31. Argia Sariak banatu ditugu

  • Usurbilgo Atxega jatetxean bazkaldu ostean, 2019an ARGIAren mendeurrena ospatzeko egin ditugun ekitaldien bideoa ikusi dugu, eta jarraian ARGIAko lantaldearen izenean diskurtsoa irakurri du Mikel Garcia Idiakez lankideak. Ondoren banatu ditugu ARGIA Sariak.


2020ko otsailaren 03an - 00:08
Argazkia: Dani Blanco.

[Argazkian: Goian, Iker Galartza (Gure Zirkua), Ane Miren (Gure Zirkua), Maite Rementeria (Egunean Behin), Bittor Poza (Egunean Behin), Xabier Arenaza (‘Hankak lurrin’), Iñaki Segurola (‘Hankak lurrin’), Bertha Gaztelumendi (‘Ez, eskerrikasko. Gladysen leihoa’), Sabino Ormazabal (‘Ez, eskerrikasko. Gladysen leihoa’), Maixa Olano (Berria) eta Manu Martínez (Judimendiko gazte asanblada). Behean: Unai Zabaleta (Gure Zirkua), Josu Azpillaga (Egunean Behin), Jakes Goikoetxea (Berria), Ibon Villarreal (Iruñerriko apustu etxeen kontrako plataforma), Gaizka Suárez (Eragin), Maitane Erro (Iruñerriko apustu etxeen kontrako plataforma), Ainara Pie de Hierro (Elkar-ekin) eta Maialen Sáez de Ocariz (Judimendiko gazte asanblada) / Argazkilaria: Dani Blanco].

31. edizioko sarituak honakoak izan dira:

IRRATIA: “Hankak lurrin” saioa (Xabier Arenaza, Iñaki Segurola eta Miel Rodriguez).

PRENTSA: Berria egunkariko igandeetako azalak (Jakes Goikoetxea eta Maixa Olanok jaso dute saria).

IKUS-ENTZUNEZKOA: “Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa” dokumentala (Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal).

INTERNET: “Egunean Behin” aplikazioa (CodeSyntax).

KANPAINA: Apustu etxe eta joko aretoen aurkako mugimenduak (Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Azpeitiko eragileak).

MEREZIMENDUZKOA: Gure Zirkua (Iker Galartza, Unai Zabaleta eta Ane Mirenek jaso dute saria).

Horrela argudiatu ditugu sariak:

Irratia:

Euskaraz umorea egiten duten saioak ez dira asko. Eta horietatik rara avis dira umore kabroia egiten dutenak. Hau da, politikoki zuzenaren mugak aintzat hartzen dituztenak, baina haiekin jolasteko, gainditzeko ala zuzenean bortxatzeko. Eta horri gehitzen badiogu, herri mailako irrati batean egiten dela, eskualdeko bi euskalki uztartuz, AHTa baino azkarrago hitz egiten eta hitanoz… artefaktua are bereziagoa da.

“Konkluixuk atáatzeko”, ez entzun. Baina buruko meloiari zukua atera nahi izanez gero, tartean algara batzuk eginez, hauxe da saioa.

Sakon ez, baina zeriyo eta propiyo hitzeitebe bi astean behingo juntadixuen 2013tik. Honen ta haren gañin lasai eta gozo ordubetez. Taberna batean arituko balira bezala, edo hobe esanda, taberna libre batean. Miel, Mamo eta Ogrue hirutasun santuba…

Prentsa:

2014ko ekainean ikusi genuen lehenbizikoz. Gure Esku Dago-ren giza kateari buruzkoa zen. Mendi tontor berdea, eta koloretako figura ugari elkar helduta. “Esku bete itxaropen”, zioen goiburuak. Bost urte baino gehiago pasa dira ordutik, baina bereizgarri duen ukitu freskoari ederki eusten diote, barnealdeko sakontasunaren erakusleiho. Astekoa egunerokoan. Ez espero bezperako irudirik ikustea… Zer edo zer gehiago ekartzen saiatzen dira, argazki bat oinarri batzuetan, kontzeptualagoak besteetan, bizpahiru segundoan harrapatzeko modukoak denak. “Ideiak zerbait soila izan behar duelako, garbia”… egileek inoiz azaldu dutenez. “Saiatzen gara lehenengo kolpean irudi zuzen bat edo gauza sinple bat transmititzen, jolas bat egiten irakurlearekin”, diote. Baita lortu ere.

Ikus-entzunezkoa:

Herri berdeago bat nahi zenuen defendatu, / Eguzkiarekiko harremanak beharrez kantatu… Hala zioen duela 40 urteko poema batek. Nuklearren kontrako borroka indartsu zegoen, eta testuinguru horretan gertatu zen tragedia Tuteran. Gaur sarituko dugun dokumentalak oroimena, justizia-nahia eta transmisioa ditu ardatz. Gogora dakar militante ekologista ez zegoela kasualitatez Ebroko zubian; “Eguzkia eta askatasuna maite zituelako” hil zutela …hiltzaileari dominak birritan jarri zizkioten bitartean.

Heriotza eta bizitza hura eredu gisa harturik, orduko mugimendu antinuklearraren eztabaidak eta erronkak gaur egunera ekarri ditu lan honek; testigantzak, dokumentuak eta irudiak elkarren artean ezin hobekiago josiz.

Internet:

“Otsailaren 3an itzuliko gara”. Urte berriarekin batera Hori irakurtzeak dozenaka milaka laguni hutsunea sorrarazi digu. Izan ere, aurrena engantxarazi, yonki bilakatu eta ondoren eguneko dosia horrela, bat-batean, eskuetatik kentzea… hori ez da egiten.

Halere, eskerrak eman behar dizkizuegu. Eskerrik asko galdera existentzialez betetzeagatik 2019ko egunak:

- Oindolar mendiak 765 metro ditu ala 763?

- Gaur azkar egin, ti-ta, pentsau barik, ala tenplau?

- Kabeeeen zotz, Mikel potrosoak berriro 10 egin ditu, zein engainatuko ote zuen bera laguntzeko?

- 1978ko Eurovisión Israelek irabazi zuela ez du esan ba… baina noiztik dago Israel Europan!?

Galderak galdera, esker mila behin edo beste Einsteinen pare sentiarazteagatik eta… garrantzitsuena, mila mila esker, komunera joatea orain emaitza jakinik gabeko abentura bilakatzeagatik.

Kanpaina:

Euskal Herrian sakon errotutako ohitura dela diote. Ongi pasaraztea besterik ez duela helburu. Zinemara edo kontzertu batera joatearen parekoa dela, dirua produktu baten truke. Truke horretan irabazi ala galdu egingo dugun, beste kontu bat da. Kontuak egiten dituztenek ederki dakite hori. Norbaitek behar du galdu, eurek irabazteko. Telefono mugikorrak dituzte aliatu, eta zabaldu dituzten dozenaka aretoak gotorleku. Beste edozein denbora-pasa bezalakoa omen da. Zilegia erabat.

Hainbat kolektibok, ordea, ez diote amuari kosk egin, eta herriz herri, auzoz auzo antolatuta, euren ezinegona kalera atera dute, Gasteizen, Azpeitian, Bilbon, Iruñean… Herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, eta administrazioa urratsak ematera behartu. Esaerak dioen bezala, “ez delako errenta”.

Merezimenduzkoa:

Bidaia zinez erromantikoa irudituko zaizue beharbada. Erronkari eutsi zionak dio, apustutik gehiago duela, erromantizismotik baino. Familiaren etxea internetetik erostea, ez da ez, oso erromantikoa! Oinak lurrean, eta etxea gainean, Euskal Herriko txoko ugaritara heldu dira umorea, goxotasuna eta harritzeko gaitasuna hedatzen. Artista familia ibiltaria, aitzindaria dela esan dezakegu. Bi urte baino ez daramatza batera eta bestera, baina abenturak jarraitu behar duela diote.

Gustura atera ez den norbait aurkitzea lan zaila da. Jarraitzaileak baino jarraitzaile sutsuak dituzte eta. “Zer moduz?”, galdetu omen zion behin batek ikusle bati, eta hala erantzun ikusleak: “Oso ondo, sinplea, umila, betikoa, haurtzarora itzuli gara”. Gurea, alegia.

Sarituen hitzak eta bideoa, Argia Sarien Kanalean aurki ditzakezu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Sariak 2020
2020-02-03 | ARGIA
"Ez, eskerrik asko" dokumentala - Ikus-entzunezko saria
"Gladys eta antinuklearrez hitz egitea Euskal Herriko konplexutasunaz hitz egitea da"

“Gladys eta antinuklearrez hitz egitea Euskal Herriko konplexutasunaz hitz egitea da”


2020-02-03 | ARGIA
Kanpaina onenari saria: Apustu etxeen aurkako mugimendua
"Borrokan jarraitzea da arazoa amaitzeko bidea"

Argia Sariek emandako aukera aprobetxatu nahi izan dute apustu-etxeen aurkako mugimenduko eragileek, euren mezua zabaltzeko: "Borrokan jarraitzea da arazoa amaitzeko bidea".


2020-02-03 | ARGIA
Internet Saria, Egunean Behin jokoa
Euskaldunen komunitatera iristeko sustapen-tresna

ARGIA 2020ko Internet Saria babesle guztiei eskaini die Maite Rementeriak CodeSintax enpresako lantaldearen izenean. "Aste bakoitzeko sariak ematen zenbait ekimen izan ditugu sustatzaile, batzuk komertzialak, eta besteak herri-ekimenak, eta uste dugu... [+]


2020-02-03 | ARGIA
Irratia Saria: Hankak Lurrin irratsaioa
"Boterea handia da, baina jendearen ahala mugarik gabekoa da"

Hankak Lurrin irratsaioa, irizpiderik gabe, prestakuntzarik gabe, seriotasunik gabe, lanketarik gabe, ordenarik eta txukuntasunik gabe, teknikoa kristal baten atzera kondenatu gabe, eta ia nahi gabe egiten dela HL, eta saririk gabe ere berdin-berdin egingo zela, eta egingo dela... [+]


2020-02-03 | ARGIA
Merezimendu saria: Gure Zirkua
"Ez ginela kultura esan ziguten, feriante ginela, beraz feriante izatea erabaki genuen, eta oso pozik gaude"

"Kultura egin nahi genuen, baina instituzio eta abarretatik esan ziguten behin eta berriz ezetz, gu ez ginela kultura, gu feriante ginela; azkenean feriante izatea erabaki genuen, eta oso pozik gaude –adierazi du Iker Galartzak umoretsu, saria... [+]


Eguneraketa berriak daude