EAJren eta PSEren egungo eredua kolokan gera daiteke hauteskundeen ostean

  • Abiatu da Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako kanpaina ofiziala eta alderdiek botoa eskatu ahal izango dute hilaren 23ra arte. 25ean bozketa eguna izango da.


2016ko irailaren 09an - 13:24
Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako 2015eko aurrekontuak adosteko bilera batean. (Arg: EITB)

Hauteskunde hauetako bereizgarritasunik handiena Elkarrekin Ahal Duguren (EAD) parte hartzea izango da; joan den ekaineko Espainiako hauteskunde orokorretan indar hau atera zen nagusi EAEn. Orain arte argitaratuko inkesta guztiek, hala ere, EAJri ematen diote nagusitasun argia. Ez bide dago zalantza handirik horretan. Dudarik izatekotan bigarren postuan izango da, orain arte EH Bilduri ematen zaio leku hori, 17 parlamentariren bueltan ibilita, baina gertu du EAD.

Gaia eztabaidara onartu gabe ere, azkenean Arnaldo Otegiren inhabilitazioa berretsi du Espainiako Konstituzio Auzitegiak. Otegik, alabaina, EH Bilduren hautagaia bera izango dela berretsi du, koalizioaren oinarriek hala erabaki zutelako eta ez diolako Madrili ematen hori aldatzeko gaitasunik. Espainiako defizit demokratikoaren ezaugarri agerikoa da hau, nekez irudikatu litekeena Europako Batasuneko inongo herrialdetan. Ikusmina zegoen jakiteko nork ordezkatuko zuen Otegi eztabaidetan, eta ostiral honetan El Correo-k egin duenean Miren Larrion izan da.

Inkestetan, halaber, beherakada handia aurreikusten zaio PSE-EEri eta baten baino gehiagotan 8 eserlekuraino ere jaitsi daitekeela atera da (orain 16 ditu), besteak beste atera berri den CISekoan. PSEk bere historiako emaitza ahulenak izaten ari da azken hauteskundeetan, baina ez da jaisten ari inkestek iragarri beste.

PSEren emaitzen bueltan izango da hauteskunde hauen galdera ikur nagusietakoa, aurreikusitako emaitzekin EAJren eta PSEren botoek ez baitute emango gehiengo osorik (37 boto). Beste hirugarren indar bat ere beharko litzateke horretarako. Nekez izango dira makulu hori EH Bildu eta EAD, eta posibleago PP. Berez, EAJk gobernua eratu ahal izango luke PSEren sostenguarekin, baina legealdi honetakoa baino gobernu askoz ahulagoa litzateke, eta bestelako sostenguak ere beharko lituzke legealdian zehar. Popularrek baldintzak jarriko dizkiete horretarako jeltzaleei, besteak beste PP sostengatzea Espainiako Gobernua lotzeko. Hauteskundeen ondoren hasiko da partida hori.

EH Bildu eta EADren koalizio aukera ere hor dago, biek saltzen dute euren burua EAJren alternatibatzat, baina itxura guztien arabera oso ezusteko handia beharko litzateke zenbakiek horretarako eman dezaten. Oraindik, hala ere, bi asteko kanpaina da aurrez aurre eta inork ez daki zer gerta litekeen egun horietan. Erantzuna, 25 gauean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak
MAPA | Zer bozkatu dute zure bizilagunek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zure auzoan zer indar politikok irabazi duen jakiteko, mapa honetan aurkituko dituzu udalerrietako distritu eta sekzioen emaitzak.

[[hauteskundeak distrituak zabala 2024 A21 eusko-legebiltzarra]]


Eguneraketa berriak daude