Abokatu euskaldunak: Desobedientzia, euskara ez dadin epaitegietan hizkuntza arrotza izan

  • 1990eko hamarkadaren amaieran borroka sutsua egin zuten epaitegietan abokatu euskaldunek. Euskarari beste hizkuntzen balio bera eman eta Justizia euskalduntzeko saiakera egin zuten, hala nola materiala prestatuz eta epaiketetan euskara hutsean jardunez. Garesti ordaindu zuten, ordea, eta abokatu andanari jarri zizkieten 300.000 pezeta inguruko isunak. Jon Etxabe Jauregi izan zen horietako bat, eta tristuraz oroitzen du nola galdu duten euskararen auzibidea, momentuz behintzat.


2022ko apirilaren 11n - 10:01
1997 amaieran abokatu euskaldunen sindikatua sortu zuten. / Argazkia: Xouse Simal, Euskaldunon Egunkaria.

Euskarak traba egiten du toki askotan, zenbait arrazoi tarteko, eta epaitegiak dira eremu horietako bat. 1990eko hamarkadan, batik bat 1995 eta 1997 artean, horri aurre egiten saiatu ziren hainbat abokatu euskaldun, eta euskarari epaitegietan ere lekua egin nahi izan zioten: euskara balioan jarri eta epaiketak bertako hizkuntzan egin behar zirela aldarrikatu zuten. Ez hori bakarrik, aldarriez harago, ekinera jo zuten. Jon Etxabe Jauregi besteren artean abokatua eta UZEIko presidentea da, eta garai hartan ere bi arlo horiek uztartu eta Abokatuen Elkargoko beste hainbatekin borroka egin zuen. Urte haietan jada Euskara Batzordea zuen Elkargoak, eta Etxabe hara batu zen: “Beti izan dut euskararekiko minberatasuna”, zehaztu du.

UZEIko presidentea ere bada Jon Etxabe abokatua. Argazkia: Dani Blanco.

Tentsio handiko aldia izan zen, euskara kosta ahala kosta sartu nahi zutelako epaitegietan, eta askori ez zitzaielako gustatu. Etxabek gogoratzen du epaiketa bortitz batzuk sortu zirela: “Engranajean presioa egin nahi genuen, eta epaiketak euskaraz egitea bortxatu”. Beharra piztu nahi zuten, fiskalek eta epaileek euskaraz egin zezaten bultzatu.

Abokatu euskaldunek euskaraz egiten zituzten defentsak eta, ez zietenez ulertzen, epaiketak atzeratu behar izaten zituzten. Itzulpenak egitea eskaintzen zieten, baina abokatuek ez zuten onartzen elebidunez egitea: “Espainola da Justiziaren hizkuntza bakarra, eta besteak hizkuntza atzerritarrak dira; euskara hizkuntza arrotz gisa tratatzen da eta itzulpena behar du”. Euskara oinarri izatea eskatzen zuten, ez gazteleraren mendeko. “Traduttore, traditore”, gehitu du Etxabek, itzulpenetan galtzen diren ñabardurez ohartarazteko.

Euskaraz ez bada ez da epaituko

1997ko azaroaren 27an izandako epaiketa oroitu du Etxabek. Ainhoa Erkizia Eskolano eta biek egin zuten defentsa Gipuzkoako Lehen Entzutegian, komunikabidez eta herritarrez lepo betetako epaitegian. Bi horien aurretik kasua zeramaten beste bi abokatuak baztertu egin zituen entzutegiak, ez zutelako gazteleraz egin nahi, eta haiek ez zutelako fiskal eta epaile euskaldunik jarri nahi. Beraz, jakin-min izugarria zegoen Etxabe eta Erkiziarekin zer gertatuko ote zen.

Entzutegiak euskararekin zuen jarrera salatzeko prentsaurrekoa. / Argazkia: Juan Carlos Ruiz, Euskaldunon Egunkaria.

Etxabek txosten bat prestatu zuen defentsarako, “nahiko alegorikoa”, euskaraz ia osorik: Gaurko epaiketa dela eta euskaldunon mamu denak azaldu zaizkit bira-biraka, gau hots eta ilunean suziria eskuan zutela. On Joxe Miel ere azaldu zait eta zioen: “Esan iezaiek gu hemengoak garela, izarren hautsetik gatozela. Erregea izan aurretik jentilen legepean bizi ginela”. Nahiz eta eukaldunak eta hemengoak izan, euskara bezeroarentzat kaltegarria zen; abokatuek lehenbailehen itxi nahi zituzten kasuak, baina euskaraz egiteagatik atzeratu egiten zieten, denen gaitzerako.

Zirkuito euskalduna eta epaile naturalak

Marik bere erreka ondotik urrezko orrazia eskaini dit, esanaz gure lurraldea orraztuko duela oraingoan. Azken aldi honetan nahiko jentil arrotz eta harro omen dabiltza gure inguruan eta. Arroztasunaren aurrean bazuten soluzioa: abokatuek “zirkuito euskalduna” eratzea proposatu zuten, alegia, epaiketak euskaraz izatea bermatzeko fiskal, epaile eta idazkari euskaldun batzuk lortzea, edo baten batek euskaraz ikastea. Etxabek penaz dio ez zutela inoiz hori erdietsi. Izan ere, oztopo ugari izan zituzten, eta legearen aurrean gutxi egin zezaketen. 30 urte geroago, aldarrikapen berberak dituzte.

Legez, epaileak naturala izan behar du, hau da, ausazkoa. Epaileek abokatu euskaldunei leporatzen zieten zirkuito euskaldunarekin epaileak beti berberak izango zirela, eta hori legez kanpokoa dela. Euskaraz ez jakiteagatik diskriminatu egingo zituztela zioten. “Aitzakia bat zen, baina gure diskurtsoaren galbidea izan zen”.

90eko hamarkadan epaitegiak euskalduntzeko saiakera sutsua egin zuten abokatuek. / Argazkia: Edurne Koch, Euskaldunon Egunkaria.

Lekukoa pasatzeko eskurik ez

1997ko auzi hartan epaileek Erkizia eta Etxaberi galdegin zieten diskurtsoa gaztelaniaz egiteko; altxa eta martxa egin zuten. Ondorioz, isunak iritsi zitzaizkien, bakoitzari 300.000 pezeta (2.000 bat euro) ingurukoak, desobedientzia delituak egotzita. Nahiz eta errekurtso bidez zifra jaistea lortu, garesti ordaindu zuten euskaraz egitea. Etxabek ez zuen ordaindu, baina enbargatu egin zioten diru hori. Abokatu ugariri ezarri zizkietenez isunak, kontu korronte bat zabaldu zuten herritarrek ordaintzen lagun zezaten, baina ez zen nahikoa izan.

Abokatu gazte asko hasi berriak ziren, diru askorik ez zutenak, eta konturatzen zirenak ibilbide profesionalerako kaltegarria izan zitekeela borroka horretan aritzea. “Ikusi zuten bizi egin behar zutela, eta pentsatu zuten gazteleraz ere egin zezaketela. Hori triste, triste, tristea da”. XXI. mende hasierarako abokatu euskaldunen borroka ahulduta zegoen. Inaxio ere azaldu zait eta zioen: “Ez hadi makurtu eta joan hadi aurrera konpainiarekin batera, txispaz armaturik eta banderak zabalik”.

Etxabek espero du hiru bat urte barru erretiroa hartzea, baina ez du somatzen datozen belaunaldiak prest daudenik erreleboa hartzeko. Nori pasako diote lekukoa 90eko hamarkadan borrokatutakoek? “Badago jende gaztea, baina ez daude prest bustitzeko, presioa egin eta arriskuak hartzeko”. Gazteek badute zeri heldu, zeren Etxaberen belaunaldia hasi baitzen oinarri euskaldunak sortzen; hainbat bolondres Zuzenbiderako euskarazko materiala hutsetik egiten hasi ziren, eta egun testu-liburu eta terminologia zehatzeko hiztegi asko daude.

Beraz, euskara prest dago epaitegietarako, baina ez garatuta: “Hizkuntza bat garatzeko erabili egin behar duzu. Nola? Epaiketak eginaz, demandak prestatuz... eta hizkuntza eta erretorika bat sortuz”. Eta hori ez da egun batetik bestera lortzen. Gainera, Etxabe jakitun da borondatearekin bakarrik ez direla gauzak aldatzen: “Guk lege aldaketa nahi dugu”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


Eguneraketa berriak daude