Agur lip dub, kaixo barrikada

  • “Barrikadak jartzen ditugu eta su ematen diegu gure burua babesteko, Poliziak jendea jipoitu ez dezan”. Ongi laburtzen du txio honek Katalunian zabaldu den fase berria.

Irailaren 15eko istiluak Bartzelonako erdigunean. Argazkia: Jordi Borrás | El Mon

2019ko urriaren 16an - 12:25

Irribarreen Iraultzarenak egin du. 2017ko urriaren batean Espainiako Estatuaren borrek lehen burua ireki zuten unean bertan hil zuten. Errepresio orokorrari ekitea erabaki zuen Madrilgo makineriak, autonomia 155 aldiz indargabetuz, politikariak 10 urtez espetxean sartuz, menpeko hedabideen bitartez milioika lagun kriminalizatuz edo pilotakadaz gorputz independentistak mutilatuz. Azken bi urteotan argi izan dute bidea Moncloan eta haren estoldetan, Katalunian desmobilizazioa areagotzen eta alderdi politikoek zatiketa erridikuluraino eramaten zuten bitartean.

Bukatu da autodeterminazio eskubidea lortzeko irribarretsu eta lasai kalera masiboki ateratzearekin nahikoa zen ametsa, urtu hasierako Diadetako normaltasun demokratikoaren giro hori eta desagertu independentismo magikoaren jugada mestra gehiagoren zain egotea. Erresistentzia garaia dute aurretik lagun katalanek, eta krisi orotan bezala, arriskuak eta aukera berriak.

Arriskuak, askotarikoak. Baina nagusiki errepresioak norberaren txarrena ateratzekoa. Ezkutuaren barruan gotortzekoa, eta denborarekin ulertzen zailak diren egoera, erabaki eta ekintzak egitea. Batzuek hala saldu nahi badute ere, baita Euskal Herrian bertan ere, Espainiako Estatua ez dago ahul, guztiz kontrakoa. Ahula da argudioetan. Espainiak ez du konbentzitzen. Baina ez du behar. Historiaren une kritikoetan, inoiz ez du limurtzearen beharra izan. Garrulismo politikoa, indarkeria, askoz errentagarriagoa izan zaio. Zaildua dago horretan. Demofobia justifikatzeko makineria mediatiko eta politikoa oso koipeztuta dauka. Dena da ETAren garaikook ondo dakigun bezalaxe.

Olentzero gurasoak dira, baita nazioarteko komunitatea edo justizia sistema ere. Espainian bederen ez dutelako eraginik. Biolentziarik gabe proiektu oro defendatu daiteke Espainian. Bai. Baina defendatu bakarrik, ez gauzatu. Legea borrokatu, desobeditu, ezean.

Aukerak ere paregabeak dira. Mobilizazio eta autogestio gaitasun paregabea, itzela, erakutsi dute katalanek azken urteotan. Konbentzitzeko botere hori handitzeko abagunea da, independentismoak gizartearen %50eko langa gainditzeko, independentisten eta erabakitzeko eskubidearen alde daudenen arteko zubiak trinkotzeko, batzeko. Amnistia eta autodeterminazioa ikur hartuta, alderdien lotsak azpiratu eta berriz ere partida eramanarazteko mingarri zaien jokalekura: desobedientzia herritar masiboa instituzioek bere egitea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude