Desobedientzia olatu berri baterako ari dira antolatzen Katalunian

  • Buruzagi independentisten aurkako sententzia ezagutzear dela, desobedientzia eta herritarren aktibazioa berreskuratzea helburu duten hainbat ekintza iragarri dituzte Katalunian. Bada errepikatzen diren zenbait ideia: alderdikeriari kritika, batasuna eta ilusioa berreskuratu beharra, eta herritarren konpromisoa izatea oinarria.


2019ko irailaren 25an - 11:14
Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenen aurkako mobilizazioa, Bartzelonan.

Urriaren lehendabiziko hamabostaldirako aurreikusten da Kataluniako independentismoaren buruzagi politiko nagusien aurkako auziaren ebazpena. Espainiako Auzitegi Gorenak zigor gogorrak ezarriko dituela uste da Katalunian. Sententziaren aurrean piztu beharreko erantzuna, 2017ko urriaz geroztik independentismoak galduta duen pultsua berreskuratzeko hil ala biziko zita bezala bizi dute askok. Etsipenak, alderdikeriak, zatiketak eta noraez taktiko eta estrategikoak ezaugarritzen duen ziklo politikoa itxi eta berri bat irekitzeko abagunea.

Hamaika ekimen, Tsunami Democrátic buru

Irailean, hiru ekimen berri jakinarazi dira. Hirurek egiten dute desobedientziaren aldarrikapen irmoa. Pícnic per la Repúblic irailaren 11n aurkeztu zen: "Ekimen herritar bat aurkezten dizuegu, piknik aldarrikatzaile bat ospatzeko. Dakizuenez, piknikak taldean ospatzen dira, lurrean eserita eta janaria duen saskia ondoan, orduak emateko moduan. Edo egunak”. Egun batzuk beranduago Ens Plantem eman zen ezagutzera. “Ens Plantemek mobilizazio masibo eta iraunkorrera deitzen du, herrialdea gelditzeko eta Espainiako Estatua negoziatzera behartzeko”, dio bere aurkezpen testuan. ElNacional.cat egunkari digitalaren arabera, Ens Plantem plataformaren helburua urri amaierarako kanpaldi iraunkorra antolatzea da, ekonomiari eta bereziki IBEX 35ari eragin asmoz. Bartzelonako erdigunean 10.000 pertsonatik gora bildu nahiko lituzkete. Ez dagoena argi ekimen hauen sendotasuna da. Biek sare sozialetan eta interneten baino ez dute jarduera, momentuz. Ens Plantem plataformak bere burua aurkezteko agerraldi publikoa iragarri zuen, baina bertan behera geratu zen.

Tsunami Democrátic irailaren 2an aurkeztu zen. Hiruen artetik gihar, sare eta konplizitate handienak dituena bera dela dirudi. Genevan erbesteratuak eta independentismoaren indar politiko eta sozial guztiak aspaldiko partez batu ziren asteburu batez, eta hurrengo egunean aurkeztu zen ekimean. Ordu gutxira, horien guztien babes publikoa zuen. Gainera, kalean presentzia izaten ari da Katalunia osoan: kartelak hormetan, IBEX 35eko enpresen aurkako ekintzak, pankarta erraldoiak toki esanguratsuetan, bideo eta komunikatu berriak sare sozialetan... Ematen du sententziari erantzuna emateko katalizadore nagusia izango dela.

 

 

 

 

Ilusioa berreskuratu nahian

Hizkera zuzena darabil Tsunamic Democráticek. Erronka kutsua dario, eta tonu epiko apala. Urriaren 1eko izpiritura bueltatzeaz hitz egiten du, irmotasuna eta zabaltasuna uztartzeaz. Galdutako ilusioa eta sinesgarritasuna berreskuratzeko ahalegina antzematen zaio, hor du ziurrenik deslotu beharreko korapilo nagusia: “Tsunamic Democrátic-en helburuak handinahiak dira oso, baina jendetza bat zailtasunik gabe ados jartzen duten berberak dira: eskubideak, askatasunak, autodeterminazioa”, dio bere bigarren komunikatuan.

“Ezin dugu besterik gabeonartu sententzia gogorra izango dela”, dio adierazpenak: “Edo absoluzioa, edo erantzun herritarra”. Baina bere xedeak urrunago ere kokatzen ditu Tsunamicek: “Ez du bakarrik Auzitegi Gorenaren edo beste edozein auzitegiren sententziari erreakzioa izan nahi. Boterea duen eta askatasunak eta eskubideak debekatu, mugatu eta murrizten dituen gutxiengoari gogorarazi nahi dio: ‘Zuek goian zaudete, baina gu leku guztietan’”. Herritarrengan jartzen du fokua: “Leku guztietan gaudenak interpelatzen gaitu. Iniziatiba hartzera gonbidatzen gaitu".

Borrokarako erremintak zehazten ditu Tsunamicek: “Ez-biolentoak eta kementsuak aldi berean, eutsi egiten diogu eta amarru errepresiboari buelta ematen diogu desobedientzia zibilaren bitartez (…) Jarraikitasuna, erabakitasuna, koherentzia”. Zabaldu duen azken mezuan, hainbat galdera-erantzun luzatzen ditu: "Nola? txioekin eta pankartekin seguru ezetz. Desobedientzia zibil masiboa praktikatuz. Zer? Seguru sumatzen duzula zergatik ezin dizugun oraindik azaldu. Noiz? Momentuz, azaldu ezazu Tsunami D izango dela erantzuna. Dena prest dugu. Irten eta jarraian kontsultatu gure kanalak. Azkar mugitu beharko duzu".

Ziklo berria jokoan

Kataluniarentzako egun erabakigarriak datoz. Horiei neurrian heltzeko proposamenak badira, eta desobedientziari paper garrantzitsua aitortzen zaio horietan. Bada giharrik, bururik eta bihotzik, txakalaldia luzea izanagatik –txakalaldia, 2017ko langa ikusgarria neurritzat hartuta: nahiko genuke Euskal Herrian tamainako ‘ezintasunik’–.

Baina erronka ez da makala, eta ez litzateke lehen aldia, erreferendumaz geroztik, itxura oneko ekimen bat edo aukera ustez apropos bat bidean galtzen dena. Independentismoaren barne tentsio eta zatiketak hor jarraitzen dute, eta estatuak erakutsia noraino iristeko gai den. Ziklo berri batera igaro ahal izateko, arazo horiei guztiei gaina hartu beharko diete katalanek. Luze gabe jakingo dugu lortzen duten edo ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude