Kataluniako Diada egunean jendez osatutako “V” erraldoi bat irudikatuko dute Bartzelonan azaroaren 9ko erreferendumaren alde. El Punt Avui egunkariak ekitaldia antolatzen duen ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente Carme Forcadell elkarrizketatu du.
“Ziur gaude arrakasta izango duela, eta iaz baino jende gehiago apuntatuko dela”, dio Forcadellek, nahiz eta “V”rako inskripzioek espero zutena baino mantsoago joan. Hala ere, iaz bezala, oporren bueltan izen-emateak indar hartzen ari direla dio ANCren presidenteak. 15.000 bat pertsona apuntatzen dira egunero irailaren 11ko “V” erraldoian parte-hartzeko.
“V”a egitea iazko giza katea baino konplexuagoa dela adierazi du eta lehendik izena ematea eskatzen dute antolatzaileek: “Jendeak ez du kontuan hartzen ez dugula manifestazio bat egingo, 200.000 metro koadroko banderaren mosaiko erraldoia baizik. Izena eman behar dugu, bestela ez da aterako”.
Forcadellen ustez, helburuak lortzeko jendea mobilizatzea ezinbestekoa da: “2012koak gobernu subiranista izateko balio izan zuen, 2013koak data eta galdera izateko, eta 2014koak kontsulta irabazteko balioko du. Irailaren 11koa indartzeko balioko digu, baina kontsultaren legitimitatea badugu jada, ez digu inork kenduko”.
“Bozkatzeko eskubidea ukatzea larria da. Hori da ilegala izan beharko litzatekeena eta antidemokratikoa dena”, adierazi du Espainiako Gobernuaren jarreraz galdetu diotenean. Hala ere, ziur dago azaroaren 9ko kontsulta legalitatearen barruan egingo dutela: “Espainiako legediaren arabera egitea gustatuko litzaiguke, baina era guztietara saiatu gara eta ezetza baino ez dugu jaso. Beraz, Kataluniako legediaren arabera egingo dugu”.