ARGIA.eus

Bultza kazetaritza independentea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizirik diren 449 euskal dantza katalogatu ditu Zatak elkarteak

  • 2015-2020 bitartean egindako ikerketan 449 euskal dantza tradizional ondare immaterial gisa katalogatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 111 herritan. Sarean kontsultatu daiteke dagoeneko katalogoaren zati bat. Lapurdin, Nafarroan, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere ari dira katalogatze-lanetan.

ARGIA
@argia

2021eko urtarrilaren 12a - 12:28
Dantzari-dantza, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

2015ean hasi zen Zatak Herri Ondarea elkartea EAEko ondare immaterialaren bilketa lanetan, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren laguntzarekin, “Euskal Herriko Dantza Tradizionalen Katalogoa: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa” izeneko proiektuaren baitan. Dantza.eus-ek argitara eman duenez, 2020a bitarte 449 dantza tradizional katalogatu ditu Emilio Xabier Dueñasek gidatutako lantaldeak. Dantzan-ek ere parte hartu du proiektuan eta guztira 23 ikertzaile aritu dira lanean.

Arabako 18, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako 48 herritako dantzak jaso dira ikerketan. Dueñasek 2019an azaldu zuenez, zuzeneko behaketa, ahozko iturriak eta idatzizko dokumentazioan oinarritzen dira ikerketa egiterako orduan. Dantzak agertzen diren ekitaldietan egindako argazki eta bideoak dira katalogorako fitxak osatzeko oinarrizko materiala. Gainera, festako protagonisten edo jaia ezagutzen dutenen testigantzak jasotzen dituzte eta, azkenik, idatziz jasota dagoen informazioa biltzen dute.

Dueñasek dio dantza bera festa edo ekitaldi bateko elementu bat dela, eta testuinguruari ere erreparatzen diotela, zer dagoen dantzaren inguruan. Hala ere, zenbait irizpide izan behar ditu dantza batek katalogoan jasoa izateko. Batetik, bizirik egon behar du eta ordena tradizionaleko jaia izan behar du, hau da, jai patronala izan daiteke edo, bestela, ziklikoa, herri, auzo edo kofradia batekoa. Bestetik, garrantzitsua da komunitatearen atxikimendua izatea, parte hartzen dutenek zein ikusleek bere sentitu behar dute elementu hori.

Eusko Jaurlaritzaren EAEko Ondarearen webgunean dagoeneko ikus daiteke Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokion Euskal Herriko Dantza Tradizionalen katalogoaren zati bat.

Fitxetatik osatutako datu-basetik zenbait ondorio atera dituzte. Besteak beste, jasotakoetatik 38 dantza egiten direla erremintekin; behatutako 111 herrietatik 63tan egiten dela aurreskua, 55etan erraldoien dantzak eta 43tan ohorezko aurreskua.

Euskal Herri guztiko dantzak

Nafarroan eta Euskal Herriko iparraldean ere ari dira dantzak katalogatzen. 2019an indarrean jarri zen Euskal Kultura Ondarearen legearen karietara Zatak, Dantzan eta Soinuenea elkarteek antolatutako “Dantza, festa eta kultur ondarea” jardunaldietan Terexa Lekunberrik aurkeztu zuen Euskal Kultur Erakundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abiatutako kultura immaterialen inbentario lana. Lan horren baitan aurki daitezke, besteak beste, zenbait dantzari buruz 2016 eta 2018 artean osatutako bost inbentario-fitxa.

Nafarroan, Nafarroako Dantzen Behatokia ari da dantzak identifikatu eta inbentariatzeko lanean. Ortzadar elkarteak egiten duen lanaren emaitza da, besteak beste, Nafarroako Dantzen Atlasa, Nafarroako Ondare Ez-Materialaren Artxiboarekin harremana duena.


Euskal dantza tradizionala kanaletik interesatuko zaizu...
2023-03-21 | dantzan.eus
Goizaldi, 75 urtez Gipuzkoako dantzen oinordeko

Hainbat belaunalditako dantzariak elkartu eta 75. urteurrena ospatzeko urte osoko egitaraua antolatu du Donostiako Goizaldi dantza taldeak. “Aurreko urteko ikasturte hasieran hasi ginen antolatzen, 75. urteurrenerako batzordea egin genuen. Kontaktu zuzena dugu bazkideekin... [+]


Estreinako Euskal Herriko Gazteen Dantza Topaketa deitu dute, belaunaldi aldaketa sustatzeko

Ekitaldiz beteriko asteburu pasa antolatu dute Asparrenan, ekainaren 30etik uztailaren 2ra. Gazteek dantza taldeetan duten papera aztertu eta belaunaldi aldaketa sustatzea da xedea.


Mahai ingurua:
Generoa galdezka euskal dantzan

"Zergatik dantza batzuk mutikoek bakarrik ematen ahal dituzte? Zer leku du generoak dantzan? Zer egin tradizioarekin?"; Nora Arbelbidek luzatutako galdera horiei eta beste hainbati erantzunak aurkitzen saiatu dira Alaia Cachenaut (EKEko eta EHESSEko cifre doktoregaia),... [+]


2023-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2023 oinarrizko egutegia

Urtarrilarekin batera iritsi da inauteri garaia. Maskaradak eta kaskarotak martxan dira, baita beste zenbait inauteri goiztiar ere. Data nagusiak, ordea, otsailean izango ditugu aurtengoan. Otsailaren 16an izango da Ostegun gizen eta 21ean Inaute asteartea. Inauteri garaiko... [+]


Eguneraketa berriak daude