Alokairuen prezioa puzteagatik zigor espedientea ireki diete Bilboko 36 higiezin-enpresari

  • Bilboko higiezinen sektoreko 36 enpresak osaturiko kartel bat ikertzen ari da Lehiaren Euskal Agintaritza, alokairuen prezioak "finkatu" eta lehiakortasunaren kontrako jarduteagatik.


2020ko azaroaren 5ean - 14:40
Bilbon etxebizitzaren problematika kalera atera dute sarritan, irudian Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuaren elkarretaratzea.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailaren mende dagoen Lehiaren Euskal Agintaritzak berak eman du zigor espedientea irekitzearen berri. Bere esanetan, "modu berezian kaltebera den kolektibo bati eragiten dion merkatu batean, hau da, etxebizitza bat behar duten pertsonen merkatuan", higiezinen hainbat enpresak Lehiaren Defentsarako Legea urratu izanaren "arrazoizko zantzuak" aurkitu ditu. El Correo egunkariak jakitera eman duenez, gutxienez 36 enpresa lirateke eta denek Bilbon dute egoitza.

Dirudienez, enpresa hauek etxebizitzen alokairuaren prezioa eta beste baldintza batzuk "finkatu" dituzte balizko akordio batekin, kartel bat osatuz. Azken urteetan alokairuen gorakada nabarmena izaten ari da eta horrek zuzenean eragin dio etxebizitza duin bat izateko eskubidearen krisiari.

Jaurlaritzaren agintaritza horrek, nolanahi ere, gogorarazi du espedientea irekitzeak ez duela "ikerketaren emaitza baldintzatzen", eta orain 18 hilabeteko gehieneko epea izango du ikerketa zuzendaritza batek instrukzioa egin eta Lehiaren Euskal Kontseiluak ebazpena emateko.

Zenbait enpresa, baina, aurreratu egin dira, eta konpromiso batzuk hartzeko prest agertu dira zigorra eta ardura saihestu aldera, Lehiaren Euskal Agintaritzak bere oharrean dioenez. Era berean, "barkamen proraman" sartzeko aukera ere badute kartela osatzen dutenek, baldin eta ikerketarentzat "balio erantsi eta esanguratsua" duen informazioa ematen badute.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza eskubidea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!