Donostiako Kijera Gaztetxeko Haurguneak iritzi publikoari

  • Donostiako Parte Zaharreko Kijera Gaztetxeko Haurguneko eragile eta erabiltzaile modura, Udaletxeak Kijera Gaztetxea desalojatzeko hartu berri duen erabakiaren kontra, zera adierazi nahi diogu auzoari, Donostiari eta iritzi publikoari oro har:


2019ko urtarrilaren 11n - 08:51
Dozenaka haur eta gurasok erabiltzen dute Donostiak Kijera Gaztetxeko Haurgunea.

Azken urteetan, gure auzoa eraldapen prozesu bortitza jasaten ari da, batik bat, espekulazio inmobiliarioak eta turismora begirako auzoaren esplotazio orokorrak ekarri duen gentrifikazio prozesuaren ondorioz. Horren eraginez, auzoa erabateko “parke tematikoan” bilakatzen ari da, turistek bilatzen duten benetakotasun hori bera galduaraziz, eta beti ere, bertako eguneroko auzo-bizitza eta elkar-bizitza galaraziz.

Turismora eta kontsumora begirako auzoaren eraldapen honek eraginik ere badu Parte Zaharreko haur, gazte eta zaharren beharretara egokitu eta zuzendutako espazioen eskasian -ezinbestekoak direnak auzo bizi baterako. Biztanlegoaren segmentu gazteenari dagokionean, Parte Zaharrean ez da, beste auzuneetan badiren bezala, ez haurgunerik, ez gaztelekurik ez eta kultur-etxerik. Bertako haur eta gazteek ez dute haientzat egokitutako espaziorik, ez eta egun euritsu eta hotzenetarako aterperik ere. Biztanle kopurua kontutan hartuz, biztanleko metro karratuetan jolastoki gutxien duen auzoa ere bada Parte Zaharra.

Bertako biztanleei zuzendutako espazio eta ekipamendu gabeziak nabarmenak izanik, auzoko gazte askoren ekimenez 11 urtez hutsik egon den Kanpandegi Kaleko Kaialde eraikina birgaitu da 2018ko irailaz gero. Kijera Gaztetxea, hala deitua izan dena, beti ere, elkar-heziketan oinarritutako aisialdirako eta kultur ekimenetara zuzendutako espazio modura aurkeztu da eta auzoko kolektibo ezberdinen beharrizanei irekita egon da. Elkarbizitzarekiko sentikor, jarrera irekia erakutsi dute, jende ezberdin asko bertara erakarriz. Errespetuzko jarduerak eta ordutegiak gauzatu dituzte, beranduenik ere gaueko 23:00etarako Gaztetxea itxiz. Elkarbizitza eta autogestioa oinarri harturik, sare zabal bat eratu dute lau hilabete eskasetan. Besteak beste, liburutegia, sukaldea, frontoia, brikolaje tailerra, bilera gelak, aisialdi-gunea, haur-gunea eta erabilera anitzeko espazio bat gaitu dituzte bertan. Eta denbora tarte txiki honetan makina bat ekintza antolatu dituzte: bertso eskola, zineforuma, konferentziak, topaketak, arte sormeneko jarduerak, josketa tailerra, xaboi tailerra, dantza, antzerki eta zirkuko saioak, eta abar.

Gaztetxea auzoko haurrek dituzten gabezia eta beharren aurrean ere sentikorra izan da, eta horiek bete nahiean, lekua eskaini zaie txikienei. Hala, zenbait guraso Haurgune bat egokitzeko lanetan hasi gara orain dela hiru hilabete eta erdi.

Haurgunearen egokitzapenean lehentasuna segurtasunak izan duela adierazi nahi dugu. Gazteek eraikuntzaren segurtasun neurri orokorrak hartuak dituzte, zenbait arkitektoren bisitak jasoz. Elektrizistek, iturginek, igeltseroek, arotzek eta beste hainbat profesionalek ere era altruistan lagundu dute espazioaren egokitzapenean. Honez gain, Haurgunean bestelako neurri zehatzak ere hartu dira, espazio horiek txiki txikienentzat ere egokituz: entxufe-babeslekuak ipini dira, leiho eta balkoietako irteerak segurtatu, gainontzeko espazioetarako sarrerak itxi, eta abar.

Eraikuntza honen aurreko erabilera Orixe Ikastolarena izatea ere lagungarria izan da, eraikina jada haurren beharrizanei egokitua dagoelako (besteak beste, sarrerak, espazioak eta komunak haurrei egokituak daude). Eta behin segurtasun neurriak hartuta, Haurgunea txukundu, apaindu eta material ezberdinekin hornitu da.

Haurguneak bi eremu bereiztu ditu:

Haurtxokoa (60 metro koadrokoa): eskulanetarako, joko sinbolikorako, arte sormenerako, mahai jokoetarako, eraikuntzetarako eta abar egokitutako espazioa, honako txoko hauez hornitua: sukalde txokoa, antzerki txokoa, deskantsurakoa, liburutegia, psikomotrizitate finerako txokoa, eskulan txokoa, mahai joko txokoa.

 

Mugimendurako gela (128 metro koadrokoa): jarduera fisikoagoetarako eta psikomotrizitatea lantzeko egokitutako espazioa da. Haurrek beren gorputza erabiliz oinarrizko mugimenduak garatu eta adierazteko lekua da hau: korrika egiteko, gauzak lekuz aldatzeko, salto egiteko, dantzatzeko... haien garapenerako oinarrizko beharrak direnak. Espazio handia izanik, erabilera anitzeko espazio modura funtzionatzen du honek Gaztetxean.

 

Komuna: haurrentzat egokitutako komuna eta txikienentzako aldagela. Hilabete eta erdiko lanen ondoren, Haurgunea azaroaren 27an ireki da. Orduz geroz, lanegunetan arratsaldez ireki dugu egunero, 16:45etatik 19:00tara bitartean 0-8 urte bitarteko haurrentzat eta haien guraso edota arduradunentzat. Egun euritsuetan 50 bat haur etor daitezke beraien guraso eta arduradunekin batera. 40 gurasotik gora gabiltza haurguneko irekiera, itxiera eta garbiketa txandak betetzen. Eta erabiltzaile orok badaki norbera dela bertan gerta daitekeenaren erantzulea.

Haurgunea ireki denez geroz hainbat jarduera egin dira. Guztiak, hezkuntza ez formal modura, elkar-hezkuntzatik bultzatuak, berrerabilpena sustatuz, beti ere ingurumena errespetatuz, genero berdintasuna landuz, eta besteak beste, lanketa koopertiboa eginaz, psikomotrizitatea ahalbideratuz, arte eta sormen prozesuak garatuz, eta autogestioa eta autonomia sustatuz. Guztiak ere geure seme-alaben garapen oso baterako ezinbesteko jardueratzat eta baliotzat ditugunak.

 

Haurguneko erabiltzaileak Urgulera ere irten gara, bertako material naturala probestuz artelanak sortzeko, materialak birziklatuz pintura tailerrak antolatu ditugu, gabonetako apaingarriak gauzatu berrerabilitako gailuekin, “Gau Beltzean” kalabazak prestatu, Maridomingi kolorez jantzi... eta ipuin kontalariak ere izan ditugu. Eta datozen asteetarako pailazo, mago, musika, dantza eta mugimendua lantzeko jarduerak dauzkagu aurreikusita. Guzti hauetan euskara erabili dugu transmisio hizkuntza lez.

Jarduerak era irekian zabaldu dira, nahi zuen orori leku eginez. Guztiak ere era ez lukratiboan eta bolondreski gauzatutako ekintzak izan dira. Eta zera azpimarratu nahi da, beti ere bertako guraso eta arduradunak direla bertan gertatzen denaren erantzuleak.

Haurgunea jolaserako, sormenerako eta psikomotrizitaterako aterpe bat izateaz gain jatorri, ideologia eta adin ezberdindunen bilgunea ere bada, saregintzarako lekua, elkar-lana eta autogestioa sustatzeko hazitokia, non elkar-hezkuntza bat sustatzen den haur, gazte eta helduen artean. Gaztetxeko beste erabiltzaileekin elkarbizitzan, generazio arteko hartu-emana errealitatea da hemen. Bide honetan, gure hurrengo urratsa eraikinaren azpian dagoen zahar etxeko kide eta erabiltzaileei jarduerak haurrekin era bateratu batean egitea zen, eta erabilera anitzeko gela handia ere beraiek haien tailer edo ekimenetarako erabiltzeko irekiak zeudela helarazi ere.

Balio guzti horien gainetik, agian, behar bezala kontenplatu gabe geratu direlako, Udaletxeak Gaztetxea desalojatzeko ebazpena hartu du. Eta dirudienez, bertan haurrekin jarduerak egin direlako desalojorako larrialdiko prozedura ezarri du. Haurgunea ezagutu gabe eta bertako eragileekin harremanetan jarri gabe, Udalaren aldebakarreko erabaki hau ez zaigu bidezkoa iruditzen.

Halako ardura eta azkartasuna nahiko genituzke, ordea, haurrek auzoan dituzten bestelako arrisku errealen aurrean: haurren eskola irekiera orduetan Parte Zaharreko kaleetan abiada bizian dabiltzan banaketa garraioek suposatzen duten arriskuen aurrean, larrialdi egoeretan anbulantziei kale askotara iristea eragozten dieten terraza mobiliarioak eta toldo ilegalak galarazteko orduan, festen ondotik geratzen diren beira zatiak eta bestelako hondakinen kudeaketa on bat egiteko orduan, eta abar.

Haurgunean halako arriskurik ez dela eta larrialdiko desalojo prozedurak zentzurik ez duela iruditu arren, Gaztetxearen kaleratze bortitz bat nahi ez dugunez, behin behinean Haurguneko jarduerak etetea erabaki dugu. Debekuak jarraitzen duen bitartean, baina, haurrekin jarduerak Udaletxe parean egitera behartuak sentitzen gara. Izan ere, Kijera Gaztetxea desalojatzeko erabakiak berriz ere kale gorrian uzten gaitu, Gaztetxerik gabe eta Haurgunerik gabe.

 

Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Bestetik, okupazio prozesuan Gaztetxeko kideek Udaletxearekin hitz egiteko nahia, elkarrizketarako prestutasuna eta bilkura baterako deia adierazi zioten, eta orain arte erantzunik ez dute jaso. Udalaren aldebakarreko ebazpenaren ondotik, gaztetxea defendatzeko erresistentzia ez bortitz batean jardungo direla adierazi dute gazteek, eta haien ekarpenak balioztatuz, auzotarren babes handia dute beren alde. Hauek biolentzia bidez kaleratzea zentzugabea eta larria litzateke auzotar asko eta askorentzat. Sortutako egoeraren aurrean, zera eskatzen diogu, beraz, Udaletxeari:

1. Gaztetxearen itxiera suposatuko zukeen eraikinaren berreskuratze prozedura etetea eta espedientearen itxiera. Auzoko eragile eta erabiltzaile askok adierazi dute Gaztetxeak auzoarentzat ezinbestekoa den hezkidetza bilgunea suposatzen duela, eta hori ere aintzat hartzea eskatzen da.

2. Gaztetxeko kideei eraikina aisialdira begirako joera hezitzaile eta kultural batekin jarduten jarraitzeko baimena ahalbideratzea.

3. Haurguneari dagozkion gaiak lantzeko eta informazio zuzena helarazteko bilera bat, zein jada bide ofizialetatik eskatu degun. Jada adieraziak ditugu halako espazio baten beharrizana badagoela auzoan. Baina espazio fisiko bat izateko behar materialetik harago eginaz, garrantzitsua zera da, leku hori amets izatetik egia izaterako bidean jardun dugula, eremu hori sortu, bizi eta sentitu egin dugula, eta honenbestez, aurrera egiteko kapaz garela. Ez diogu uko egingo ezinbestekoak iruditzen zaizkigun halako elkar-hezkuntza, autonomia eta hezkidetza moduei eta espazioei.

Auzoa bizirik nahi dugulako, Gaztetxea aurrera!

* Kijera Gaztetxeko Haurguneko eragile eta erabiltzaileak

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Berangoko Otxantegi Herri Lurrak bigarren urteurrena ospatuko du, desalojo mehatxua gainean duela

Apirilaren 13an Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatuko dute. Apirilaren 18an ordea bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean.


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


2024-01-19 | Gedar
Euskal Herrian izan den apostasia kolektiborik handiena ari dira egiten Zestoako Gaztetxearen alde

Gipuzkoan, 700 apostasia eskaera baino gehiago lortu dituzte Zestoako Gazte Asanbladak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak. Bihar protesta bat egingo dute Donostiako Artzain Ona katedralean, aurrera baitoa Gaztetxearen kontrako prozedura: hilaren 24an... [+]


2023-12-18 | Garazi Zabaleta
Otxantegi Herri Lurrak
Lurra negozioa egiteko ala elikadura eta bizitza duinerako?

Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe... [+]


Eguneraketa berriak daude