JxCat eta ERCren hautagaiak ez du gehiengoa lortu atzoko Kataluniako Parlamentuan president izendatzeko. Talde unionistek blokean kontra bozkatu dute eta CUP erakunde antikapitalistaren lau diputatuek abstentziora jo dute, "autonomismoa babestera" ez direlako Parlamentura joan esanez.
Hala, JxCat eta ERCren hautagaiak jasotako aldeko 64 bozak ez dira nahikoa izan lehen itzulian gehiengo osoz hautatua izateko eta bigarrengoan, aurreikuspen guztien arabera ere kontrako boto gehiago izango ditu aldekoak baino.
CUPek Turullen inbestidurari ezetz esan dio, eta gainera, prozesu independentistan mugarri gisa izendatu du atzo gertatutakoa: "Politika autonomistaren konplizeak izateko eskatzen badigute, guk ezin dugu hori erosi. Nahi dugun Errepublika soilik posible da Espainiako Estatutik kanpo. Kalkulu, indezisio eta atzerapenei ezetz esateko ordua da". Bere esanetan estatuak "ekintza politikoa baldintzatu" nahi du justiziaren bidez eta "hori ezin dugu onartu".
Hala, martxoaren 3an hartutako erabakiarekiko irmo segitzen du eta ERC eta JxCat-ek "errepublika eraikitzeko bidean" eta neurri sozialak hartu ezean ez du babestuko haien hautagairik: "Berriz diogu, ez da zein, baizik eta zer. Errepublika eraikintzera etorri gara", adierazi dute. Are gehiago, prozesuaren zikloa eta berau posible egin duten aliantzak bukatutzat jo ditu Carles Riesa eledunak eta ohartarazi du: "Oposiziora pasako gara apal-apal, Estatuari eta haren diktadurari aurre egiteko, baina baita autonomia eta autonomismoari ere".
Nolanahi ere, ERCk eta JxCatek Turullek hautagaitzari eutsi diote: "Nahiago dut injustizia baten biktima izan, makurtzea baino", esan du plenoaren hasierako hitzaldian. Bozketa eginez gero, presidente bat izendatzeko epea hasiko luke parlamentuak, eta alderdi independentistak hautagaiaren inguruan baino gobernu programaz ados jartzen ez badira –CUPek eskatu moduan–, bi hilabeteren buruan berriz hauteskundeak izateko aukera are gehiago zabalduko litzateke.
Carme Forcadell, Marta Rovira eta Dolors Bassak haien parlamentari karguari uko egin diote. Gaur, Josep Turull eta Raul Romevarekin batera, Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute.