Desobedientziagatik auzipetutako seiak Katalunian epaituko dituzte

  • Prozesu subirano zalearen aurkako epaiketa “arintzeko” banatu du kausa Auzitegi Gorenak. Defentsen argudioak baztertuta, Gorenak berretsi du berari dagokiola matxinadagatik auzipetutakoak epaitzea.


2018ko abenduaren 28an - 10:36

“Banaezina” da Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzi judiziala. Manuel Marchena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, makroepaiketaren epaimahaiko presidenteak, horixe adierazi zuen auto batean, atzo. Halere, eta epaiketa “arintzeko” helburuarekin, desobedientziagatik auzipetutako seien kontrako epaiketa Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku uztea deliberatu du. Lluis Guino, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide kargugabetuak eta Mireia Boya CUPeko diputatu zena dira sei auzipetu horiek. Haientzat isun ekonomikoak eta 16-20 hilabete arteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskaltzak.

Prozesu subiranistaren harira matxinadagatik edo diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, edo biengatik, auzipetuta dauden hamabi buruzagi politikoen defentsek ere eskatu zuten beren bezeroek Katalunian epaituak izan behar zutela, iritzita, besteak beste, egozten zaizkien ustezko delituak Katalunian egin zituztela, forudunak zirela, eta ez dagokiola Gorenari horiek epaitzea. Baina Marchenak erantzun die ustezko delituak Kataluniako mugak gainditzen dituela —epaimahaiak aho batez hartu du erabakia—, eta aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren eraginak handik kanpo zabaldu direla. Beraz, eta espero bezala, Gorenak epaituko ditu Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras. Horiei zazpi eta 25 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaietela eskatzen du fiskaltzak.

Gorenak atzo kaleratutako autoari ezingo diote helegiterik jarri. Defentsek hamar egun dituzte idazkiak aurkezteko —absoluzioa eskatzekotan dira—, eta alde guztiek frogak eskatu ahal izango dituzte. Gorenak ondoren erabakiko du horiek onartuko dituen ala ez, eta epaiketa noiz abiatuko duen jakinaraziko du –urtarril amaieran da hastekoa–.

 

Desobedientziagatik auzipetutakoen kausa Kataluniara eramateko, 'eraginkortasun arrazoiak' argudiatu ditu Gorenak, 'lotuta daudenak aurreikus daitekeen epaiketaren iraupenarekin eta konplexutasunarekin'. Irizpide aldaketa azaltzean, ordea, ez dio auziaren funts juridikoari heldu

Desobedientziagatik auzipetutakoen kausa Kataluniara eramateko, “eraginkortasun arrazoiak” argudiatu ditu Gorenak, “lotuta daudenak aurreikus daitekeen epaiketaren iraupenarekin eta konplexutasunarekin”. Irizpide aldaketa azaltzean, ordea, ez dio auziaren funts juridikoari heldu.

Matxinadagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetuta daudenei dagokienez, autoak dio “sistema konstituzionalak” ez duela aitortzen «etxetik gertu epaituak izateko eskubiderik». Bestalde, epaiketa aldibereko itzulpen sistema baten bidez egitea eskatu dute defentsek, auzipetuek katalanez mintzatzeko aukera eduki dezaten. Marchena magistratuak –hark idatzi du autoa– “irekita” utzi du aukera hori, eta eskaera horren inguruan xehetasun gehiago eskatu dizkie abokatuei. «Bat-batean» jasotako eskaera hori kritikatu du, ordea, nabarmenduz, horri dagokionez, prozesuak iraun duen «denbora luzean» akusatuek ez dutela «babesgabetasun kexarik» azaldu.

“Barren huste legitimoak”

Gorenak akusatuen eskubideak urratzen zituela argudiatu zuten defentsek joan den abenduaren 18an, epaiketaren aurretik egindako saioan. Andreu Van den Eynde Junquerasen eta Romevaren abokatuak orduan nabarmendu zuenez, adibidez, auzipetuak “politikariak dira politika egiten”. Eta Boyaren abokatu Carlos Lopezek salatu zuen, berriz, “estatu arrazoi bat” dagoela buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren atzean: “Ez dago arrazoi juridikorik gertakariak epaituak izan daitezen”. Horren guztiaren harira, Marchenarentzat “barren huste legitimoak” dira abokatuenak, baina ez dute “inongo argudioen bermerik”.

Albiste hau Berria-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude