Turullek ez du nahikoa babes lortu eta CUPek amaitutzat jo du prozesu independentista

  • JxCat eta ERCren hautagaiak ez du gehiengoa lortu atzoko Kataluniako Parlamentuan president izendatzeko. Talde unionistek blokean kontra bozkatu dute eta CUP erakunde antikapitalistaren lau diputatuek abstentziora jo dute, "autonomismoa babestera" ez direlako Parlamentura joan esanez.


2018ko martxoaren 23an - 08:40
Argazkia: Adrià Costa - Nació Digital

Hala, JxCat eta ERCren hautagaiak jasotako aldeko 64 bozak ez dira nahikoa izan lehen itzulian gehiengo osoz hautatua izateko eta bigarrengoan, aurreikuspen guztien arabera ere kontrako boto gehiago izango ditu aldekoak baino.

CUPek Turullen inbestidurari ezetz esan dio, eta gainera, prozesu independentistan mugarri gisa izendatu du atzo gertatutakoa: "Politika autonomistaren konplizeak izateko eskatzen badigute, guk ezin dugu hori erosi. Nahi dugun Errepublika soilik posible da Espainiako Estatutik kanpo. Kalkulu, indezisio eta atzerapenei ezetz esateko ordua da". Bere esanetan estatuak "ekintza politikoa baldintzatu" nahi du justiziaren bidez eta "hori ezin dugu onartu".

Hala, martxoaren 3an hartutako erabakiarekiko irmo segitzen du eta ERC eta JxCat-ek "errepublika eraikitzeko bidean" eta neurri sozialak hartu ezean ez du babestuko haien hautagairik: "Berriz diogu, ez da zein, baizik eta zer. Errepublika eraikintzera etorri gara", adierazi dute. Are gehiago, prozesuaren zikloa eta berau posible egin duten aliantzak bukatutzat jo ditu Carles Riesa eledunak eta ohartarazi du: "Oposiziora pasako gara apal-apal, Estatuari eta haren diktadurari aurre egiteko, baina baita autonomia eta autonomismoari ere".

Nolanahi ere, ERCk eta JxCatek Turullek hautagaitzari eutsi diote: "Nahiago dut injustizia baten biktima izan, makurtzea baino", esan du plenoaren hasierako hitzaldian. Bozketa eginez gero, presidente bat izendatzeko epea hasiko luke parlamentuak, eta alderdi independentistak hautagaiaren inguruan baino gobernu programaz ados jartzen ez badira –CUPek eskatu moduan–, bi hilabeteren buruan berriz hauteskundeak izateko aukera are gehiago zabalduko litzateke.

Carme Forcadell, Marta Rovira eta Dolors Bassak haien parlamentari karguari uko egin diote. Gaur, Josep Turull eta Raul Romevarekin batera, Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude