Albizuri Handi harria: biharkoa ez da azkeneko aldia izango plazan

  • Bihar, larunbata, arratsaldeko 16:00etan aterako dute berriz Amezketako plazara Euskal Herriko harririk ezagunena, Albizuri Handi harria. Amezketako udala da harriaren zaindaria eta Julian Sagastume alkateak esan digunez udaletxean egiten ari diren lanak amaitzean “denen bistara” jarriko dute harria. Berriz ez dela plazaratuko dioen zurrumurrua ezeztatu du Sagastumek. Orain hurrena atera zenean ere ibili zirela antzerako zurrumurruak eta horiek “ez dutela zentzurik” eta “berriz ere probarako atera behar denean aterako dutela harria” esan dio ARGIAri Sagastumek.

    Harriaren gora beherei erreparatuz gero erraz uler daiteke nondik datorkion ospea: hasieran kondaira, gero hamar indartsuenek menperatu ezin izan zutenekoa, gero Errekartetxo txikiaren garaipena, gero Urtain... eta tartean jendetzak, txanponak, sotanak eta bahiketak.


2007ko otsailaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Errekartetxo harrijasotzailea
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Biharko saioan bederatzi harri-jasotzaile arituko dira: Goenatxo, Ostolaza, Izeta II.a eta III.a, Landarbide, Elosukorta, Eizmendi, Urpe eta Goikoetxea. Aimar Irigoienek ezin izango du, asmoa bazuen arren, Errezilgo gaztea gaixo dago-eta. Seguru asko bederatziek lortuko dute harria bizkarrean berdintzea. Baina garai batean gauzak ez ziren horrela. 1875ean Jose Mari Zuriarrain Galartzak bizkarreratu omen zuen auurenekoz. Baina Zuriarrainen altxaldiak, hain aspaldikoa izaki, ‘omen’ hitzaren itzala du gainean. Ez dago garbi harria Loidi errekatik ateratakoa ote den, zabaldutako usteak dioen bezala, edo Gaintza aldekoa den izatez. Kontuak kontu, Albizuri Handi, Euskal Herriko beste harri ospetsuak  –Errezilgoa, Igeldokoa, Aizarnazabalgoa– baino ospetsuagoa da; eta ospea historiak eman dio.

 

Seguru jakitea dagoena horixe baita, harriaren historia modernoa. Amezketako udala da harriaren jabea eta jagolea eta antolatu izan dituen ahaleginek arau zehatzak zituzten; harria udaletxeko alondigan –kartzela esaten diote amezketarrek, erabilera hori ere izan zuelako– gordetzen zen giltzapean eta harri-jasotzaileek nahi bezain ongi begiratu eta erreparatzeko eskubidea zuten. Inori ez zitzaion ematen ordea, harriari eskua ezartzeko baimenik; ezin zutela harriarekin entrenatu, alegia. Hasieran behintzat arau horiek zorrotz bete ziren.

 

1947ko urriaren 19an Euskal Herriko indartsu gehienak bildu zituen Amezketako udalak antolatutako sariketak. Joxe Mari Otermin "Amezketa bide luze bezain malkarrak" liburuaren egilak dioenez, “seguru asko Amezketara inoiz bildu den jendetzarik handiena bildu zen egun hartan. Izugarria izan zen. 3.000 lagun izango ziren igual”. Harri-jasotzaile bakoitzak hamar minutu zituen harria berdintzeko baina “denak gelditu ziran porrot egiñik” Jose Luis Iriarte "Gure erri-joku nagusiak" liburuaren egilearen hitzetan.

 

Horratx parte hartzaileen zerrenda eta bakoitzaren ahaleginak iraun zuen denbora:

  • 1-Juan Uriarte (Eibar) 8’30”
  • 2- Manuel Arakistain, “Ziaran-Zar” (Lastur) 1’50”
  • 3- Justo Susaeta (Eibar) 2’10”
  • 4-Jose Manuel Iraeta “Usuola” (Azkoitia) 5’56”
  • 5-Manuel orbegozo (Irun) 8’07”
  • 6-Domingo Zenarruzabeitia “Txomin” (Eibar) 9’32”
  • 7-Inazio Oliden (Orio) 7’45”
  • 8-Eulogio Ibarbia (Hernialde) 2’47”
  • 9-Julian Goitiandia (Eibar) 5’34”
  • 10-Jabier Etxaniz (Andoain) 7’21”

 

Errekartetxok mitoa berdindu zuenekoa

Santos Iriarte Etxaniz “Errekartetxo”k jaso zuen azkenean mito arturiko bihurtzeko zorian zen harria 1947ko azillaren 30ean. Lagunekin harria begiratzera joan eta hitzok esan omen zituen: “Begiz jaten diat. Hala ta guztiz ere, hainbestek jaso ezinda utzi dutenean, zerbait gaitza derrigor eduki behar dik”. Errekartetxok bere asmoa bideratzeko estrategia abian jarri zuen orduan. Auzotik atera gabe lortu zuen beharrezko laguntza.

 

Errekartexo baserria Loiolako basilikaren eskuinaldean dago. Handik oso gertu, Urola ibaia eta errepidea gurutzatuta, Izarraitz magalean, Askiola baserria dago; eta han hargina bizi zen. Errekartetxok auzoari Albizuri Handi harriaren gisakoa prestatzeko agindu zion; egiazko harriarekin galarazita zuenez, ahalik eta antzekoena nahi zuen Amezketako plazara azaldu aurretik entrenatu ahal izateko. Askiola ordea ez zen Amezketan izan harria ikusten eta Errekartetxoren azalpenekin errenditu behar izan zen bere lana egiteko. Egin zuen harria. Amezketakoa baino astunagoa gainera; ez ordea hura bezain baldarra. Antz eman zion, antz eman zionez, Errekartetxok eguna heldu zenean.

 

Errekartetxok Albizuri-Handiri kolpe egin behar ziola zabaldu zenean ikusmin itzela piztu zuen. Hilabete pasatxo zen hamar indartsuek kale egin zutenetik, baina hala ere Amezketako plaza lur-estali geratu zen 1947ko azaroaren 30ean. Mendiak elurrak zurituta zeuden, baina hotz ikaragarririk ez zuen egiten eta ateri zegoen. Ikusleek hamabosna pezeta ordaindu zuten, gehienera jota, hamar minutu iraungo zuen ekinaldiaren lekuko izateko.

 

La Voz de Españak 20.000 pezetako poltsa agindua zuen harria bizkar gainean berdintzea lortzen zuenarentzat eta horrek ere bizkortu zuen jendearen gogoa.

 

 

E eguna. Errekartetxok irabazi; erretoreak galdu

Errekartetxo bera ez dakigu baina haren lagunak-eta nahiko seguru plazaratu omen ziren. Baina bapatean konturatu ziren han ez zizkietela txori erreak ahora emango. Aurreneko ahaleginean bular aldera goitu zuen harria baina irrist egin eta erori egin zitzaion; bigarrengoan belaunen gainean jarri baina gero erortzen utzi zuen. Beste bi ahalegin antzuren ostean Errekartetxo-zaleak zeharo etsita omen zeuden ahaleginerako zegozkion hamar minutuetatik zortzi paseak zirelako. Mitoak dio orduan anaiak garrasia egin ziola herio batean: “Helduiok berriz bestela etxea-eta denak galduko dizkiagu eta!”. Eta berriz heldu zion, bosgarren aldiz, aldamenetara oraingoan. Segituan eskuineko sorbalda gainean berdindu zuen eta arauzko denboraren barruan, zortzi minutu eta hamazazpi segundo pasa zirenean. Errekartetxokoek ez zuten, hortaz, ezer galdu; ikaragarri irabazi baizik. Amezketako erretorea, Don Manuel Lizarribar, izan omen zen txanpon gehien galdu zuenetako bat.

 

Orduantxe ez ziren triste azpeitiarrak. Basarrik kontatzen duenez, munduari erronka jotzen zioten hiru lanetan; gizon-proban Zapatarirekin; harri jasotzen Errekartetxorekin; eta Arriarekin haizkoran.

 

Basarriren kronikako aurreneko lerroak laburbiltzen du bete beteko egun hartan jazo zena: “La piedra ‘Albizuri-Aundi’ ha dejado de ser inexpugnable” (Albizuri Handi harriak menperaezina izateari utzi dio).

 

Errekartetxoren altxaldiko argazkiak ikusi

 

 

Mende erdi egingo du udazkenean egun hartatik. Errekartetxoren azañaren berri dakarren La Voz de Españaren azala irakurriz, aisa igarri daiteke orduz geroztik gauza batzuk dezente aldatu direla: Realak hiru gol sartuta irabazi zion Sporting de Gijon-i; beste batzuk ez hainbeste, “Inglaterra continuará vigilando las fronteras de Palestina” (Ingalaterrak Palestinako mugak zaintzen jarraituko du) dio azaleko titularrak.

 

Errekartetxoren balentriatik urte bete baino lehenago Jose Ibar Urtain (boxeolariaren aita) lau aldiz altxatzeko gai izan zen. Gero Luis Atxega “Alde” oriotarrak harria etxera eraman ahal izatea lortu omen zuen. Gainera, entrenatzeaz gain, helduleku txikiak egin zizkion –gerora harria berdindu zuten–. Horregatik agian 1951ko udaran hamaika aldiz altxa zuen Atxegak berak eta, 1947an behin ere jasotzea lortu ez zuen Olidenek, berriz, zazpi aldiz. Garaiko prentsak horrela jaso zuen ordukoa: “Harri-jasotzaile onenak ere etsi egin dute Albizuri-Aundi harriaren aurrean, baina bi oriotarrek kartoizko jostailua bezala darabilte harritzarra”.

 

 

Biharkoa baino lehenago jokatu diren probak:

  • 1947ko urriaren 19an hamar lagun saiatu ziren harria altxatzen baina inork ez zuen lortu.
  • 1947ko azaroaren 30an altxa zuen Errekartetxok.
  • 1948ko urriaren 17an Urtainek (boxeolariaren aitak) lau aldiz jaso zuen.
  • 1951ko abuztuaren 26an Errekartetxok bost jasoaldi eman zizkion harriari
  • 1951ko azaroaren 4an bi oriotar ahalegindu ziren. Inazio Olidenek zazpi aldiz altxa zuen; Luis Atxegak hamaika aldiz.
  • 1976ko urriaren 17an ez zuen inork altxatu.
  • 1977ko urriaren 23an, Iñaki Perurenak hamairu altxaldi egin zituen. Egun berean Goenatxo I.ak bost aldiz jaso zuen, eta Iruretagoienak, Ziorrak eta Azkorretak jasoaldi bana eman zioten harriari.
  • 1978an, Perurenak hamar jasoaldi, Goenatxo I.ak zazpi, Urtain IV.ak sei, Ziorrak eta Yurrebasok bosna, Gibitegik lau eta Otaegik hiru.
  • 1990eko azaroaren 4an, marka berria. Gibitegik eta Goenatxo II.ak hamalauna jasoaldi eman zizkioten harriari, Saralegik hamaika, Patok zortzi eta Gilek bost.
  • 1996ko azaroaren 11n, Goenatxo II.ak hamabost jasoaldi, Saralegik hamabi, Ostolazak eta Patok hamarna, Izeta IIak zortzi, Elosukortak, Landarbidek eta Goikoetxeak bosna, Izeta I.ak lau, Sarasolak hiru eta Gilek bi egin zituzten.
  • 2002ko abuztuaren 24an, Aimar Irigoienek lau biderrez jaso zuen. Hamasei urte zituen orduan.

 

Bibliografia:

Gure Herria. Juegos y deportes del Pais Vasco II. Rafael Aguirre. Kriselu 1989

Gure erri-joku nagusiak. Jose Luis Iriarte. Etor. 1973

Karkara. Orio eta Aiako aldizkaria. 183. zenbakia.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Eguneraketa berriak daude