EH Baik Frantziako Ekonomia ministroaren Senpereko bigarren etxebizitza okupatu du

  • Ekintza amaitu dute lortu dutenean hitzordua lotzea Bruno Le Maire ministroarekin uztail amaierarako, bigarren etxebizitzei aplikatzen zaien zergari buruz solasteko.

Etxebizitzen auzia salatzeko egin dute ekintza EH Baiko kideek. / Argazkia: EH Bai.

2022ko uztailaren 11n - 15:43
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astelehen goizean EH Baiko hamabost bat militantek ekintza egin dute Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroaren bigarren etxebizitzan, Senperen, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen arazoa ikusarazteko. Hain zuzen, ministroaren egoitza okupatu dute eskatzeko bigarren etxebizitzei jartzen zaien gehienezko zerga muga kentzea. EH Baik sare sozialetan zabaldu du ekintza: “Gain zergaren mugaren haustea irudikatzeko, militanteek teilak kendu dituzte ministroaren etxetik”, txiokatu dute. Hainbat afixa zabaldu dituzte teilatutik.

Azkenean, ekintza amaitu dute hasierako helburua erdietsi dutenean: Le Mairerekin hitz egin dute eta adostu dute bilkura bat egingo dutela uztailaren bukaera, auziari buruz mintzatzeko. Izan ere, Frantziako Gobernua 2023rako Finantza Legea egiten ari da, eta bertan erabaki dezakete bigarren etxebizitzek duten %60ko gehienezko gainzerga muga bertan behera uztea. Militanteek jakinarazi dute okupazioa utzi dutela baina “etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan” segiko dutela.

EH Baik gogorarazi duenez, gaur egun “tentsio pean dauden zonaldeko herriek” aplikatu dezakete bigarren egoitzen zerga hori (ez da Senpereren kasua). Ohartarazi dute Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %21 bigarren etxebizitzak direla (41.000 bat etxe). Zehaztu dutenez, zergetan bildutakoa erabili nahiko lukete EPFL Ipar Euskal Herriko Lurraren Erakunde Publikoak lurrak erosteko eta lurren kudeaketa publikoa laguntzeko diru-iturri gisa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!