Adimen artifizialean murgiltzeko beharra, berandu izan baino lehen

  • Estaturik gabeko nazioen subiranotasuna eta identitatea jorratu ditu Nazionalismoa ikertuz nazioarteko kongresuak azaroaren 27an eta 28an, Bilboko EHUren Bizkaia aretoan, Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Subiranotasuna Europako Herrietan masterreko partaideek antolatuta. Bigarren egunean, adimen artifizialaren auzian euskal kasua aztertu dute Olatz Arbelaitz, Asier Amezaga eta Igor Calzada ikertzaile eta irakasleek.

Eneko Imaz / ARGIA CC BY SA

2025eko abenduaren 1ean - 07:36
Azken eguneraketa: 16:45
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

“Gaian aditua izan ez arren, gauza bat azpimarratu nahi dut: euskal herritarrontzat, adimen artifiziala eta digitalizazioa borrokatu beharreko espazioak dira”, horrela ekin zioen Joseba Permach EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa fakultateko irakasleak mahai inguruari, saioaren dinamizatzaile gisa.

Digitalizazioan eta teknologia berrietan urte luzeko ibilbidea duten adituak izan zituen alboan Permachek: Olatz Arbelaitz EHUko irakaslea, Aldapa ikerketa taldeko burua eta PuntuEus fundazioko lehendakaria; Asier Amezaga EHUko irakaslea Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean; eta Igor Calzada Ikerbasqueko eta Galesko Cardiff unibertsitateko ikertzailea.

Calzadak eskerrak eman zizkien nazioarteko kongresuko antolatzaileei saioagatik, Euskal Herria “atzean” geratzen ari baita adimen artifizialaren eta digitalizazioaren espazioetan. Calzadak espazio horietan murgiltzeko beharra azpimarratu zuen, “aukera paregabea” ematen baitute sare digitalaren egungo “egitura tekno-kapitalista” gainditzeko: “Adimen artifiziala protokolo irekietan eta egitura deszentralizatuan oinarrituta dago”.

Calzadak espazio horietan murgiltzeko beharra azpimarratu zuen, “aukera paregabea” ematen baitute sare digitalaren egungo “egitura tekno-kapitalista” gainditzeko

Egungo nazioarteko testuinguru digitalean Euskal Herriak jarraitu beharreko eredu gisa, Calzadak Europaren kasua azpimarratu zuen: European Strategic Sovereign Digital Infraestructures (Europako Azpiegitura Digital Subirano Estrategikoak) egitasmoa. Ikerbasqueko ikertzailearen ustetan hari esker Europa bere nortasun digitala berrasmatzen ari da: “Horren helburua da zatitutako azpiegitura bat bateratzea, tokiko gobernuek geroz eta eskumen gehiago izan ditzaten adimen artifizialean”.

Azpiegitura digitalaren egitura aztertzen

EHUren Leioako (Bizkaia) campuseko GKZ Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea da Asier Ameazaga. Fakultateko beste hainbat ikerketa talderekin batera, azpiegitura digitalarekin fakultatearentzako “proposamen subirano bat” prestatzen ari da, eta prozesu horretan orain arte eginiko hausnarketak plazaratu zituen mahai inguruan.

Lehenbizi, EHUko irakasleak azpimarratu zuen adimen artifiziala “operazio eta irudikapen multzo bat” dela: “Software-a eta hardware-a harremanetan jartzen dituen makina izango litzateke, gizarte harremanak objektu bihurtzen dituena”. Gizarte harremanak “lausotzeko” funtzio hori, ordea, ez dela berria azpimarratu zuen Amezagak: “XVII. mendetik gizakiaren eta naturaren arteko harremanen bereizketa eman da”.

Horren ondorioz, gizartearen “irudikapen estatistikoa” dagoela adierazi zuen Amezagak, eta hori iraultzeko tresna bat software sozialaren ikuspegia dela azpimarratu: “Subiranotasuna konputazio ariketa bat izanda, software sozialak konputazio hori hierarkikoa ez izatea dakar”.

“Enpresa handien algoritmoek kontrolatzen gaituzte, gure egiteko moduak eta izateko erak ezagutzen baitituzte” (Olatz Arbelaitz)

Teknologiak gure egunerokotasuna baldintzatzen du”

Mahai inguruarekin amaitzeko, Olatz Arbelaitzek hartu zuen hitza. PuntuEus fundazioko lehendakariak nabarmendu zuen teknologia ez dela “tresna huts bat”, baizik eta gizakien egunerokotasuna baldintzatzen duela: “Enpresa handien algoritmoek kontrolatzen gaituzte, gure egiteko moduak eta izateko erak ezagutzen baitituzte”. Horregatik, Arbelaitzek adierazi zuen “ezinbestekoa” duela euskal komunitateak sare digitala lantzea.

Sare digitala lantzeko lehen pausoak ezartzeko mugarri izan zen eta garrantzi handikoa izaten jarraitzen duen Informatikari Euskaldunen Topaketa aipatu zuen Arbelaitzek. 1996an lehen edizioa eginda, geroztik euskal komunitatearen ikuspuntutik teknologia munduan “puntan” dauden auziak landu dituela nabarmendu zuen, euskal komunitatea horietan presente egon dadin. Beste mugarrietako bat PuntuEus fundazioaren sorrera izan zela adierazi zuen Arbelaitzek, 2014an .eus domeinua argitaratzea lortu zuena: “Interneten euskara eta euskal kultura sortzeko euskal komunitateari nortasuna ematen dio, euskarari nazioarteko aitortza emateko tresna izateaz gain”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adimen artifiziala
2025eko azaroaren 19
Teknologia
AA-ren jokoa

Eguneraketa berriak daude