ARGIA.eus

2021eko irailaren 23a

Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

  • Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2017ko urriaren 09a
Bertako jakiekin prestaturiko herri bazkarian bildu ohi da Argia Jendea urtero, elkar ezagutu eta solasean aritzeko.(Arg.: Dani Blanco)

Lehen aldiz Araban, eta lehen aldiz hiriburuan. Usurbilen berrabiarazi zuen ibilbidea egun honek –berrabiarazi diot, 80ko hamarkadan ere antolatu baitziren hainbat Argia Egun– 2014an, eta ondotik etorri dira Oñatikoa, Ondarroakoa, Gasteizkoa. Leloa, Oñatiko Argia Egunetik berdina: Txikitik Eragiten.

Hiriburuan antolatutako festa izanda, itxura batera pentsa dezakegu espazio zabalagoaz hitz egiten ari garenez jaia ere handiagoa izango dela. Edo niri behintzat lehen kolpean logikak burua horra eramaten dit. Uste dut, baina, 2017koa izan dela nik ezagutu ditudan lau Argia Egunetako “sinpleena”. Inolako zentzu negatiborik eman nahi izan gabe; askotan sinpletasuna askoz ere eraginkorragoa eta duinagoa da. Festara gerturatutako lagunak ekitaldiz gehiegi gogaitu gabe osatu da aurtengo egitaraua. Sinpletik sinpleegira, ordea, hiru letrako aldea besterik ez dago... “Pote bat hartzeko barra txukunxeagorik ez al zegoen?”, galdetuko zion bere buruari han izandako baten batek. Logistika arazoak tarteko, bertako garagardo hotza eta pintxo goxoak jateko aukera izan genuen hala ere. Iluntzean bai, barra eta musika ona nahieran izan zen lepo bete zen Gaztetxean ARGIAk antolatutako kontzertuetan.

OroiTour, memoria historikoaren ibilaldiarekin hasi zen Argia Eguna. (Arg.: Dani Blanco)

Argia Egunera bertaratu ezin izan zenutenontzat, baina, agian komeni da saltokako historia baino, eguna hasieratik bukaerara kontatzea. Beraz, 9:30ean iritsi naiz oraindik eguzkiak epeldu ez duen hiriburura. Ikasle garaietako oroitzapenez bete zait burua Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan gora eta behera nabilela, Landatxo kiroldegira heldu naizen arte. Han dira, dagoeneko, patxadaz baina ttirriki-ttarraka topaleku izango dugun gunea atontzen hainbat lagun. Prestatzen ari dira saltokia, “txosna”, hormak apainduko dituzten pankartak jartzen ari dira beste batzuk...

OroiTour eta Gasteiz Euskalduna ibilaldiak eguna hasteko

Hasiera ofiziala 10:30ak jota eman zaio Argia Egunari. Oraindik beroan sartu ez direnentzat paseotxoa eginez gorputza berotu eta memoria egiteko Zaramaga auzora ibilaldi gidatua antolatuta dago goizari ekiteko, Martxoak 3 elkarteko kideek lagunduta. 1976ko langile sarraskia du ardatz tour politikoak, baina ez da horretara mugatzen. 70eko hamarkadako gatazka politiko eta sozialak eman nahi ditu ezagutzera elkarteak ibilbidearen bitartez, eta kalea du borrokarako eta memoriarako oinarri. Eta hitz egin digute iraganaz, eta guri orainaldia dela iruditu zaiogu, orduko polizia baten audioan a por ellos bat entzun dugunean. Bertan izan da Zaramagako hildako langile baten iloba ere, eta lehen pertsonan kontatu dizkigu bere bizipenak.

Memoria historikoan murgiltzen ari diren bitartean ekin dio bere bideari bigarren bisitaldiak Alde Zaharrean zehar. Euskarak Gasteizen zein bilakaera izan du? Zein da gaur egungo egoera eta zein dira etorkizuneko erronkak? Galdera potolo hauek eta beste hainbat erantzuten ahalegindu dira GEU Gasteiz Euskalduna euskara elkarteko kideak eta gonbidatuak. Gasteizko hainbat eragiletako lagunak izan ditugu hizlari, eta dozena erdi bat geldialditan azaldu digute Gasteizko euskararen egoera historiaren ikuspegitik, kulturatik, euskalduntzetik, hezkuntzatik, bertsolaritzatik, mugimendu sozialetatik begiratuta.

Sukaldaritza tailerreko emaitzak jendarteratzen. (Arg.: Dani Blanco)

Argiazaleon topaketak hastekotan zirela, eta gerturatu naiz berriz ere Landatxora. Han topatu ditut haur eta heldu eskuak buztinez zikinduta Nendo Dango tailer jada –gurean behintzat– famatuan parte hartzen. Landare haziak buztinetan bildu, lehortzen utzi, eta inguruak berdetzeko prest. Beste batzuk jolas hezitzaileetan dabiltza, dagoeneko eguzkia gure bizkarrak goxatzen hasia da, eta Gasteiztar lotienak ere –ibilaldietarako ailegatu ez direnak– gerturatuz doaz.

Hurrengo hilabeteetako primiziak Argiazaleon topaketan

Urrutira ikusi dut, buztinezko boletatik begirada aldenduta, aulkiz osatutako borobil bat. Informala. Sinplea. “Hori izango da, bada, Argiazaleon topaketa egiteko txokoa”, pentsatu dut. Eta sinplea bezain gertukoa egiten den zirkuluan hasi gara pixkanaka elkartzen Argiazaleok, txikitik eragiteko gogoz. Hitz egitera baino, entzutera bildu dira ARGIAko kideak, eta komunitateari eman diote hitza gehiegi luzatu gabeko aurkezpenen ondoren. “Nola baloratzen duzue orain hamar bat hilabete martxan jarritako harpidetza eredu berria?” galderatik abiatu da elkarrizketa, eta hari horri tiraka jarri dira mahai gainean lagunen iritziak. Gustura azaldu dira bertaratutako lagunak azken urteotan ARGIAk emandako pausuekin, eta amaierarako gorde du lantaldeak ondorengo hilabeteetarako buruan dituzten lanen aurkezpena. Hogei urte dira ARGIAk interneterako saltoa eman zuela eta webgunerako aldaketak iragarri dituzte, eta 2019an ARGIA sortu zela 100 urte betetzen direla-eta, badarabilte dagoeneko zer edo zer buruan.

Argiazaleen topaketan. (Arg.: Dani Blanco)

Ez gara gehiegi luzatu zirkuluan eserita, eta hori ere eskertzen da. Ez da komeni jendea aspertzea, eta tripa-zorriren bat edo beste aditzerako mugitu gara aulkietatik.

Gasteizko ordutegira egokitu gara, eta bertaratutakoekin hitz egiteko tartea izan dugu 15:30ean hasi baikara bazkaltzeko mahaian jesartzen. “Berandu xamar aukeran, ezta?” aditu diot aldamenekoari. Baina bere buruari erantzun dio orduan barrez: “Hori bai, dena ekologikoa eta hurbilekoa! Agian bertako lentejek denbora gehixeago beharko dute egosten”.

Tripak bapo beteta, Mirari Martiarenaren umoreaz gozatu ederra hartu dugu eskaini digun monologoarekin.

NAN jaurtiketa: irabazlea bai, baina errekorrik gabe

Gure herriko gazteen artean esaten den bezala, NAN arrotzen jaurtiketa lehiaketa mitikoaren txanda ailegatu da arratsaldean. Aurtengo txapelduna 33,2 metro jaurtita Zigor Olabarria gasteiztarra da. Baina iaz Ondarroan Oier lekeitiarrak hautsitako markak jarraitzen du errekorra izaten 40 metroko jaurtiketarekin.

Gaztetxea bete jende eman zaio amaiera festari Jon Basagurenen eta Txalainak taldearen kontzertuekin. Baina Argia Eguneko gaua ere bati baino gehiagori luzatuko zitzaiolakoan nago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Argia Eguna  |  Gasteiz

Argia Eguna kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude