Argia Eguna irailaren 20an izango da Oñatin, baina 12an Argia Egun Txikia Arrasaten. Herriko Euskal Herrian Euskaraz taldea indartsu dabil, eta oraingoan Argia Egun Txikia antolatzeari lotu zaio.
Arrasateko EHEk irailaren 12rako zer prestatu duen jakin nahi baduzu lotura honetan aurkituko duzu egitaraua.
Talde oso gaztea da Arrasateko EHE. Hamabi kide ditu eta batez beste 22 urte dituzte. Zaharrenak 29 urte ditu. Ilusioz beterik ari dira lanean, batez ere aurtengo urtarriletik aurrera. Izan ere, Jai Zale taberna alokairuan hartu dute bi urterako. Erronka potoloa. Taldekideek beraiek diote gaztetasunak emandako indarrari esker heldu diotela horrelako proiektu bati. Taberna euskaraz bizitzeko gune izatea nahi dute, eta gazteak dituzte gogoan. 15 eta 24 urte arteko arrasatearren %88ak euskaraz badaki, baina kalean dituzten elkarrizketen %36 izaten dira euskaraz. Ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakalaz jabetzen dira EHEko kideak eta hor eragin nahi dute.
Mota guztietako ekitaldiak antolatu dituzte tabernan, hala nola, kontzertuak, bakarrizketak, jardunaldiak eta osasungintza euskalduntzeko kexen bilketa. Batzuetan Jai Zale txiki geratu zaiela aitortzen dute. Aurrera begira nahiko lukete herriko euskalgintzako gainerako eragileekin bat egin eta gune handiagoko bat sortzea.