Aitor Mendiluze lehena Durangon eta Maddalen Arzallusek itxitako sailkapena

  • Azaroaren 12an Durangon jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa, lehen itzuliko azkena. Aitor Mendiluzek eskuratu du puntu gehien (726,5) eta bertan erabaki dira zein 18 bertsolarik kantatuko duten finalaurrekoetako bigarren itzulian. Bertsolari hauek bigarren saio batean kantatuko dute, eta bi saioetako puntuak batuta erabakiko da zein zazpi bertsolari arituko diren Maialen Lujanbiorekin batera abenduaren 18an Iruñean finalean.

Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi Durangoko saioan. Sailkapenean lehenengo eta bigarren egin zuten, eta saioan puntu gehien lortu zituen bertsoaldia izan zen biek elkarrekin sei puntuko motzean osatu zutena (irudian).

2022ko azaroaren 14an - 09:48

2.000 lagun elkartu dira azaroaren 12an Durangoko Landako gunean. Honela geratu dira saio osteko puntuazioak: Aitor Mendiluze 726,5 puntu; Beñat Gaztelumendi 716,5; Julio Soto 686; Aitor Bizkarra 677,5; Saioa Alkaiza 662; eta Eñaut Martikorena 636,5 puntu. Saio honetan kantatu duten bertsolari guztiek lortu dute bigarren fasera pasatzea.

Bertsoa.eus webgunean ikus daitezke saio horretako bertsoaldi guztiak. Puntuazio gehien lortu zuen saioa Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik sei puntuko motzean egin zutena izan zen.

Finalaurrekoetako bigarren itzulian kantatuko duten 18 bertsolariak

Hemen ikus daiteke sailkapen taula osorik. Finalaurrekoetako lehen errondan kantatuta eman diote amaiera Txapelketari Ane Labakak, Nerea Elustondok, Iñaki Apalategik, Asiera Azpirozez, Haritz Mujikak eta Aitor Etxebarriazarragak.

Aurrera jarraituko dute beste hemezortziek, eta finalean kantatzeko lehen zazpi postuetan sartzea izango dute helburu taularen goialdean ageri direnek. Hauen artean, 710 puntutik gora batuak dituzte jada Alaia Martinek (729,5), Aitor Mendiluzek (726,5), Beñat Gaztelumendik (716,5), Joanes Illarregik (711) eta Sustrai Colinak (710). Hurrengo hirukoteak 685 puntutik gora ditu: Oihana Iguaran (688,5), Amets Arzallus (688) eta Julio Soto (686). Hauen artean jada zortzi bertsolariko multzoa osatzen dute, eta finalerako txartela zazpik lortuko dute.

Baina hurrengo eskailera mailan beste hiru bertsolari daude 670 puntutik gora dituztenak, gorako jauzia egiten saiatuko direnak: Aitor Bizkarra (677,5), Agin Laburu (677) eta Nerea Ibarzabal (673).

12. postutik aurrera, zakuan batutako puntuak gutxitu ahala geroz eta handiagoa da bigarren saioan egin beharreko jauzia eta ekuazioan gertatu beharrekoa da baita ere goikoek irrist egitea, baina gertatu arte, ezer ez dago erabakita. Eta bertsolari hauek guztiek milaka lagunen aurrean berriz kantatzeko txartela eskuratua dute, eta hori ez denez egunero gertatzen, bigarren saioan ere bertsoak zukutzen saiatuko dira: Saioa Alkaiza (662 puntu), Jone Uria (660,5), Unai Agirre (652,5), Miren Artetxe (644,5), Onintza Enbeita (639,5), Eñaut Martikorena (636,5) eta Maddalen Arzallus (635).

Ezaugarriei begira, bigarren itzulirako sailkatutako 18 bertsolarien artean 8 dira emakumezkoak eta 10 gizonezkoak. Zazpi dira Gipuzkoakoak, lau Bizkaikoak, hiru Nafarroakoak eta hiru Lapurdikoak.

Hurrengo saioa azaroaren 19an Amurrion

Amurrioko Bañueta kiroldegian jokatuko da bigarren itzuliko lehen saioa. Sailkapen taulari begira, emozioz beteriko saioa da: bertan kantatuko dute finalaurrekoetan orain arte puntu gehien lortu dituen Alaia Martinek, finalerako lehian Arzallus eta Sotorekin puntutan oso parekatsu dagoen Oihana Iguaranek, eta batutako puntuetan hurrengo koskan dauden Aitor Bizkarrak eta Agin Laburuk. Beraz, Amurrioko saioak pista emango du finalera sartzeko langa zenbat puntutan egon daitekeen.

Hona hemen kantatuko duten sei bertsolariak: Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Iguaran Barandiaran eta Onintza Enbeita Maguregi.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude