'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

  • Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


2024ko martxoaren 27an - 10:21
Azken eguneraketa: 11:33
Apirilaren 3an elkarretaratzeak eginen dituzte zazpi hiriburuetan. Argazkia: Sare Herritarra.

2016ko abenduan ETAren armak eduki eta garraiatzea leporatzen diete Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle bakegileei. Foro sozialeko kide izandako zenbait sindikatu eta eragilek bakegileek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana eskertu eta babestu dute, eta Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu dute. Apirilaren 3an elkarretaratzeak eginen dituzte zazpi hiriburuetan, Errugabetzea, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko lelopean.

Agus Hernan giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta Begoña Atxa Sare Herritarreko ordezkariak aurkeztu dute agerraldia, eta ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok ere hartu dute hitza. Horrez gain, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea eta beste hainbat eragile eta sindikatu izan dira bertan. Gogora ekarri dute martxoaren 16an, Luhuson (Lapurdi) egindako agerraldia. Bertan, 200 lagun elkartu ziren bakegileei babesa helarazteko eta errugabetzea eskatzeko. 

Agerraldian nabarmendu dutenez, euskal gizartearen inplikazioa “beharrezkoa” izan da eta izango da gatazka armatuaren konponbiderako beharrezkoak diren eginbeharretan. Horrez gain, gogorarazi dute biktima guztien aitortzan, memorian eta egiarako eskubidean zein presoen eremuan ere oraindik egiteko gauzak daudela: “Ezin dugu ahaztu euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditzeke dugula".

Oztopoei aurre eginez

Lakuntzak nabarmendu du “bakea” eta “bizikidetza” sustatzeko hautua egin zutela Parisen epaituko dituztenak, eta “zentzugabea” dela hori epaitzea. Horrez gain, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan eta Michel Tubiana omendu dituzte. Operazio hartan parte hartzeagatik atxilotua zituzten eta epaiketa aurretik zendu diren bakegileak.

Bide beretik jo du Arroyok, eta esan du Euskal Herrian bakea lortzeko prozesua “ezohikoa” dela: “Alde batetik, bi estatuek jarritako oztopo politiko, juridiko eta politikoak pairatu ditugu. Bestetik, ezker abertzaleak zein beste gizarte eragileek eta sindikatuek oztopoei aurre egiteko egindako lana dago”. Gaineratu du gaur egun ere oztopoak jartzen dituztela eta epaiketa horren adibidea dela.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren desarmatzea
Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


2021-01-07 | ARGIA
Mikel Barriosen aurkako 5 urteko kartzela zigorra berretsi du Parisek

Dei Auzitegiak bat egin du ekainean Parisko Zigor auzitegiak hartutako erabakiarekin eta kartzelara itzuli beharko du iruindarrak, baina oraingoz prokuradoreak ez du data jakin bat finkatu.


Eguneraketa berriak daude