Zergatik bildu eta ikertu emakumeen erailketak

  • Hego Euskal Herrian lehen aldiz egin da halako datu bilketa. 2010 eta 2015 urte arteko feminizidioak eta erailketak bildu dituzte. Feminicidio.net eta Mugarik Gabek egin dute ikerketa. Erakunde publikoek datuak urri ematen dituzte, ia beti partzialak eta desitxuratuak.


2017ko abuztuaren 07an - 08:36
'Beltzez jantzitako emakumeak' mugimenduak Iruñeko Gaztelu Plazan 2015ean egindako performancea. Argazkia: Iñigo Uriz / Argazki Press

Erakunde publikoek ez dute datuak biltzeko eta ikertzeko lanik hartzen, eta herri ekimeneko elkarteak dira ardura horiek hartzen ari direnak. Feminicidio.net egitasmoa 2003an jarri zen martxan, mundu osorako. Administrazio publikoek gutxieneko datuak biltzen dituzte, baina ekimena bere gain hartu dutenen ustez, datuok oso arinak dira, ez dira sinesgarriak, desitxuratuta egoten dira eta askotan faltsuak dira.

Erakunde publikoen arduragabetasunak horretan segitzen du, baina gaur egun bada desberdintasun bat: presio sozialak eraso bortitzena, erailketa, mahai gainean jartzea eskatzen du.

Datuak biltzeak hainbat helburu ditu. Batetik, Hego Euskal Herrian eraildako emakumeen memoria historikoaren eraikuntzan laguntzea, memoria kolektibora ekartzeko haien izena eta gertatutakoaren egia, eta haien heriotzetan instituzioen erantzukizuna seinalatzea. Bestetik, indarkeria matxisten eta feminizidioaren desagerpena agenda politikoen lehentasunean kokatzea. Graciela Atencio feminicidio.net-en sortzailea eta zuzendaria da. Haren ustez, poliziek, epaileek, administrazioek eta kargu politikoek irakurri behar dituzte ikerketok indarkeria matxistaren aurkako prebentzio politikak diseinatu ahal izateko. Hirugarrenik, agente sozial eta instituzionalen artean bildutako informazioa sozializatzea. Bai gizartean baita mugimendu feministan ere, feminizidioen analisi kritikoa egin dadin.

Zer da feminizidioa: gizon batek emakume bat hilko du emakumea delako edo genero arrazoiengatik. Feminizidioa paradigma bat da eta emakumeen erailketen bestelako ezaugarriak eta elementuak ezagutzea eta sakontzea ahalbidetzen du
Zer da feminizidioa?

Datu basean gizonek egindako erailketak eta feminizidioak erregistratzen dira, gizonek hildako emakumeak oro har. Erailketan (homizidioan), feminizidioan ez bezala, biktimaren genero femeninoak ez du garrantzirik hiltzailearentzat. Horren adibide bat lapurreta izan daiteke. Banketxe barruan tiroketa izan eta lapurrak emakume bat hil dezake, baina ez du hil emakumea delako, hala suertatu delako baizik. 

Beste gauza bat da feminizidioa. Gizon batek emakume bat hilko du emakumea delako edo genero arrazoiengatik. Feminizidioa paradigma bat da eta emakumeen erailketen bestelako ezaugarriak eta elementuak ezagutzea eta sakontzea ahalbidetzen du. Ezaugarri eta elementuok ez dituzte aztertzen erakunde publikoek. Beraz, hasteko, feminizioaren eta erailketaren arteko bereizketa egingo da, ondoren erailketa eta feminizidio moten sailkapena egingo da, feminizidioa eragin duten arrazoiak eta faktoreak aztertuko dira, hiltzailearen eta biktimaren arteko harremana, hil aurretik biktimak sufritu dituen indarkeria motak eta hilketa non gertatu den eta hilotza non aurkitu duten jasoko da.

Latinoamerikako adituek feminizidio moten eta hilketa moten zerrenda egina dute:

Feminizidio motak:

Feminizidio intimoa, feminizidio ez intimoa, haur feminizidioa, familiarteko feminizidioa, konexiozko feminizidioa, prostituzio feminizidioa, salerosketa feminizidioa, trafiko feminizidioa, feminizidio transfobikoa, feminizidio lesbofobikoa, feminizidio arrazista, mutilazio genitalaren ondoriozko feminizidioa, feminizidio sexual seriala.

Erailketa motak:

Lapurretak eragindako erailketa, gazteen indarkeriak eragindako erailketa, konexiozko erailketa, indarkeria komunitario/ekonomikoak eragindako erailketa, narkotrafikoak eragindako erailketak eta krimen antolatuak.

“Feminizidioa Euskadin eta Nafarroan 2010-2015. Gertaerak, tratamendua prentsan eta epaien analisia” ikerlanean 30 feminizidio eta hiru erailketa jasotzen dira. 30 feminizidioetatik 17 feminizidio intimoak dira, sei familiartekoak, hiru haur feminizidioak, bi feminizidio ez intimoak, eta bi prostituzio feminizidioak. Beste hirurak ez dira feminizidioak, lapurretak eragindako erailketak baizik.

2016ko sanferminetan gizon talde batek emakume bat eraso zuen. Erantzuna berehalakoa izan zen.
Feminizidioa kontzeptuaren sorburua

Diana Rusell hartzen da feminizidio kontzeptua ezagutarazi zuen aditutzat. Jane Caputinekin batera (Speaking the unspeakable, Ms aldizkaria, 1990) artikulua argitaratu zuen. 1992an Diana Rusell eta Jill Radfordek honela definitu zuten feminizidioa: “Gizonezkoek burututako emakumeen erailketa misoginoa”. Egileek indarkeria matxista motak sailkatu zituzten: “Feminizidioak islatzen du etengabeko segida duen emakumeen aurkako beldurra, hitzezkoak zein fisikoak diren abusu anitzak, dituelarik bere barruan, besteak beste: bortxaketa, tortura, esklabotza soziala (nagusiki prostituzioan), haurrekiko jazarpen sexual intzestu-egilea edo extra-familiarra, jipoi fisiko eta emozionalak, abusu sexuala (telefonoz, kalean, bulegoan eta gelan), genitalen mutilazioa (klitoridektomia, zatiketa, infibulazioa), beharrezkoak ez diren ebakuntza ginekologikoak (histerektomiak), heterosexualitate behartua, esterilizazio derrigortua, amatasun bultzatua (kontrazepzio eta abortuaren kriminalizazioagatik), psikokirurgia, zenbait kulturan emakumeei janaria ukatzea, kirurgia plastikoa, eta edertasunaren izenean egindako beste hainbat mutilazio. Betiere, terrorismo mota horiek heriotzan bukatzen badira, feminizidio bilakatzen dira”. (“Feminizidioa Euskadin eta Nafarroan 2010-2015. Gertaerak, tratamendua prentsan eta epaien analisia”).

Latinoamerikan 15 herrialdetan tipifikatuta dago feminizidio terminoa: Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, El Salvador, Guatemala, Honduras, Mexiko, Nikaragua, Panama, Peru, Errepublika Dominikarra eta Venezuela.

Nola zenbatu eta azaldu gizonek hildako emakumeen gertaerak?

Hego Euskal Herrian 2010etik 2015era izandako erailketak eta feminizidioak jaso dituzte ikerketan. 33 emakume daude zerrendan, 30 feminizidio eta hiru erailketa. Espainiako Estatuak horietatik 14 baino ez ditu genero indarkeriatzat hartzen. Izan ere, 1/ 2004 Legeak genero indarkeria oso eremu mugatuan ulertzen du, erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia denean baino ez du ezartzen lege hori. Horregatik feminicidio.net-ek 30 eta Espainiako Estatuak 14. Graciela Atenciok Espainiar Estatuaren kontatzeko modua eta haien kontatzeko modua alderatuta bi desberdintasun azpimarratzen ditu: “Guk erailketa gehiago kontatzen ditugu eta paradigma aldarazten dugu”. Paradigmaz ari denean honelako kontuez ari da: Espainiako legearen arabera, genero indarkeria da hiltzailea hildakoaren bikotekidea edo bikotekide ohia bada, baina bi multzo horietan ez dira sartzen sexu harreman tartekakoak, aldi baterako maitasun harremanak eta abar. Eta jakina, bestelako egoerak ere ez ditu genero indarkeriatzat espainiar legeak, hala nola, haur feminizidioa edo prostituta bat hiltzea. Feminicidio.net-ek horiek denak jasotzen ditu. Erakunde horren ustez, oso garrantzitsua da hiltzailearen eta biktimaren arteko harreman mota jakitea eta kontuan hartzea.

2016ko apirilaren 4ko argazkia da. “11 eraso 12 erantzun. Feministok prest!” manifestazioan ateratakoa. Argazkia: Dani Blanco.

Kontaketa desberdinaren beste adibide bat Emakunderena da. 2015ean “EAEn emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko datu estatistikoen analisi eta interpretazioa” lanean emandako zifren arabera, 2010 eta 2015 artean Euskal Autonomia Erkidegoan 16 emakume erail zituzten  indarkeria matxistaren ondorioz. Feminicidio.net eta Mugarik Gabek egindako lanaren arabera 27 dira kasuak. Bestalde, Emakunde Emakumeen Euskal Institutuak Espainiako Estatuko Osasun, Zerbitzu Sozial eta Berdintasun Ministerioak baino emakume gehiago zenbatu ditu epealdi horretan; bi gehiago.

Frantziako Estatuan administrazio publikoak ez du feminizidioei buruzko informazioa argitaratzen. Espainiako Estatuan (eta beraz Hego Euskal Herrian) feminizidioak eta bestelako erailketak kontatu eta aztertzeko bi iturri erabiltzen ditu feminicidio.net-ek. Batetik, iturri ofizialak erabiltzen dira. Bestetik, iturri hemerografikoak. Iturri ofizialei dagokienez ondokoak hartu dira kontuan: Genero Indarkeriaren Gobernuko Ordezkaritzak; Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioa; Botere Judizialaren Etxeko eta Genero Indarkeriaren aurkako Kontseilu Orokorra; Euskal Estatistika Erakundea; Nafarroako Estatistika Institutua; Barne Arazoetako Ministerioa eta Espainiako Estatistiken Institutu Nazionala. Iturri ez-ofizialei dagokienez, hemerotekara jo du feminicio.net-ek eta ikerketa zehatz hau egiteko 44 hedabide digitaletan argitaratutako 369 artikulu erabili ditu, 279 gaztelaniazkoak eta 90 euskarazkoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017 uda
2017-08-18 | Jon Torner Zabala
Emakumeak kirolean
Musuen gibelean loratzen diren arazo estrukturalak

Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da. Apurka-apurka, baina, gauzak aldatzen ari dira, bai joko-eremuan, baita handik kanpo ere, txirrindularitza probetako podiumek erakusten duten moduan, zeresan gehien eman duen auzia aipatzearren. Azafaten inguruko eztabaidak, zeharka bada... [+]


2017-08-17 | Eneko Barberena
Etxauzia
Bada autopista bat Durangotik Santanderrera...

Eta bide kaxkarrez joan behar dugu, sasirik sasi Baxenabarrera. Egunkari baten orri politikoenak politika ataletik at direnak badira, azpiegiturek mapan egiten duten lerro zuzena ez du Jainkoaren eskuak marraztu. Hark egin zituen bereak Maradonaren gol ospetsuan.


2017-08-16 | Unai Brea
Gizartea prest dago eutanasiarako, erakundeak itxuraz ez

Sendatzerik ez duen gaixoari medikuak hiltzen laguntzea, edo bestela esanda eutanasia, munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez dago legeztatuta. Euskal Herriari dagokionez, Paris eta Madrilgo parlamentuek, aukera duten bakarrek, egoera hori aldatzeari uko egin diote berriki... [+]


2017-08-16 | Mikel Asurmendi
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"

Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje... [+]


Sagardoak orain Jatorri Izendapena du

“Euskal Sagardoa” zigilua duten botilak kaleratu berri dituzte. Zigilu horrek bermatzen du botila horretako sagardoa bertako sagarrarekin egina dagoela eta kalitatea. 36 sagardotegik dute Jatorri Izendapen hori, guztira 1.320.000 litro sagardok. Oraingoz, Araba,... [+]


Eguneraketa berriak daude