Donostiako “zuhaitz mozketarik handiena” salatu du Haritzaldek

  • Haritzalde Naturzaleen Elkarteak azken hilabeteetan Donostian “inoizko zuhaitz mozketarik handiena” egin dela salatu du ohar baten bidez, udalak “justifikaziorik ez duena” aitzakiekin arrazoitu nahi izan duela adieraziz. Mozketak eten eta hiriko zuhaitzen ematen zaien tratamendua aldatzeko, “premiazkoa da zuhaitzen kudeaketaren inguruko Plan zuzendari baten erredakzioa” eskatu dute elkarteko kideek.

Artikulu hau CC BY-NC-ND 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko urtarrilaren 04an - 14:16
Argazkia: Haritzalde
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jarraian Haritzalde elkartearen adierazpena:

Azken asteotan ugariak izan dira Haritzalde Naturzaleen Elkartean zein komunikabideetan jasotako kexak eta kezkak, hirian ematen ari den zuhaitz mozketa kupidagabe eta bortitzaren aurrean. Taldearen hazia sortu zenetik, duela 27 urte luze, zalantzarik gabe, hirigunean burutu den zuhaitz mozketarik handiena da eta baliteke Donostiako historian eman den zabalena ere izatea. Gure ustez, edozein arrazoi jarrita ere, batere justifikaziorik ez duena, are gehiago, nagusiki udalaren urteetako kudeaketa okerraren ondorioz etorri denean. Aitzakiak? Kale diseinu arazoak, hautaturiko espeziearen egokitasuna, zaintza, geroko lanak, mantenua… Baina, aitzakiak aitzaki, gertatu da, masiboa eta orokorra, oso denbora laburrean gauzaturikoa gainera. Ikaragarria. Okerrena, ordea, jarraituko duela da, ez badugu gelditzen behintzat.

Udalak gerora emandako azalpenetan edo lan eremuan jarritako karteltxoetan mota guztietako zioak zeuden eta, horietako batzuk aipatu ahala, banan bana erantzuten saiatuko gara. Gaixotasuna eta erortzeko arriskua izan ohi da gogokoena. Behin baino gehiagotan guk ez dugu eritasun horren zantzurik aurkitu eta maiz zuhaitzaren gerokoa ez zegoen arrisku bizian, batzuetan hain subjektiboa den estetika kontua izanik. Eta arriskuak, ekidin behar dira agerikoak edota berehalakoak direnean soilik, bestela AEBetako George Bush presidente ohiak esandakoen mailara jaitsiko baikinateke. Izan ere, hark, basoko suteen arriskua ekiditeko, zuhaitzak moztu behar zirela esan baitzuen. Istripuak beti izango dira. Normala da ekidin edo gutxitu nahi izatea, baina zuhaitzekin jartzen den zorroztasun maila arlo guztietara eramanez gero, hiri erdia itxita beharko luke farolak direla, zuloak direla, hesiak direla, trafikoa, etxe zahar inguruak, mendi magal azpiak…

Beste batzuetan Hirigintzatik edo Obra eta Proiektu sailetik etorritako kaleen diseinu oker batetik omen datoz arazoak: txorko txikiak, txorkoen arteko distantzia eskasa edo lerrokatzerik gabekoa, etxeetatik edo errepidetik gertuegi kokatuak, farolen gainean jartzea, lurrazpiko azpiegiturak… Planoetan dena polita agertzen da, errealitatea askotan oso bestelakoa da eta hori ere udalaren ardura da. Diseinutik landaketa bidera osagai gehiago sartzen dira, horiek ere udalaren erantzunkizuna direnak: txorkoen lur kalitatea, tokirako aukeraturiko zuhaitz espeziea, aleen egoera fitosanitarioa, hau da, landareen osasuna eta nola iristen dira, landaketa garaia, lehen zaintzak… Geroko kudeaketa ere udalari dagokio, inausketa eta kimaketak, ongarriak behar izanez gero, osasunaren jarraipena eta inguruko obra eta lanen zaintza esaterako. Hortaz, egun hauetan mozketak justifikatzeko entzun diren aitzakien jatorrian guk erantzule bakarra eta garbia ikusten dugu, Donostiako Udala eta dagoen zuhaitzen kudeaketaren inguruko politika eta plangintza eza.

Orain arte aipatutakoari bizilagun batzuen kexak gehitu behar zaizkio, askotan interes pertsonalean eta presioan oinarriturikoak, baina eragina izan ohi dutenak teknikariengan, batez ere politikariengan. Horrela, inolako irizpide tekniko eta objektiborik gabe gehiegitan zuhaitz mozketak agintzen dira. Batzuetan, zinegotzien lagunen edo ezagunen itzala sumatzen da, hots, “klientelismoa”. Ez da guk asmaturikoa eta, tamalez, behin baino gehiagotan baieztatu ahal izan dugu udal langileengandik ahozko informazioa aurretik jasoz. Frogarik ez, ordea, eta salaketa publikoa alferrikakoa gertatu. Ez da, ez, samurra izango bizilagunen kexak luze pairatu behar izatea, baina ziur gaude beste arlo ugaritan ez dela horren erraz amore ematen. Adibide gisa trafikoaren zaratak eta keak edota ostalaritzak sortzen dituen bizikidetza arazoak aipa litezke.

Antza denez, Bide Publikoetako zinegotziak azken hiru urteotan 800 bat zuhaitz moztu dituztela aitortu omen du, baina moztutakoak gehiago dira. Hirigunean, kale eta plazetan soilik gehiago moztu dira obrak zirela, istripuak medio, landaturikoak huts egin dutela, edo bestelako arrazoiak tarteko (Alderdi Ederreko gabonetako noria jartzeko, esaterako, hiru tamarindo moztu dituzte). Horiei parkeetako hainbat eta herrigunetik kanpokoak gehitu behar zaizkio. Milaka izan dira guztira Eskuzaitzetan, Lourdes Txikin edo Metroko obraren baitan moztutakoak kontuan hartuz gero, eta batzuk, ez gutxi, enbor mardulekoak eta ehun urtetik gorakoak. Zoritxarrez, mozketa horien atzean ere Donostiako Udala dago. Miguel Angel Diezek esan omen zuen denbora tarte horretan 1.400 zuhaitz landatu dituztela, baina horietatik, zenbat atera dira aurrera? Alderatu nahi izango al dugu 8-10 zentimetroko diametroa duen ale gaztea, metro inguru edo hortik gorako diametroa duen zuhaitz helduarekin? Berdinak al dira 3-4 metroko garaierakoa eta 25-30 metrotakoa?

Eite handiko zuhaitzak, zuhaitz monumentalak, zuhaitz zaharrak, galtzen ari gara. Donostian pila desagertu dira arrazoi ezberdinengatik, baina udalak berak asko moztu edo horien mozketa baimendu du. Batzuetan kontserbatu nahi zituenak ere kontserbatzeko gauza ez da izan. Berioko arteak, Eusko Jaurlaritzak zuhaitz apartekoak izendatuta eta babestuta, bi ziren. Txikiena urbanizazioa egiten ari zirela “erori” zen. Bestea itota utzi zuten etxe artean eta duela urte batzuk obra-garabi batek jo egin zuen adar nagusietako bat hautsiz. Igara bidean, Ilarrako gurutzean lizar lirain eder bat zegoen. Geuk babesteko eskatu eta udala ados zegoela zirudien. Ilarrako urbanizazioarekin batera ehun urtetik gorako haritzak bota ziren eta aipaturiko lizarra babesteko agindua bazegoen ere, ondoan, metro gutxira, kamioiak garbitzeko bainuontzia ezarri zioten eta, hilabete gutxiren buruan, obra fasean bertan ihartu zen. Zumar zoragarriak genituen eta denak desagertu dira. “Boulevard zumardia” du izen, baina egun “platonondodia” edo “panpanodia” beharko luke, denak platonondoak, Platanus hispanica, baitira.

Esan gabe doa, hirietan, zuhaitzen garrantzia eta haien onurak aski ezagunak direla. Hala ere horietako batzuk gogora ekarri nahi genituzke lerrootara. Berotegi efektua eragiten dituzten gasak eta aireko kutsadura oro har xurgatzeko, eta gutxitzeko gauza dira, araztegi natural gisara funtzionatuz eta oxigeno eta aire garbiagoa eskainiz. Hezetasun eta tenperatura modulatu egiten dute, itzala eta babesa eskaintzen digute. Hiriko zaratatik babesten gaituzte eta asfalto zein porlanak erakusten duen gogortasun eta laztasuna leuntzeko gauza ere badira. Irudimen kolektiboan txertatuta daude eta estresaren aurkako botika merkeak dira. Osasuna ematen digute eta aldartea hobetzen digute. Gainera hiriko faunarentzat eta bisitarientzat gordeleku garrantzitsuak dira. Handi eta zaharrenak biotopo txikiak dira, biziaz beterikoak. Ederrak dira…

Horregatik guztiagatik, zuhaitz mozketak gelditu behar ditugu. Hemendik azalpen ofizialak jasotze aldera Zinegotziaren agerraldi publikoa eskatzen dugu. Alkateari berari, Eneko Goiari, honen inguruan zerbait esan beharko lukeela uste dugu. Bide horretatik hiriko historian inoiz egin den zuhaitz mozketarik handiena burutu zuen alkate gisa agertuko baitaiteke. Premiazkoa da zuhaitzen kudeaketaren inguruko Plan zuzendari baten erredakzioa. Horretarako, zein geroko kudeaketarako, parte hartzea bermatzea ezinbestekoa da, Ingurumen Kontseilu Sektoriala eta Ingurumen Saila, bederen, bertan daudelarik. Plangintza berria izan arte, zuhaitz mozketa gehiagorik ez!

Haritzalde Naturzaleen Elkartea

Albiste hau Donostiako Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Basabizitza
Bidaia bat hartzaren atzetik

Ekainak bost ditu gaur; udara atarian gaude eta giroak badaki. 15:00ak dira, sorbeltz saldoa aztoratuta dabil, udara beteko zeruan, kirrinka batean, eltxoak ehizatzen. Azpitik Ibaik erreparatu die sorbeltzei, eta tartean dauden enara azpizuriei; gorde ditu basozain arropak,... [+]


Auzo ibilbideak (II)
Egia: aldapa alai bat

Donostiako hirigunetik Urumeak banandua, nekazaritza eremu zabala zen Egia: Nabarrizene, Txurkoene, Mikelaene, Polloene...  70 baserri baino gehiago zeudela uste da. Trenbidearen etorrerak beste destino petral bat ekarri zien lur horiei, ordea: zerbitzuetarako eta... [+]


2025-08-01 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Bizkaiko Golkoa ia bi aldiz azkarrago ari da berotzen munduko batez bestekoa baino

Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]


2025-07-30 | Sukar Horia
Dominatzaile pobreak

Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


2025-07-28 | Jakoba Errekondo
Harroputzetik artaputzera

Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]


2025-07-28 | Garazi Zabaleta
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


2025-07-24 | Estitxu Eizagirre
Beste itzalaldi bat saihesteko eta negozio elektrikoa berpizteko dekretuari ezezkoa eman dio Espainiako Kongresuak

7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.


Eguneraketa berriak daude