Causa Galiza: “Independentzia legezko metodoen bidez lortu nahi dugu”

  • Jarduna urtebetez etetea agindu dio Espainiako Audientzia Nazionalak Causa Galizari, “prebentzio neurri” gisa. 2015eko urriaren 30ean Causa Galizako 9 kide hartu zituzten atxilo, “komunikatuak hedatzea, terrorismoa goratzea eta Exercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceiveko terroristak gorestea” egozten diete, besteak beste. Akusatuek prentsaurrekoa eskaini zuten astelehenean Madrilen.

Iker Ońate Aiastui @iker_onate
2016ko otsailaren 12a
Bere jarrera ideologiko eta politikoari eutsiko diela adierazi du Causa Galizak. (Arg: Causa Galiza)

Operazio hartan atxiloturiko militante Joam Peresek talde independentistaren errugabetasuna defendatu du: “Independentzia legezko metodoen bidez lortu nahi dugu”. Bozeramailearen aburuz, ”Espainiako Estatua atzerantz doa demokraziari dagokionez; errepresioa bortizki hazi da”. Beren printzipioak defendatzen jarraituko dutela gaineratu du: “Ez gara damutzen. Gure jarrera ideologiko eta politikoari eutsiko diegu”.

Peresek zalantzan jarri du estatu eredu espainiarra: “Espainiako Estatua krisi sakon batean dago murgildurik, bere lurraldetasun eredua agortua dago. Ustelkeria kasuetan sartuta dagoen estatuak ez du legitimitate demokratikorik. Horren guztiaren aurrean ematen duen erantzun bakarra bere estatu politikaren aurka doanaren kontra neurri errepresiboak aplikatzea da”.

Bestalde, atxilotuen abokatu Guillerme Presak iragarri du ebazpen juridikoaren aurkako helegitea aurkeztuko dutela. Bere esanetan, “oso larria da Galiziaren independentziaren inguruko iritzi politikoa indarraren bitartez ezabatu nahi izatea”. “Causa Galizak gizarteko sektore murritz baten eskubide zibil eta politikoak defendatzen ditu; sektore horrek, ordea, eskubideak ditu”, gaineratu zuen abokatuak.  

Causa Galizari babesa adierazteko akimen asko antolatu dira. Horietan jendetsuena urtarrilaren 24an, polizia operazioa salatu eta talde independentistari babesa helarazi asmoz, Santiagon eginiko manifestazioa. Galiziako zenbait alderdiren babesa izan zuen mobilizazioak, tartean BNG eta Alderdi Komunistarena.  

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Galiziar independentismoa

Galiziar independentismoa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude