Bilboko Deustuko Erriberako auzokideek Udalaren iruzurra salatu dute

  • Plan berriarekin hasi zirenetik, hainbat izan dira Erriberako bizilagunen kritikak eta aldarrikapenak, baina azken hilabeteotako gertaerek egonezin handia eragin izan dute. Uholde, sute eta auzoko eguneroko arazoen aurrean, Bilboko Udalaren jarrera “lotsagarria” dela uste dute auzokideek.


2019ko martxoaren 12an - 11:13

Bilboko Deustuibarra eta Zorrotzaurreko auzokideak haserre daude Bilboko Udalarekin eta auzoaren eraldaketa plan osoa aurrera eramaten ari den Batzorde Kudeatzailearekin. Lanak hasi zirenetik, hesiz inguratuta daude, segurtasunik bermatzen ez duten gune beltzak sortu dira eta balio historikoa duten hainbat eraikin hondatzen hasi dira. Gainera, hutsik dauden etxe eta pabiloietan bizi diren  pertsonek eragindako suteak gero eta ohikoak dira eta hori gutxi balitz, kanalaren irekierak, uholde arriskua ekidin beharrean, areagotu egin du.

Arazo horien aurrean, Bilboko Udalak egiten dituen adierazpenak jadanik ez ditu inork sinesten Erriberan. “Ez gara haiekin fidatzen. Plan Berriarekin etorkizunera begira daude, eraiki nahi duten Bilbo berri horretara begira, gaur egungo Erribera eta bertako auzotarron beharrei muzin eginez ” azpimarratu du Unai Perezek, auzo elkarteko kideak.

Uholde arriskua

Bilboko Udalaren webgunean oraindik irakur daiteke kanalaren irekierak funtzio hidraulikoa daukala uholdeak izateko arriskua murriztuz. Baina gaur egun Erriberako kaleak hesiez gain, lurrez betetako zakuez inguratuta daude. Datozen egunotan egon daitezkeen uholdeen aurrean, badaezpadako neurriak dira. Aurrera begira, ur-tangak eta petril altuago bat eraikiko omen dute. Asier Abaunza Lan eta Hiri Planifikazioko zinegotziaren esanetan “horri esker, uholdeak txikiagoak izango dira”. Petrilaren kontua ere zeresan handia ematen ari da Erriberan, izan ere, hainbat tokitatik ezin izango da itsasadarra ikusi.

Irisgarritasunaren kontuarekin ere kezkatuta daude auzotarrak. Gaur egun irlara sartzeko bide bakarra Frank Gheryren zubia da eta aurreko uholdeetan ordu batzuk eman zituzten auzotik ezin zela sartu ez atera. Orain ordezko bide bat atondu duela esan du Udalak. Egun obretako kamioiek baino ez dute erabiltzen baina aurrerantzean, antza, bide hori auzokoek ere erabili ahal izango dute ibaiak gainezka egiten duenean. Hala ere, auzokideek ez dute ebakuazio planen berri. Udaleko larrialdi zerbitzuko langileek ere ez. Laster, San Inazio eta Zorrotzaurre aizoak lotuko dituen zubia eraikiko dute baina hasieran soilik Jauregizar enpresako kamioientzat izango da. Auzokideek urte bete itxaron beharko dute bertatik pasatu ahal izateko.

Ondasun historikoa

Auzokideek ondasun historiko eta industriala diren eraikinekin Udalak duen utzikeria salatu dute. Mantendu behar ziren hemeretzi eraikinetatik, bat bota egingo dute jada: Cromoduro enpresaren zaindaria bizi zen baserri neoklasikoa. Unai Perezen esanetan, “eraikinak hiltzen uzten dituzte, hustu eta bertan etxe gabekoak sartzeko”. Etxe horretan hainbat sute izan dira eta ez da bakarra. Elorri zeharbidea kaleko etxe batean beste sute bat egon da duela gutxi. “Banco Bilbaoko aurre aldearen harriak Bizi Nahi Auzoguneko bazter batean botata daude inolako zaintza eta kontrolik gabe” dio harrituta Perezek. Vicinay enpresaren ondoan zegoen fatxada hau botatzen utzi zieten, aurrealdeko harriak zenbakiekin izendatu eta gordetzen bazituzten. “Ez zaie ondasuna interesatzen. Eraikin horiek egiten dute bereizgarri hiri bat, eta ez kanpotik ekarritako diseinu modernoek”, dio Perezek.

Argi dute irla berria ez dagoela auzokoentzat diseinatuta. “Udalarentzat gu ez gara lehentasuna, bai ordea, ekimen pribatua”, azpimarratu du Perezek.

 

Banco Bilbaoko hormaren hondarrak

 

Cromoduro eraikina

 

Iraide Artetxe, auzo elkartearen izenean: “Hitz politak jaso ditugu baina irtenbide gutxi”

 

Iraide, Bea eta Rosa, Deustuibarra-Zorrotzaurreko auzo elkarteko kideak

 

Uholde arriskuak direla eta Udalak hartutako neurrien inguruan zer iritzi duzue?  

Adarra jo digutela sentitzen dugu. Aspaldi esaten zuten kanala zabaltzearekin nahikoa zela. Orain zabalik dagoela, ikusten dugu ez dela nahikoa, eta beste neurri batzuk ere ezarri behar direla esan digute: Ur-tangak eraiki, ganorazko hoditeria sistema .... eta guzti horrekin bai nabarituko dugula. Ikusi beharko da!

Une honetan zeintzuk dira auzoan dituzuen arazo larrienak?  

Batetik, egin nahi duten auzo berri edo “Manhattan” hori egin arte bizilagunen bizi baldintzak. Gu kontuan hartzea nahi dugu, ez dezatela ahaztu berton jendea bizi dela. Adibidez, gaur egun zubitik lehenengo etxerainoko bidea puntu beltza dela uste dugu, nahiko luzea delako eta inguruan ez dagoelako ezer ere ez. Hor, pasarela bat egitea eskatu dugu bidea laburtzeko. Eta bestetik, etorkizuneko “Manhattan” horretan ere auzokideon beharrak kontuan hartzea exijitzen dugu eta ez soilik higiezinen enpresa erraldoienak. Besteak beste, zerbitzuak, gune berdeak, kirol ekipamenduak eta doako aparkalekuak behar ditugu.

Udal eta Batzorde Eragilearen ordezkariekin urtarrilean izandako azken bileraren baloraziorik?  

Hitz politak jasotzen ditugu gehienetan, azken finean politikariak dira. Hitz politak baina irtenbide gutxi.

Eta  aurrera begira, zer asmo duzue ?   

Badakigu erraldoi batekin ari garela borrokan, baina geu gara auzoaren ordezkariak, eta auzoa nahiko erreta dabil; beraz,  jarraituko dugu beraiei auzoaren ezinegona helarazten eta auzoa informatzen.

Albiste hau Uriolak argitaratu dute eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude