Ahaidetasunaz eta amatasunaz hausnartzeko aukera Emaginen eskutik

  • Ahaidetasunen, gurasotasunen zein amatasunen inguruan hausnartzeko hiru mintegi eskainiko ditu Emaginek. Elkar-zaintza aldarrikatu nahi dute jardunaldietan, besteak beste. Larunbatean izango da lehenengoa, Azpeitian.


2023ko urriaren 6an - 11:58
2022ko (Ez) amatasunak jardunaldia. / Argazkia: Emagin
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hiru mintegi antolatu ditu Emaginek, iazko azaroan eskainitako (ez) amatasunen jardunaldiekin jarraitzeko asmoz. Kale edo bale, ahaidetasun feministetara! Azpeitia, Zumaia eta Errenteriara iritsiko da udazkenean. Besteak beste, ahaidetasunen, gurasotasunen zein amatasunen inguruan hausnartuko dute jardunaldiotan. Lehena bihar izango da Azpeitian. Hainbat galderi erantzutea izango dute xede mintegietan, esaterako, senidetasun iruditeria berriak nola indartu, erditzen diren gorputzen beharrak zeintzuk diren edota amatasunak dakarren bakardadearen aurrean nola jokatu behar den. Informazio guztia mintegien webgunean dago ikusgai.

Amatasunen ondoezak eta erresistentziak jorratuko dituzte larunbatean goizeko 9etatik aurrera Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Egungo muga eta ondoezez arituko dira gonbidatuen artean Parean Elkartea, Silvia Agüero Fernández, eta Natalia Gardeazabal Díez. Ondoren, Azpeitiko Amen Sarearen eskutik "Gure minak sendatzen" jardunaldia izango da.

Bigarren mintegia Zumaian izango da urriaren 21ean. Ahaidetasunen fikzioak eta utopiak landuko dituzte Zumaiako emakumeon* Etxean. Ama eta Asunak erakusketa, dokumentala eta solasaldia eskainiko dute June Baonza Pagaldairen eskutik, eta ondoren, mahai ingurua Jule Goikoetxea Mentxaka, Elixabete Imaz Martínez, Danele Sarriugarte Mochalesekin.

Azkenik, Errenterian azaroaren 18an eskainiko dute azkena. Errenteriako Emakumeen Etxean absentzia eta eraldaketen inguruan ariko dira. Hiru ikuspegitik landuko dituzte: aitatasuna, espazioen diseinua eta politika instituzionalak. Gonbidatuen artean Asier Arizkorreta Hurtado, Ula Iruretagoiena Busturia eta Oihana Etxebarrieta Legrand izango dira. Ondoren, Oskar Tejedorrek zuzendutako En tránsito dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango dituzte Bidez-Bidekoekin.

Gizakion zaintza, bazterrean

Erreprodukzio sozialaren “krisi sakon” baten aurrean gaudela nabarmendu dute Emagineko kideek: “Bizitzak aurrera egiteko eta era duinean erreproduzitzeko erabateko oztopoak ditu”. Emaginek elkar-zaintza aldarrikatu du, arrakastaren eredua erabateko autonomiarekin lotuta dagoen honetan. “Ez ditugu kriantzak, familiak, afektibotasunak, gurasotasunak eta zaintzak indarkeriaz josita dauden egituretara mugatu nahi, hortik harago sortu nahi ditugu ahaidetasunak”, adierazi dute. Gizakion zaintza gizartearen “bazterrean” geratu dela azpimarratu dute: “Bere tokian kapitalaren metaketa jarri da, eta zaintza zein ugalketa indibidualizatu, feminizatu eta merkantilizatu dira”.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.