Egurra, errautsa eta tipula

  • Makina bat lagun damutuko da. Garai bateko etxea berritu eta beheko su bajua, ekonomika, ogi-labea eta abar kendu izanaz urrikituta entzungo dugu bat baino gehiago. Egurrarekin eta ikatzarekin aurrera eta atzera ibili beharrik ez, ke usainak kanpora, kedar zikina uxa; garbitasunaren izenean sartu ziren suaren ordezko elektrizitatea eta gasa gure sukaldeetan. Porru-jorra ederra. Orain etorri dira hilero ehunka eurotan neurtzen diren porru-hazi ederrak. Makina bat damutu da, bai; ez dezagun, baina, zuhaitz eroria ezpalkatu.


2022ko abenduaren 22an - 11:25
Azken eguneraketa: 2022-12-23 06:45:36

Hala ere, negua berotzeko sutako egurra gero eta gehiago erabiltzen da; baita urte guztian ura berotzeko ere. Suak gero eta itxi, garbi eta eraginkorragoak dira, behekoak bezala ekonomikak. Etxearen kanpoaldean jartzen diren galdarak ere ugaritzen ari dira.

Hiru moldetako su egurra erabiltzen da. Galdara automatizatuak ezpalarekin edota peletarekin elikatzen dira. Eskuz elikatzen direnak eta su gehienak, su egurrarekin. Egurraren ordezko erregaiak ere hedatzen ari dira, fruituen hezurrak adibidez: gereziarena (Prunus avium), olibarena (Olea europaea), albertxikoarena (Prunus armeniaca), mertxikarena (Prunus persica)… Fruituen hezurrak ez ezik azalak ere erregai oso onak dira: hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia), arbendola (Prunus dulcis), pinazia (Pinus pinea) eta pistatxoa (Pistacia vera). Azken horiek biltzeko kraskagailuak koipeztatu beharko ditugu. Egurretarako, egurgintzan ari diren egurgile eta aizkolariak ugarituko dira. Gai horien prezioak etengabeko ikaragarrizko gorakadan bizi dira azkenaldian. Hasten ahal gara mendiari eta basoari beste era batera begiratzen!

Hezur, azal eta egur erretzean errautsa da sortzen den hondakin nagusia. Errautsak ez gaitu berotuko, baina lurreko bizia bai suspertuko du. Kaltzioa du osagai nagusia, kareak bezala, eta haren lanak ordezka ditzake. Era berean beste elikagai batzuk ere baditu: potasioa, fosforoa, magnesioa… Denak onak lurra ongarriztatzeko.

Egurraren hondarra lurrari bueltan emateko sasoiko lantxo bat: garai honetan tipula (Allium cepa) landatzen ari gara eta, errautsa eta urarekin prestatutako ore arin batean sustraiak bustiz gero, sustraien eta lurraren arteko ukitze azalera hazi egiten da eta landaretxoak errazago itsatsiko dira. Gero errautsak tipula elikatuko du. Eta gu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Marta Barba Gassó:
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Eguneraketa berriak daude