Donostiako Infernua hustu dute, 50 bat pertsona kale gorrian utziz

  • Asteazkenean jakinarazi zieten Infernuko kideei ostegunean hustuko zutela eraikina. Ertzaintzak ostegun goizean ekin dio desalojoari. 50 bat pertsona etxerik eta aterperik gabe geratu dira hustearen ondorioz, Irutxuloko Hitzak informatu duenez.

Dozenaka pertsona kaleratu ditu Ertzaintzak Infernuko eraikinetatik. (Dani Blanco)

2020ko azaroaren 5ean - 09:21
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteazken arratsaldean Infernua Bizirik-ek sare sozialen bidez jakinarazi zuenez, filtrazioen arabera arratsalde horretan ekingo zioten Infernua desalojatzeari. Mezuarekin batera dei egin zioten jendeari, elkartasuna adieraztera gerturatu zedin. Hala egin zuen hainbatek, harik eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kanporatu zituzten arte. Irutxuloko Hitzak jaso zuenez, ertzainek adierazi zieten "kaleak garbitzera" gerturatu zirela. Hala informatu zuen bertatik jarraipena egiten zebilen Irati Salsamendik:

Hustea ostegun goizean, epailea aginduarekin hurbildu ostean, gauzatuko zela jakinarazi zieten ertzainek. Esandakoari segi, goizean goizetik ekin dio husteari Ertzaintzak. Polizien arabera, hiru pabiloi hustera bertaratu dira. Infernua Bizirikek adierazi duenez, huste-agindurik ez dute erakutsi.

Hainbat herritar bertaratu dira bertan bizi direnei elkartasuna adieraztera, baina ertzainek ez diete utzi auzuneko sarbidea igarotzen. Eguerdirako kanporatu dituzte bizilagun guztiak.

Infernua Donostiako Antiguo auzoan dago, hiriaren kanpoaldean. Hainbat urtez hutsik egondako eraikinetan hartu dute orain arte aterpe dozenaka etxegabek. Donostiako Udalak, baina, bestelako erabilera eman nahi dio espazioari: Infernua dagoen tokian eraiki nahi ditu 540 etxebizitza. Alabaina, udalak adierazi du zerikusirik ez duela huste aginduarekin, eta "etxebizitza pribatu batzuen etxegabetze agindua da, jabeek hala eskatuta".

SOS Arrazakeriakek azpimarratu duenez, pandemia egoera betean baliabiderik ez duen jendea aterperik gabe uzteak bazterkeria egoerak areagotu egiten du.

Udaletxe aurrean

SOS Arrazakeriak deitu du Donostiako Udaletxe aurrean, Alderdi Eder eta Ijentea kaleen artean, Infernuaren hustutzea salatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Okupazioa
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!