Beste behin ere, Basque Teamek beka ukatu diola deitoratu du Naiomi Matthews munduko txapeldunak

  • Goi mailako kirolaria da Naiomi Matthews; borrokalaria, zentzu bietan: kirolean zein bizitzan. Azken urteotan, askotariko dominak ekarri ditu etxera, azkenak grapplingeko Munduko txapelketako urre bi. Hala ere, deitoratu duenez, oraindino ez du "behar besteko" laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzaren partetik: "Espainiako Federazioko borrokalari bakarra naiz bere erkidegotik inolako laguntzarik jasotzen ez duena".

Naiomi Matthews, atzean dominak dituela.

2022ko urtarrilaren 26an - 08:04
Azken eguneraketa: 09:13

Borroka-modalitate ezberdinetan lehiatzen den kirolari getxoztarra da Naiomi Matthews. Hamaika domina eta titulu lortu ditu azken urteotan: joan den azaroan, grappling modalitatean munduko txapeldun izendatu zen Serbian, urrezko domina bi etxera ekarrita, eta Europako txapelketan urrezko eta brontzezko domina bana jantzi zuen, besteak beste.

Goi-mailako kirolari askok bezala, gastu askori egin behar dio aurre maila gorenean mantentzeko. Dioenez, bere modalitateko Espainiako Federazioko kirolariek Espainiako Estatuko txapelketetara joaten diren bakoitzean diru-laguntzaren bat edo beste jasotzen dute beren erkidegoetatik, "eta atzerrira joaten direnean jasotzen dituzten laguntzak are handiagoak izaten dira". Getxoztarraren kasuan, aldiz, ez du deusik jaso azken sei urteotan Eusko Jaurlaritzaren partetik, ezta Basque Teametik ere.

2016tik gaur egunera, EAEn federatuta egon da Matthews, eta behin baino gehiagotan eskatu ditu laguntzak bere jardunean aritzeko hemen. "Joan den deialdian, Basque Teamekoek esan zidaten hurrengorako –aurten– kontutan hartuko nindutela, baina, orain, berriro esan didate ez didatela laguntzarik onartuko", deitoratu du getxoztarrak.

Azken urteotan lortutako palmaresa ikusita, agintarien partetik jasotako erantzuna "errespetu falta galanta" dela deritzo borrokalariak, "gainera, beste lurralde batzuk ordezkatzeko aukera kendu didate, eta, horrexegatik, inolako bekarik jasotzeko aukera galdu dut beste behin ere".

Baina, zein da Basque Teamek emandako argudioa Matthewsi laguntzarik ez emateko? Bada, "Grapplinga ez dela kirol olinpikoa, nahiz eta Nazioarteko Olinpiar Batzordearen barruan egon", azaldu du getxoztarrak.

Laguntzen beharra

Naiomi Matthewsek dioenez, borroka-kirola bere bizitza da, eta maila gorenean mantendu ahal izateko "beharrezkoa" du laguntza ekonomikoren bat edo beste jasotzea, "baina inoiz ez dut halakorik jaso".

Horren ordez, egunero-egunero hainbat orduz entrenatzeaz gainera, lan egiten du, eta inoiz kamisetak edo askotariko materiala saldu ditu bere gastuak ordaindu ahal izateko. Azkenengo lehiaketarako, gainera, auzokide baten laguntza ekonomikoa jaso zuen bere ametsa egikaritzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Borroka
Sandra Perez
"Umiltasun handia ematen dizu beste pertsona batekin gorputzez gorputz borrokatzeak"

Lotura bitxia sortzen da borrokalarien artean. Elkar joz egiten dira lagun. Finean, kolpeak ez dira amorruaren edo herraren ondorio, bakoitzaren adierazpide baizik. Hala dio Sandra Perezek (Donostia, 1996). Kickboxing borrokalaria da; hots, ukabilekin aski ez, eta ostikoka ere... [+]


Aintzane Gorria, borrokalaria
"Linbo batean gaude, konponbidea ez da borroka librea debekatzea, baliabideak sortzea baizik"

Jangelatik baskulara, baskulatik ispilura eta ispilutik komunera. Erritual horren gatibu izan zen iaz Aintzane Gorria borrokalari burlatarra. Sekula jaso duen giltzarik estuena egin zion bulimiak. Ziplo erori, eta lur jota gelditu zen. Baina ez luzaroan. Laguntza eskatu, tabuak... [+]


Eguneraketa berriak daude