Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

  • Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen bost proposamen zeu ere galtzeko.


2020ko abuztuaren 02an - 02:00
Aralegiko zelaia eta Ataungo haitzartea Agaotz ingurutik. (arg.: Urko Apaolaza)

 

1) Trianoko meatzarien oihartzuna

 

Langile borrokaren jatorrira bidaia bat egin behar izango bagenu Euskal Herrian, ezinbesteko geldialdietako bat Meatzaldea izango litzateke. Hor egosi ziren XIX. mende amaierako eta XX. hasierako greba eta protesta entzutetsuenak.

Ingelesak Bizkaiko burdin meategiak esplotatzen hasi zirenean, 1870eko hamarkadan milaka lagun erakarri zituzten Trianoko mendietara. Hariztiz jositako mendixkak lehergailu kolpeka soildu eta bizigabe utzi zituzten. Hango paisaia desitxuratuak, irekita dauden zainen antza du orain, baina lurralde arraro batetik paseatzeaz gain –babesturiko biotopoa dira mendiok–, bertan lan egin zuten meatzarien oihartzuna ere iritsiko zaigu zeharka.

 

Bizi-baldintza oso eskasei egin behar izan zieten aurre, gehienean beste lurraldetatik etorritako langileok: egurrezko barrakoi kaskarretan pilatuta eta meatzaritza konpainiek jarritako kantinetan kalitate eskaseko jakiak erostera derrigortuta –hilkortasuna izugarri handia zen tifusaren eta koleraren eraginez–, lanegun amaigabeak zituzten.

Hala, 1890eko lehen greba handiko aldarrikapen nagusia hamar orduko lanaldia izan zen. Trapagarandik jaitsitako milaka meatzarik, Nerbioiko labe garaietako eta ontzioletako obreroak izan zituzten lagun –21.000 grebalari denera– eta horiek gelditzeko gerra egoera deklaratu behar izan zuen Espainiako ejertzitoak. Bitartekari gisa aritu zen Jose María Loma jeneralak meatzarien bizilekuak ikusi zituenean zera esan zuen: “Txerriek ere ez dute halako etxerik merezi”.

Gaur egun, orduko etxe umilen arrastoak ikus ditzakegu oraindik, esaterako Zugaztieta herrian. Meatzarien bizitza eta lana ezagutzeko aukera ematen du Meatzaritzaren Museoak, Gallartako hirigune berrian kokaturik –zaharra Concha II meatzeak jan zuen 60ko hamarkadan–. Horrez gain, Peñas Negraseko ekoetxea bisitatu daiteke.

Ekoetxetik abiatzen dira Trianon zehar ibiltzeko hainbat kolorez balizatutako mendi buelta ugari, elkarren artean uztargarriak. Morea aukeratu dezakegu, esaterako, goialdeko ustiapenak ezagutzeaz gain inguru guztiaren ikuspegia hartzeko. Ibilbide honetan, gainera, Elvira barrutiko kate flotatzaile historikoarekin egingo dugu topo, Galdamesera mea jaisteko orduko ingeniaritza-obra modernoa dena.

 

NON: Bizkaia (Meatzaldea)
IRAUPENA: 3 ordu inguru
LUZERA: 9,5 km (ibilbide moreak)
ZAILTASUNA: Erraza (salbu eta Elvira barrutira jaitsiera-igoera)
Informazioa: www.ekoetxea.eus

 


 

2) Erreketeen bidea

 

Erreketeak Ordizian (Kutxa Fototeka)

1936ko uztailaren 25ean, Santiago Egunez –faxisten altxamendua gertatu eta astebetera–, 300 falangista, militar eta errekete nafar Gipuzkoan sartu ziren Ataundik barrena. Aurretik, errepide eta zubi guztiak itxi zituzten errepublikarrek. Orduan, nola lortu zuten? 75 urteren ondoren, 2011n, erreketeek erabilitako mendi-bidea berregin zuen Atauniker taldeak gertaera haiek gogoratzeko.

Etxarri-Aranatzen trena utzi eta erreketeek segituan aurkitu zituzten lehen pagoak alderik-alde gurutzatuta. Hala, Lizarrustin Quimica Forestal enpresak irekitako trenbidearen arrastoa baliatu zuten Aralegi eta Ataungo domoa erdibitzen dituen haitzartetik San Martinen azaltzeko, denak arratsaldeko mezetan zirenean.

Baina ordurako abertzale eta errepublikar konprometituenak alde eginda zeuden Ataundik. Inguruan ugari diren mendiko borda eta kobetan ezkutatu ziren asko, baserrietako zaharrenek ondo gogoan dutenez. Herritarrek erresistentziarik ez bazuten jartzen, kalterik ez zutela egingo hitzemanda gelditu ziren erreketeak Ataunen. Baina hurrengo egunean, Beasaindik joandako ezkertiarrekin liskarra izan zuten, eta Kaxetako zubi txikia berreraiki ostean, errekete kamioiak iritsi ziren viva Españaka.

Saroi baten itxitura Agaotzen. (arg: Urko Apaolaza)

Hala, haien hitzak zer balio zuen erakutsi zuten: lapurretak, emakumeei hile mozketak eta, handik aste batzuetara, fusilatzeak ere izan ziren. Hain justu, Lizarrustin aurkitu zuten duela gutxi Aranzadiren eskutik frankistek tiroz hildako Martzelo Lasa Olaberriko gaztearen gorpua, testigantza bati esker. Errepidearen 47. kilometroko haritz handi bat du oroitarri.

Erreketeen bideak balio dezake ez ahazteko gerra zital hartan batzuek bizitakoa, baina horrez gain, ibilbidean kultur ondarearen fosil bizidun diren saroi zaharrak ere aurkituko ditugu Agaotz gailur inguruan, baita mitoz inguraturiko leize, jentilarri eta Aralarko natur paisaia autentikoa ere.

 

NON: Gipuzkoa (Ataun)
IRAUPENA: 5-6 ordu
LUZERA: 17 km (Lizarrustitik San Martinera)
ZAILTASUNA: Ertaina
Informazioa: www.ataunturismoa.net

 


 

3) Erronkariko artzainaren bila

 

Euskal Herriko bide zaharrenetako bat egitea, menderik mende erabili izan diren galtzada eta bidexkak gure oinen azpian sentitzea, ez da tipula zahar batek balio duena preseski. Erronkariko Errege Abelbidearekin hori lortu liteke oraindik.

Ez dakigu zehazki noizkoa den erronkariarrek euren ardiak Bardean botatzeko daukaten pribilegioa, zenbait iturriren arabera IX. mendekoa gutxienez. Baina transhumantzia horrek gaur egun arte iraun izanak oroitarazten digu zer nolako garrantzia izan duen historikoki artzaintzak inguruotan; oraindik badira euren ardiak Bardeara eta inguruko herrietara eramaten dituzten artzain ugari, Erronkarikoak, nola Zaraitzu, Erro eta beste piriniar ibarretakoak.

Artzaina Burgiko kalean 1968an, Erronkariko Abelbidea hartzeko prest. Irudi harrigarri hau La Kukula elkarteak argitaratu du bere webgunean.

Erronkariko Abelbidea, ofizio baten biziraupenaz gain, ekosistema baten galeraren lekuko ere bada. Bardeak  antzina belaze eta baso ziren, 90eko hamarkadan arkeologiak azaleratu zuenez. Abelbideak, gainera, bere ibilbide naturala aldatu zuen azken mendean, errepidean autoen ugaritzeak sortzen zuen arriskua zela-eta. Ollateko igarobidearen ondoren Burgira jaitsi eta bailaran barrena abiatu beharrean, artzainek Nabaskotzeko muga jarraitzen zuten, trafikotik urrun.

Gaur egun paraje horiek basoak eta sasiak janda dauden toki bakartiak dira; artzainen sentipenak norbere haragitan suma ditzake batek. Nola egiten zuten Leireko mendizerraren atzean dagoen Garonako amildegia artalde osoarekin igo eta jaisteko? Atsedenlekuak lortzeko konkordia historikoak, aziendak zenbatzeko harkaitzetako estugune edo kontaderoak…    

Abelbidea Nafarroako ibilbide handietako bat izan zen urte askoan (GR 13), harik eta 2005ean seinale faltagatik deskatalogatu egin zuten arte. Baina azken urteetan Izabatik Cabanillaserainoko mendi bizikleta ibilbide bezala egokitu dute berriz. Hori bai, kontuz malda pikoekin eta udako beroarekin. Bardeako Artzainaren Monumentua zain duzue amaieran.

 

NON: Nafarroa (Izaba-Cabanillas)
IRAUPENA: Mendiko bizikletan bi etapa, oinez sei.
LUZERA: 189 km
ZAILTASUNA: Zaila (hobe taldean eta laguntzarekin)
Informazioa: www.alberguecabanillas.es

 


 

4) Ausartu muga gurutzatzera

 

Mugak bazter guztietan sortu eta itxi dizkigute pandemiarekin. Baina badira bideak zabalik segitzen dutenak, lehen bezala orain. Xareta inguruan, Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa eta Sara artean, bada ibilbide bat hango leizeak lotzen dituena mugaz gaindi. Pottokaren bidea izena jarri diote –pottoken lorratz urdinez seinaleztaturik dago–. Aspaldi kontrabandistek erabili zuten, baita boterearen eta torturaren hatzaparretan erori nahi ez zutenek ere.

Emakume nekazariaren irudia Zugarramurdiko Sorginen Museoko proiekzio batean.

Inkisizioak setakeriaz pertsegitu zituen inguruotako emakumeak XVII. mende hasierako sorgin-ehiza ezagunenean: 1610ean 53 zugarramurdiar auzipetu eta 11 Logroñon erre zituzten. Amaia Nausia historialariaren arabera, autonomoak zirelako jazarri eta baztertu zituzten garai haietan emakume asko –sarritan etxeko ondasunen jabe ziren alargunak ziren–.

Sorgin-ehizak ikuspegi feministatik gogoratzeko kanpaina abiatu zuten iaz; hala, Nafarroako Parlamentuak emakume haiek biktima gisa aitortu eta oroimen mapa sortzeko urratsak eman ditu. Ibilbide honetan zehar puntu  horietako batzuk eta Zugarramurdiko Sorginen Museoa bisitatu daitezke, besteak beste.

Pottokaren bidea-k muga birritan gurutzatzen du, egun bakarrean edo gehiagotan egiteko lerro zirkularra osatuz. Historiako disidentzia askoren ezkutaleku izan dira bertoko leizeak, izan bandolero, nola Bigarren Mundu Gerrako mugalari –alemanak sinetsita zeuden leizeen artean bazela lurrazpiko pasabide bat eta Jose Migel Barandiaran berari agindu zioten erakusteko– edo kontrabandista.

Kontrabandoa edo “gaueko lana” izan da parajeotako ezkutuko ekonomiaren oinarrietako bat; merkatu ofizialetik kanpo egonagatik, haren historia oraindik guztiz kontatu gabe dago. Hain justu, ibilbide honen barruan bada xendatxo bat –Zugarramurdiko leizeetatik Sararainokoa– “kontrabadisten bidea” deitua.

Pottoka urdin batek gidatuko gaitu bidean zehar.

Nolanahi ere, kontrabandisten joan-etorriak gertuagotik bizitu nahi izanez gero bada beste alternatiba luzeago bat, hau ere Kontrabandisten bidea deitua –ikusi Kontrabandistak.com atarian–. Zazpi etapatan egiteko antolatua, Baztan-Bidasoako natur gune ederrenak igarotzen ditu.

 

NON: Nafarroa eta Lapurdi artean (Xareta)
IRAUPENA: 12 ordu
LUZERA: 28 km
ZAILTASUNA: Ertaina
Informazioa: www.xareta.eus

 


 

5) Benetako distantzia soziala

 

Covid-19aren kontra egiteko tresna erabilienetako bat distantziamendu “soziala” mantentzea izan da. Lasaitasuna gustuko  izanik uda honetan ere jendetza atzean utzi nahi baduzu, hauxe duzu zure aukera. Barne konfinamenduan eta bakardadean bizi ziren eremiten lurraldera bidaia bat egitea proposatzen dizugu, Arabako bihotzera, Trebiñura.

 

Harrian zizelkaturiko gelaxka edo goba artifizial misteriotsuak dira ibilbide honen erakargarri nagusia. Adituen arabera, gutxienez IV. mendetik eremitak bizi ziren bertan, materialismoari uko egin eta bizitza aszetikoa aukeratu zuten fededunak, alegia. Mende asko iraun zuen mugimendu horrek Arabako lurraldeotan, harik eta Eliza Katolikoaren hierarkiak arriskutsu ikusi zituen arte, beste heresiek bezala, bere kontrolpetik eskapo egiten zutelako. IX. mendean monasterioen sorrerarekin, nekropoli eta eliza bezala erabili eta azkenerako abandonatuak izan ziren. Ondoren, historiak ahaztu egin zituen.

Trebiñuko Udalak eta Trebiñu Batu herri plataformak Micaela Portilla ibilbidea atondu dute eremiten aitzakian, antropologo arabar entzutetsuaren omenez –emakume izena duten ibilbide apurretako bat da–. Albaita herrian hasi eta amaitzen da, horiz eta zuriz egoki balizaturik, eta bidean aurkituko ditugu harrobi harrigarriak, baso sakonak, ermita zaharrak –Euskal Herriko kristau adierazpide antzinakoenak direnak– eta, nola ez, gobak.

 

Denera 31 koba zenbatu dira, gehienak Lañu eta Faidu artean, Santorkaria izeneko tokian. Harri gorrietako ziegek erakusten dituzten zulo eta forma leunek atmosfera bitxia sortzen dute; “euskal Kapadozia” ere deitu izan zaio zonaldeari. Zorte pixka batekin telefono mugikorreko estaldurarik gabe geratuko zara, eta orduan bai, distantzia soziala ekintza errebelde bihurtuko da, eremitena zen bezalakoa.

 

NON: Araba (Trebiñu)
IRAUPENA: 5 ordu
LUZERA: 16 km
ZAILTASUNA: Erraza
Informazioa: www.condadodetreviño.es


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
"Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean"

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eguneraketa berriak daude