Donostiako Kijera gaztetxeak "erresistentzia" prozesua abiatu du berehalako desalojoaren zain

  • Goizean Parte Zaharreko Kijera Gaztetxeko kideek eta hainbat eragile eta norbanakok helegiteak jarri dituzte Kanpandegi kaleko gaztetxearen desalojoaren aurka. Udaletxe parean eginiko agerraldian, Kijerako kideek jakinarazi dute polizia bihartik aurrera edozein unetan saiatu daitekeela eraikina husten, ez baitute uste Udalak herritarren helegiteei erantzun bat emango dienik ere: "Auzoa sistematikoki turismo enpresei saltzen dien udaletxe batek, etxebizitza alternatibak ilegalki desalojatzen dituen udaletxe batek, hitz egiteari beldur dion udaletxe batek ez digu inolako bermerik ematen".


2019ko urtarrilaren 02an - 14:41
Eragile sozial ugariren babesarekin, erresistentzia abiatuko dutela jakinarazi dute Kijera gaztetxeko kideek.

Izan ere, gaztetxeko kideek hainbat saiakera egin dituzte Udalarekin komunikazio kanal bat ireki eta adostasun puntu batera iristeko, baina Eneko Goia alkateak argi utzi zuen urrian euren asmoa eraikinaren jabetza berreskuratzea dela. Gauzak horrela, abenduaren 26an udaltzainek jakinarazi zieten Kijerako kideei gaztetxea desalojatzeko urgentziazko prozedura administratiboa aktibatu zela.

Gaztetxetik nabarmendu dute "prozedura hau martxan jartzeak ez duela inolako zentzurik, hamabi urtez eraikina hutsik egon ostean, egun ere ez baitago inongo proiektu sendorik eraikinerako". Gainera, salatu dute prozedura urgentziazkoa izateak eta horren bitartez epeak murrizteak ez duela inolako justifikaziorik.

Herritar eta eragileek helegiteak sinatu eta udalean aurkeztu dituzte agerraldiaren ostean. (Argazkia: Irutxuloko Hitza / Iñaki Agirre)

Bestalde, udalaren "jarrera bortitz hauen aurrean gure aukerarik onena borrokan jarraitzea dela" adierazi dute, eta horregatik, euren esku dauden "baliabide guztiekin, elkartasuna saretuz eta erresistentzia antolatuz", desalojoa eteteko asmo irmoa agertu dute. Horretarako, ostegunetik aurrera "erresistentzia txandak" egingo dituzte eraikinean, eta edozein modutara gaztetxearen defentsan laguntzeko prest dagoen edonori Kanpandegi kalera gerturatzeko gonbidapena zabaldu diote.

Era berean, urtarrilaren 4an 19:00etan Konstituzio plazatik abiatuta Kijera Gaztetxearen alde egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

 

Albiste hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kijera gaztetxea
Udalak Kijera gaztetxea itxi duela salatu dute Parte Zaharreko eragileek: "Ez du bere hitza bete"

Parte Zaharreko hamabost eragiletako kideek agerraldi bat egin zuten larunbatean, Konstituzio plazan, Kijera gaztetxearen egoeraren berri emateko. Hor salatu zutenaren arabera, udalak auzoko lan mahaiari emandako hitza apurtu eta Kaialde eraikina itxi du, azken hilabeteetan... [+]


Kijera gaztetxea: Urtebetez Donostiako Alde Zaharra berpizten

Igandean Iñaki Kijera omendu zuten bere hilketaren 40. urteurrenean, eta astelehenean urte bat bete du honen abizena daraman gaztetxeak.


Donostiako gaztetxeek botako dute Aste Nagusi Piratako txupinazoa

Letaman (Intxaurrondo), Txantxarreka (Antigua), Kijera (Alde Zaharra) eta Añorgako gaztetxeek irudikatuko dute aurtengo Matti pertsonaia.


Donostiako Kijera gaztetxearen alde, haur eta gurasoak ere protestan

Haurguneko erabiltzaileak kalera atera dira asteazken arratsaldean, Alde Zaharreko gaztetxearen defentsan. Gurasoek aditzera eman dute gaztetxea dela auzoan haurrekin denbora pasatzeko leku ia bakarra.


Donostiako Kijera Gaztetxeko Haurguneak iritzi publikoari

Donostiako Parte Zaharreko Kijera Gaztetxeko Haurguneko eragile eta erabiltzaile modura, Udaletxeak Kijera Gaztetxea desalojatzeko hartu berri duen erabakiaren kontra, zera adierazi nahi diogu auzoari, Donostiari eta iritzi publikoari oro har:


Eguneraketa berriak daude