Duela bost urte gerra hasi zenez geroztik 3,7 milioi haur jaio dira Sirian. Horietatik 2,9 milioik Sirian jarraitzen dute, eta 811.000 errefuxiatuta daude. 151.000 haur baino gehiago errefuxiatu kanpalekuetan jaio dira jada, UNICEFen txosten baten arabera.
“Bost urte bizi osoa da gerra hasi zenetik jaio diren haur horientzat, eta bizi horretan indarkeria, gabeziak eta ziurgabetasuna bakarrik ezagutu dituzte”, adierazi du Anthony Lanke UNICEFeko zuzendari exekutiboak.
Adin txikikoen aurkako 1.500 giza eskubide urraketa izan dira 2015ean, txostenak jaso duenez: hilketak, bahiketak edota errekrutatzeak, besteak beste. Zazpi urte baino gutxiago dituzten haurren errekrutatze kopurua igo egin da 2014an; egiaztatutako errekrutatutako haurren erdiak baino gehiagok 15 urte baino gutxiago zituzten. Horrek guztiak eragiten dituen ondorio psikologikoez ohartarazi du erakundeak: “Haur horiek berriz ikasi behar dute pertsona izaten”.
Zortzi milioi haur baino gehiagok behar dute mediku asistentzia,eta bi miloi haur baino gehiagok ez daukate bermatuta asistentzia hori, erakundeak adierazi duenez. 10.000 haur baino gehiago hil direla uste da bost urteotan.
UNICEFek azaldu du 2,8 milioi haur baino gehiagok ez dutela heziketarik jasotzen. 6.000 eskola baino gehiago suntsituta daudelako, besteak beste. Eskolatze-tasa jaitsi egin da 1980ko zifretara, eta horrek duen eragin ekonomikoa azpimarratu du erakundeak: “Haur horiek eskolara ez bueltatzeak eragingo lukeen giza kapitalaren galera 10.700 milioi dolarrekoa izango litzatekeela uste da, gerra aurretik herrialdeak zuen Barne Produktu Gordinaren %1”.
Heziketa jasotzeko aukera faltak eragin du siriar askok eta askok Europara ailegatu nahi izatea: “Hezkuntza jasotzeko aukerarik gabe, Siriako haurren gurasoek erabaki dute herrialdea utzi, eta heriotza bidaia bihurtu den Europarako bidaia hartzea”.
Egoera oso larria bada ere, erakundeak nabarmendu du ez dela berandu egoera hobetzeko, eta neurriak hartzeko eskatu die erakundeei: “Ezin diegu itzuli gerrak kendu dien haurtzaroa, baina saihestu dezakegu hurrengo urteak ere lapurtzea”.