Amnistia Eguna antolatu du Aske antolakundeak Gasteizen, ekainaren 15ean

  • Mahai-ingurua, hitzaldia eta manifestazioa egingo dira, besteak beste. "Errepresioaren aurkako borrokan sakondu eta honi erantzuteko beharrezkoak diren baldintza politikoak sortzen jarraitzeko" Amnistia Egunak "mugarri" direla adierazi du antolakundeak.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko maiatzaren 8an - 10:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Prentsaurrekoa eman du gaur Aske antolakundeak Gasteizen, 2024ko Amnistia Eguna aurkezteko. «Egindako hautu eta konpromiso politikoagatik jazarpena jasan behar duten militanteak» gero eta gehiago direla esan dute agerraldian, baita «bizi baldintza prekarioek bultzatuta aurrera eramandako borrokengatik errepresioa pairatutakoak» ere.

Horren aurrean, beharrezkotzat dute «jazarpenaren kontrako borroka antolatzea»: antolakuntza politiko mailan, maila ideologikoan, baita baliabide politikoetan ere. Euskal Herriko txoko ezberdinetako militanteak bildu, errepresioaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta jazarpena gainditzera bidean pausuak emateko, Amnistia Egunak «mugarri» direla aldarrikatu dute.

Aurtengo Amnistia Eguna, ekainaren 15ean Gasteizen

Batetik, mahai ingurua antolatu dute «frantziar eta espainiar estatuak militantzia politikoaren aurka eramaten ari diren jazarpen juridikoa aztertzeko asmoz». AKAB kolektiboko Aratz Estonba abokatua, Uztailak 14ko kidea den Garazi Aduriz eta Jardun Koordinadorako kidea den Julen Balda izango dira mahaian.

Bestalde, poliziak gizarte kapitalistan duen funtzioa aztertuko dute. Poliziaren jatorria, bilakaera eta gaur-gaurkoz betetzen duen funtzioa aztertzea dute helburu, horren aurrean burutu beharreko borroka eta estrategiak aztertzearekin batera. Hori guztia jorratzeko, poliziaren inguruan aditua den Paul Rocher ikertzailea izango da hizlari.

Horrez gain, arratsaldean, manifestazioa deitu dute “Errepresioaren aurrean, amnistia osoa” lelopean. «Soilik amnistiaren gauzapenak ekarriko du Euskal Herri Langileak pairatzen duen errepresioaren gaindipena. Amnistia, preso politikoen askatasuna exijitzeaz gain, Euskal Herri Langilearen borrokaren zilegitasunaren aldarrikapena baita», adierazi dute.

Bukatzeko, prentsaurrekoan Amnistia Egunean parte hartzeko deia egin dute, «errepresioaren aurkako borrokan sakondu eta honi erantzuteko beharrezkoak diren baldintza politikoak sortzen jarraitzeko».

 


Irakurri gehiago: Politika Gasteiz Euskal Herria Araba
Politika kanalean gehiago
2026ko ekainaren 4
Goizean argi
Sarekada

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.