zituena Siriako jendeek egin dituzten itzelezko sakrifizioak gizakiaren askatsunaren, justiziaren eta duintasun indibidual eta kolektiboaren aldeko borrokan.

Gaur munduak ez du ospatzen siriarrekin arma kimikoz egin zitzaien masakre barbaroaren oroitzapena, palestinarrekin ospatzen ez duen bezala beren Nakbarena.

Eskuetan daraman odol judutarra eten gabe garbitzen saiatzen den munduak, zer egin du odol palestinarrarekin? Nola erreakzionatu du 2013ko masakre kimikoaren ondoren iritsi den saleroste doilorraren aurrean, Errusiak eta AEBk lortu zutenean siriarren hilotzak bihurtzea adostasunerako eremu, zertarako eta erregimen siriar despotiko eta barbaroaren armategi kimikoa suntsitzeko eta Israeli mesede hori doan eskaintzeko? Ez al da, beti bezala, eskuetako odol judua odol arabiarrez garbitze kontua?

Badira palestinarren Nakbarekiko isiltasun susmagarria justifikatzeko aitzakiak asmatu dituztenak, ulerkor azaldu direnak Jean-Paul Sartre filosofo handiak Palestinaren aferaz erakutsitako jokabide itsuarekiko. Jokabide hori okerra zen, nahiz eta erabili argumentu ‘moral’ bat proiektu arrazista eta koloniala kanpo nazien biktimekinlotzen zituena.

Munduaren kontzientziak nola irentsi ahal izan du arma kimikoei buruzko ituna den sugea? Nola makurtu da mundua despota harrapakariaren aurrean itxirik begiak II. Mundu Gerraz geroztik burututako masakre handienetako baten aurrean?

Jean Genet idazle frantziar handiak oldartu behar izan zuen Mendebaldearen itsukeriaren kontra, agerian uzteko palestinarren tragedia, Sartreren zalantza eta jokabidea lotsaizun bihurtzeko. Literatura palestinarraren, historialari palestinarren lanen eta historialari israeldar berrien beharra izan da argitara ateratzeko gezur handia, biktima palestinarrak isiltasuna estali eta hauen auhenak ito dituena.

Hainbeste idatzi den arren etikaren eta infamiaren arteko borrokaz, ozen aldarrikatu behar da Siriako biktimek are infamia larriagoa nozitzen dutela, propio eragindako ezjakintasuna eta oportunismo moral berezia.

1948an mundu osoak, mundu arabiarrak barne, ezjakinarena egin zuen [Nakbarekiko] edo gezurra esan. Gaur egun inork ezin du esan ez dakienik Sirian zer gertatzen den. Haur siriarren argazkiak bihurtu dira gure unibertsoaren lotsaren ikono, siriarrak hiltzea ohiko egin da indiferentzia bilakatzeraino eta milioika errefuxiatu, etxe gabe, gaixo eta goseturen sufrikarioak gure etxeetan sartu dira, baina hala ere ez dirudi horrek inor kezkatzen duenik. Leize morala mundua adinakoa da.

Aitzakiatzat aipatuz Estatu Islamikoa eta haren antzekoak, justifikatzen dira bonbardaketak, hilketak eta suntsiketak, argudio moralak ematen zaizkie hegazkin errusiarrei eta Irango miliziei lurralde siriarra bortxatzeko.

Bi aldeetako fanatikoek larrutu dute Siria eta zeharka babesten dute herrialdean heriotza zabaldu duen errejimen barbaro bat, haiei eman dizkiena argudioak denak helburu bakarrean elkartzeko: Siria suntsitzea. Horien argudioek ez dute balio haur bakar baten malkoek adina, emakume bakar baten auhenek edo eraikin suntsituen aurrien artean gizon bakar batek egiten duen aztarrikak adina. 

Gaur egun politikaren hitza giza jokabidearen gidari izan behar duten printzipioen aurka doa, gizakiaren bizia eta duintasuna baitira politikaren oinarri eta helburu.

Nire hitzak ez du Mendebaldea bakarrik kritikatzen, kritikatzen du ere kultura arabiar bat dagoenekoz bilakatu dena hainbat fundamentalismoren lanabes eta errejimen despotikoaren bezala petrolio-errejimenen garbitzeko zapi ere.

Gaur esnatze moral bat behar dugu, gure arima berregituratuko duena, eta eragotzi egingo diguna geure begien aurrean gertatzen ari den masakre izugarriaren lekuko konplize izatea.

Gaur Siria da etikaren eta gizakiaren neurri nagusia eta berdin dira arbuiagarri herri siriarraren sufrikariori ezikusia egitea eta krimena legitimatzea.

[Artikulu hau jatorrizko arabiarrez سوريا كمقياس أخلاقي, Al-Quds Al-Arabi egunkariak plazaratu du 2016ko abuztuaren 23an. Orient XXI-ek frantsesez plazaratua, hartatik itzuli dugu euskarara].


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siriako gerra
2022-11-08 | Aitor Aspuru Saez
Abdulkarim Omar
"Herri kurduaren aurka erabili ditu Turkiak, NATOra batzeko Suediak eta Finlandiak egindako eskaerak"

Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari... [+]


AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu

Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


2021-02-07 | Aitor Aspuru Saez
Siriako kurduen erronka zaila
Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.


2020-07-22 | Mikel Eizagirre
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak

255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.


Eguneraketa berriak daude