1.796 lagun ari dira bertso eskoletan 117 herritan

  • 117 herritan daude bertso eskolak eta hauetan 1.300 inguru haur eta 430 inguru heldu ari dira bertsotan egiten ikasten. 112 dira irakasleak. 18 urtetik beherako taldeetan, %56 dira neskak eta %44 dira mutilak; baina zenbakiak irauli egiten dira helduen taldeetara iristean: %30 dira emakumeak eta %70 gizonak. Bertso eskolan dabiltzanen %6 baino ez da ari txapelketa prestatzen, gehienak hasi berriak edo bat-batean trebatzen ari direnak dira.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2020ko otsailaren 05an - 11:33

Datu hauek guztiak egin ditu publiko Bertsozale.eus webguneak, eta bertatik hartua datuen ondorengo irakurketa:

Osasun ona adierazten dute, oro har, bertso-eskolen inguruan azken hilabeteotan  jasotako datuek: 1.796 lagun elkartzen dira 117 herritako bertso-eskoletan beren zaletasuna partekatzeko. Belaunaldi batetik bestera partekatzen den zaletasuna da gainera, 1.300 bat haur eta 430 heldu inguru elkartzen baititu; eta horretarako 112 irakasle aritzen dira.

 

Egilea: Jakub Szafranski

 

 

Bertso-eskola Zizurkilen. Argazkia: Jakub Szafranski / XDZ

 

 

 

 

Era berean, indarrak non jarri behar diren atzematen ere laguntzen dute datuok. Alderdi horietako bat generoaren esparruan dago, helduen bertso-eskoletan gizonen eta emakumeen kopuruen artean dagoen arrakala tarteko; hala, talde horietan emakumeen parte-hartzea nola sustatu daitekeen aztertu beharko da. Irakasleen behar anitzei erantzuteko modua zehaztea eta lurralde bakoitzeko irakurketa egitea ere egitekoetan zerrendatuta ditugu.

Zantzuak zantzu, datu bilketa kopuruetan oinarrituta dago, eta kopuruen irakurketa sakonagoa ez ezik, eragina duen bestelako informazio gehiagoren bilketa ere beharrezkoa da zenbaki horien arrazoia ezagutzeko: parte-hartzaileen bizipenak edota tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak, esate baterako.

Haurren taldeetan, erdia; helduenetan, herena baino gutxiago

Zehazki, 1.796 partaide aritzen dira bertso-eskolan, 117 herritan dauden 259 taldeetan. Emakumeen eta gizonen kopuruak antzerakoak dira - %49 emakumeak; %51 gizonak -, baina oreka hori erabat hausten da adina tartean sartzen denean. 18 urtetik beherako taldeak aintzat hartuta, %56 dira neskak eta %44 dira mutilak; aitzitik, helduen taldeetan, %30 dira emakumeak eta %70 gizonak.

Zenbakion atzean dauden errealitateak ulertzeko, azterketa gehiago beharko dira, datuok galdera asko pizten baitituzte: zergatik uzten duten emakume helduek bertso-eskola; bertso-eskolan elkartzeari utziagatik, bertso munduan jarraitzen duten ala ez (eta zaletasunari heldutasunean nola eta zein guneren bidez ematen dieten jarraipena); edota bertso-eskoletako ohiko dinamiketan zer aldatu genezakeen, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

Bertsoa.eus

Bat-batean trebatzen direnak eta hasiberriak, gehienak

Txapelketa prestatzeko elkartzen dira talde batzuk; sortak abesteko edo saioak antolatzeko egitekoa dute helburu beste batzuk; bat-batean aritzeko, asko. Gehienak bat-batean trebatzen aritzen diren taldeak eta hasiberrienak dira: 259 taldetatik 125 eta 87, hurrenez hurren.

Beren ingurunean bertsolaritza sustatzen duten eragile nagusiak dira bertso-eskolak, eta beren kabuz antolatzen dira. Bertsozale Elkarteak beren egitekoa errazteko baliabideak eskaintzen dizkie: esate baterako, irakaslea. 112 irakasle aritzen dira bertso-eskoletan, eta kasuen %74an Bertsozale Elkarteak bideratzen ditu. Beste zenbaitetan, tokian tokiko euskara eta kultura elkarte edo erakundeek kontratatzen dituzte, eta beste batzuetan, talde horietako batzuk irakasle gabe dihardute, %8k zehazki.

 

2019-2020

 

 

Talde motak. Datuak: 2019-2020

 

 

 

 

Bildutako datuak 2019-2020 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek betetako galdetegiei esker lortu ditugu. Bertsozale Elkarteak Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker gauzatu ahal izan dugu datuen bilketa, horretarako, taldean, Gizarte Antropologia Graduko ikasle bat izan baitugu lankide.

Informazioa konfidentzialtasunez zainduko dugu eta datu orokorrak ikerketarako baliatuko dira. Lau urtetik behin berritzea da xedea, mugimenduaren bilakaera ezagutzeko.

Datu gehiago, www.bertsoeskola.eus gunean.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertso eskolak
2022-04-05 | Leire Artola Arin
HITZETATIK EKINTZETARA (II)
Lehen bertso eskola: Euskara herriari eman zioten

Euskara geure altxorra dela eta hura herrira zabaldu behar dela dio Patxi Goikolea euskaltzale eta bertsolari arrasatearrak. Argi du nola: bertsolaritzaren bidez. 89 urte beteko ditu baina garai batean bezalaxe segitzen duela dio. 1974ko hartan ere argi ikusi zuen, eta lehen... [+]


Miren Artetxe, bertsolaria
"Helduen kulturarekiko haustura bera da hizkuntzaren jarraikortasuna bermatzen duena"

Koronabirusaz baino hitz egiten ez den garai hauetan, arnasa pixka bat eskaini digu Miren Artetxek (Hendaia, 1985). Euskaraz, gazte identitateaz, bertso eskolez eta abarrez izan dugu solasaldia, duela gutxi aurkeztu duen tesiaz, alegia.


Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu du Miren Artetxek tesian

Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak izan ditu aztergai Miren Artetxek bere doktoregai tesian. Urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen EHUko Leioako campusean. “Gazteontzat hizkuntza ohituren aldaketak, bereziki, gazte identitateak eraikitzeko... [+]


2019-06-28 | Estitxu Eizagirre
Datorren ikasturterako bi bertso eskola feminista antolatu ditu Bertsozale Elkarteak

Emakumeek egiten duten Ahalduntze Bertso Eskolak bosgarren ikasturtea egingo du eta lehen aldiz Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista antolatu du Bertsozale Elkarteak. Bi bertso eskoletarako izen-ematea irailaren 9tik 20ra bitartean egongo da zabalik.


Eguneraketa berriak daude