16 asteko aitatasun baja EAEn: adi Jaurlaritzaren dekretuaren letra txikiari

  • Hilabete honetan sar daiteke indarrean EAEn 16 asteko aitatasun baja. Dagoeneko funtzionario autonomikoek baliatzen duten aukera hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langile guztiei hedatzea xede zuen dekretuak, ordea, ñabardura garrantzitsuak eduki ditzake.


2019ko urriaren 04an - 10:03

Urte osoan iragarri duten arren, EAEko gizonezkoen aitatasun bajak 16 asteraino luzatzeko aukera emango duen baimen berria oraindik ez da indarrean jarri. Eusko Jaurlaritza horretan ari da lanean eta badirudi hilabete honetan bertan argitaratuko dela buletin ofizialean, baina dekretu horren zirriborroak orain arte aurreikusten ez ziren baldintzak dauzka. Letra txikia, alegia.

Jaurlaritzako ordezkariek iragarri zutenaren arabera, indarrean sartzekoa zen aitatasun bajak zortzi aste gehiagorekin osatu behar zuen Espainiako Gizarte Segurantzak dagoeneko betetzen dituen zortzi asteak eta EAEko aita guztiek baliatu ahalko zuten, amek har dezaketen iraupen bereko baja hartu ahal izateko.

Baina ElDiario.es-ek argitaratu duenez, dekretuaren zirriborroak marko orokor horri zenbait murrizketa ezartzen dizkio. Adibidez, sektore pribatuko langileek ezingo lukete 16 asteko bajarik hartu umeak haurtzaindegira eramaten badituzte edo etxeko langile bat kontratatzen badute. Horrelako zehaztapenik ez dago EAEko funtzionario publikoen bajak erregulatzen dituen araudian.

Zirriborroan jasotakoa lege bihurtuko balitz, aitek haur jaioberrien zaintzan ardura handiagoak hartzera bideratutako neurria urardotuta gera liteke beraz.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak adierazi du dekretuaren zirriborroa oraindik alda litekeela. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Politika Sozialetarako sailburuak adierazi duenez, zirriborroan jaso dituzten baldintza berri horien helburua da aitek beraien haurrekin duten lotura lehenbiziko egunetik sustatzea. Funtzionario publikoek eta sektore pribatuko langileek baja berdina eduki ahal izateko baldintza desberdinak edukitzeari buruz, Artolazabalak azaldu du “plano diferenteak” direla.

Sailburuak zehaztu duenez, funtzionarioei dagokien erregulazioa Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailaren eskumena da eta gainontzeko langileena berriz, berak gidatzen duen sailarena.   


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aitatasuna
Gurasotasun baimena hemezortzi astera luzatuko da sektore pribatuan ere, EAEn

Gizarte Segurantzak baimendutako hamasei asteen laguntza osagarri gisa planteatu du Eusko Jaurlaritzak bi asteko luzapena. 2019tik sektore publikoko langileek baimena eskuratzeko aukera dute.


2023-08-02 | Ilargi Manzanares
Azaroaren 2ra arte eska ditzakete laguntzak 0 eta 3 urteko seme-alabak dituzten familia nafarrek

Uztailaren 31tik aurrera eskatu daiteke laguntza ekonomikoa, bai telematikoki bai aurrez-aurre, oinarrizko gizarte zerbitzuaren edo dagokion auzoko unitateen bidez.


2022-06-26 | June Fernández
"Estatuak ez luke arautu behar familiak nolakoa izan behar duen, askotariko ereduak babestu baizik"

Gizon ez-heterosexualen aitatasun desira ikertu du Borja Muñoz Arrastia sexologoak. Familia nuklearraren eredu hertsia errepikatu baino, umeak hazteko alternatiba komunitarioak sendotzea aldarrikatu du EHGAMeko kideak.


2020-12-15 | Jone Markuleta
Aitatasun-baimenak gizona laguntzaile rolera ez mugatzeko eskatu dute Espainiako Estatuan

Urtarrilaren 1etik aurrera, ama ez den beste gurasoaren baimena 16 astera luzatzeko legea sartuko da indarrean Espainiako Estatuan, baina erakunde ugarik salatu du laguntzaile izaera baino ez zaiola aitortzen aitari.


Eguneraketa berriak daude