Venezuelako blokeo ekonomikoa: lortu ez duten hondamendi humanitarioa

  • "Maduro nos mata de hambre" ("Madurok gozez hiltzen gaitu") kartela eskuetan zuen gizentasun ageriko emakume baten irudia zabaldu zen sare sozialetan duela hilabete batzuk, umore kutsu nabariarekin. Montaje bat izan ala ez, irudi horrek sintetizatzen du neurri handi batean jendarte ezberdinetako sektore zabaletan Venezuelari buruz dagoen imajinario kolektiboa, baita hango prozesuaren eta egoeraren desitxuraketa ere. Venezuelako Errepublika Bolivarianoan izandako egonaldia baliokoa izan zaigu bagenekiena han bertan konprobatzeko: Venezuela ez da sozialismo bolivarianoen ustezko paradisu bat, ezta hondamendi humanitarioaren diktadura ere.

Erresistitzeko kemena oso sustraituta dago mugimendu chavistan.

2020ko urtarrilaren 10an - 08:09

Irudi sinplifikatzaile honekin ez dago inolako asmorik hango errealitatea erdibideko tartean jartzeko. Prozesu eraldatzaile guztiak arriskuz, oztopoz eta kontraesanez beteta daude. Ezin da beste modu batean izan. Kontraesanek dinamismoa eta mugimendua daukate barruan; aldaketaren motorea dira. Eta lurralde venezuelarretan garatzen ari dena hori da: garapen oso zailean dagoen prozesu askatzaile bat, bere lorpenekin, bere ekarpenekin, bere akatsekin, bere testuinguru latzarekin eta bere konprexutasunarekin.

Askapena erakunde internazionalistaren brigadak aukera eman digu 2019ko udan prozesu venezuelarraren egoera hobeto ezagutzeko, komunikabideetan topa ditzakegun informazio eta analisietatik haratago (gutxieneko objektibotasunaz errealitate venezuelarra aztertzen saiatzen diren medioez ari gara; ez ustezko informazioa prozesu bolivartarraren kontra gerra-tresna bezala erabiltzen duten propaganda-korporazioez). Erakunde zein pertsona askorekin izandako harremanek ahalbidetu digute inperialismo yankiaren ofentsibak herrian dituen ondorioak gertutik ezagutzea baita prozesuaren konplexutasunera hurbiltzea ere. Testu honen helburua zertzelada batzuk era laburrean eskaintzea da, herri venezuelarraren gaur egungo egoeraren alderdi gako batzuk hobeto ulertzeko. Atalka antolatutako testu honetan islatuta agertuko dira Venezuelak pairatzen duen forma-anitzeko erasoaren ondorioak, sektore zabalen erresistentzia eta duintasuna, jendarte venezuelarra gaixotzen duten heredatutako praktikak eta jokabideak, prozesuaren kontraesanak, egoera larri horri aurre egiteko erronkak edota sistema komunala eraikitzeko saiakeren zailtasunak.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

 

 

Caracasen ikuspegia Altos de Lidice auzotik

 

 

 

Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa

Venezuelaren kontrako blokeoa aipatzen denean alderdi makroak erabiltzen dira askotan: trantsazio finantzieroak egiteko ezintasuna, atzerrian dauden aktibo ekonomikoen blokeoa, kanpoko inbertsioak zailduta edo ezinduta izatea, EEBBetan dauden enpresa venezuelarren interbentzioa (PDVSAren Sitgo filiala kasu)… Izan ere, Estatu Batuetatik ezarritako blokeoak eragin oso nabaria izan du Venezuelako ekonomian. Centro Estratégico Latinoamericano de Geopolitica-k (CELAG) egindako kalkuluaren arabera, blokeo ekonomikoak 245.000 eta 350.000 milioi dolarreko galerak suposatu zuen 2013 eta 2017 urteen artean; batez bestekoan, venezuelar bakoitzari 8.400 eta 12.100 dolarren artean. Kalkulatzen da 2013tik aurrera Venezuelako sektore publikoak ez duela jaso 19.000 milioi dolar urtean eta, aldi berean, 3.300 milioiko gain-kostua izan duela kanpoko-zorrari dagokionez, nagusiki arrisku-primagatik. Azken urteetan galerak areagotu dira, Trumpen Gobernuaren zigor ekonomikoak asko intentsifikatu baitira. Izan ere, 2017tik aurrera AEBetako gobernuak 150 neurri hertsatzaile hartu ditu Venezuelaren kontra.

Edozelan ere, alderdi ekonomikoa gerra hibrido baten osagaia da. Gerra bat, bai; mota ezberdinetako neurriez osatutako gerra bat, non blokeo ekonomiko eta finantzieroa beste eraso mota batzuekin konbinatzen den: gerra diplomatikoa Venezuela nazioartean isolatzeko, gerra mediatikoa chavismoa eta Venezuelako errealitatea desitxuratzeko eta interbentzio bat justifikatzeko, gerra psikologikoa herri venezuelarra etsipenera eramateko eta kalea desengonkortzeko, sabotajeak eguneroko bizitza gehiago zailtzeko, eraso paramilitarrak oinarri chavistei lurraldearen kontrola kentzeko...

 

 

Blokeoaren aurkako martxa Caracasen 2019ko abuztuan

 

 

 

Venezuelan ez dago hondamendi humanitario bat, sistemaren komunikabideetatik ikustarazi nahi diguten bezala. Izan ere, 2019ko otsailean "laguntza humanitarioa" omen zituzten kamioiak Kolonbiatik igarotzen saiatzearena propaganda kanpaina baino ez zen izan. Haiek beraiek sortutako gaixotasunerako aspirina, hain zuzen ere.  Alabaina, blokeoak krisi humanitarioa eragin ez badu ere, herrian min eta sufrimendu handia sortzen ari da. Eta esan behar da, krisia ez bada handiagoa, chavismoari esker dela. Gobernuari aitortu behar zaio jendearen oinarrizko beharrak asetzeko ahalegin handia egin izana. CLAPak (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) adibide onena dira. CLAP kutxak leku batzuetara maiztasun erregularrarekin heltzeko arazo handiak badaude ere, familia guztietara janari kopurua helarazten zaio (olioa, arroza, arto-irina, lekaleak, batzuetan hega-laburreko latak...), gutxieneko bat bermatze aldera. Edozein kasutan, ekimen hau ez da libratu EEBBetako gobernuaren jazarpenetik. CLAPeko idazkari nagusiak, Freddy Bernal-ek, 2019ko maiatzean jakitera eman zuen CLAPetarako elikagaiak Venezuelara eramaten zituzten 12 ontzi-enpresetatik 10rek zigorrak jaso zituztela. Horrez gain, ordainketak egiteko zailtasunek atzeratzen dute asko elikagaiak erosteko prozesua.

Oztopo hauen gainetik, gobernuak elikagaiak ziurtatzeko ahaleginari gehitu behar zaio herri antolatuaren egiturek ekimen hauek bideratzeko eskaintzen duten logistika. Herri eta auzoetan antolaketa maila honek erraztu du salbuezpenezko egoera honi aurre egitea, herri eta auzoetan bertan egoera aztertuz, prebentzio-lana eginez eta programa sozialak bideratuz. Kritikez haratago Maduroren gobernuak mantentzen duen herri-sostenguak, sektore chavisten antolaketak eta populazioaren zati handi batek duen kontzientzia mailak ekidin dute beste herri batean aspaldi matxinada bat izango zena. Herri venezuelarraren sektore zabal bat prest dago erresistitzeko, eta erakusten ari dira. Populazioaren zati handi bat argi dauka defendatzen ari direna prozesu eraldatzailea edo chavismoa baino gehiago dela, beren herriaren subirautza bera dela.

 

 

Trump gaitzestea oso presente dago Venezuela osoan

 

 

 

 

 

Blokeo inperialistaren kontrako sinadura bilketa Barinas herrian

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude