Musuen gibelean loratzen diren arazo estrukturalak

  • Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da. Apurka-apurka, baina, gauzak aldatzen ari dira, bai joko-eremuan, baita handik kanpo ere, txirrindularitza probetako podiumek erakusten duten moduan, zeresan gehien eman duen auzia aipatzearren. Azafaten inguruko eztabaidak, zeharka bada ere, ekarri du gizon eta emakume kirolarien arteko berdintasun eza are gehiago azaleratu eta funtsezko kontzeptuak mahai gainean jartzea.


2017ko abuztuaren 18an - 13:43
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

Australia izan da aitzindari. Pasa den urtarrilean, gizonezkoen goi-mailako txirrindularitza denboraldia ireki ohi duen Tour Down Under lasterketan, podiumera igo ziren ziklistei sariak ez zizkieten bi azafatak eman, junior kategoriako txirrindulariek baizik. Kirol ekitaldietan apaingarri gisa aritzen diren emakumeen figura kentzeko enbidoari eutsi eta norabide berrian hasi ziren Australian, ez soilik txirrindularitzan, baita auto eta moto lasterketetan ere. Orduz geroztik ez dira gutxi izan bide bera hartu duten kirol ekitaldiak, Euskal Herriko, Kataluniako eta Mallorcako txirrindulari itzuliak kasu. Aipa ditzakegu ere bai Madrilgo Masters tenis torneoa edo Silverstone eta Le Mans automobilismo-karrerak, WEC Munduko Erresistentzia Txapelketako probak biak.

“Lasterketetara datozen neskak inspiratu nahi ditugu pilotuak, mekanikariak edota ingeniariak izateko; eta ez podiumeko azafatak”, zioen Australiako Kirol ministro Leon Bignellek. Helburuak zintzoa dirudi, eta lehen partearekin bat dator jende gehiena, baina bada azafatak kentzea kritikatu duenik, gaiari buruz eztabaidatzea antzua dela iritzita, berdintasunerantz egiteko gauza “inportanteagoak” aldatu behar direlako lehendabizi. Gauza biak loturik ez baleude bezala.

Ziklismoan, tenisean edota automobilismoan emandako urratsek erakutsi dute tradizioa iraultzeak ez duela inolako traumarik sortzen

Bizitzako beste esparru batzuetan ere haizatu ohi den tradizioaren argumentua (“beti hala egin da, eta kitto”) motz antzean geratzen dela-eta, emakumeen lan-eskubideak jarri dira eztabaidaren erdigunean. Zentzu horretan, batzuentzat “sexista” dena da hain justu azafataren figura kentzea, lan merkaturako sarbidea enplegu horri esker lortu duten edo lor dezaketen emakumeei ateak ixten zaizkielako. Termino horietan mintzo da, adibidez, Txomin Perurena ziklista eta zuzendari ohi oiartzuarra: “Podioetatik azafatak kentzea erabaki matxista dela iruditzen zait; gauzak nahasten ari dira”, idatzi zuen Diario Vasco egunkarian: “Emakume horien lanbidea beste edozein bezain duina da. Gai batzuk onetik ateratzeko joera sumatzen dut”.

Ez gara orain hasiko hitz horiek juzgatzen (edo bai, baina ez oso zorrotz), artikuluaren zioa gehiago baita etorkizun hurbilean zer gerta daitekeen irudikatzea. Gaiaren inguruan gero eta gehiago eztabaidatzen dela ezin da ukatu. Eta horrek, zeharka bada ere, eragin du aldatu beharreko gauza “inportanteago” horiez hitz egitea, emakume kirolariek bizi duten errealitatea azaleratzea eta zenbait aldaketaren aurrean uzkur agertzen diren horiek argumentuak eman behar izatea euren jarrera justifikatzeko.

Zerk du lehentasuna?

Gauza garrantzitsuago horiek dira, oro har, batetik, emakume kirolarien profesionalizazioa ahal den neurrian bermatzea, azpiegitura eta ordutegietan gizonen baldintzetara hurbiltzea, kirol-erakundeetako zuzendaritza eta ardura postuetan emakume gehiago izatea, hedabideek emakumeen lehiaketen berri eman eta neska gazteentzat erreferente izango diren figurak sortzea... Bestetik, neska eta mutikoen sozializazio prozesuekin harremana duten faktoreak ditugu, genero estereotipoak txikitatik lantzea kasu, eragina izango dutelako gerora bakoitzak ariketa fisikoa eta kirolarekiko izango duen jarreran, zenbait adituk dioenez.

Eta, hain justu, sozializazio modeloekin du lotura txirrindulari probetako azafaten rolak, eta moto karreretan aterkia eskuetan agertu ohi diren neskenak, eta boxeoan ikus ditzakegunak, eta tenis partidetan –baita hotz egiten duenean ere– gona motzetan ibiltzen diren “iragarki-andereñoak”, eta…

Baina goazen harira. Artikuluaren helburua denez gero aurrera begirako apustua botatzea, uste dugu azafaten auziari buruzko eztabaidak bolada batean behintzat ez direla itzaliko, eta orain arte ziklismoan, automobilismoan edota tenisean emandako urratsek erakusten duten moduan, gero eta antolatzaile gehiago izango direla figura hori ezabatuko dutenak, eredutzat hartuz, txirrindularitza aipatu dugunez, ziklokros probak; edo bai behintzat azafaten rola auzitan jarriko dutenak.

Hainbat itzulitan gizonezko modeloak igo dira podiumera, Joseba Larratxeren ilustrazioak irudikatzen duen bezala. Berdintasun keinua batzuentzat, berdinean jarraitzea da Anne-Marije Rook txirrindulari eta Cyclingtips webguneko editorearentzat: “Objektibazioa iguala da, generoa desberdina izanik ere. Nire ustez emakumezkoen lasterketetan gizonezko anfitrioiak izatea ez da inklusio keinua; eta okerrena da heteronormatibotasuna sustatzen ari direla”.

Bien bitartean, ikusteke dago emakume kirolarien aldarrikapenak aintzat hartuko ote diren –hein batean ziur baietz– ala, aitzitik, egoera aldatzeko giltza daukatenek bere horretan jarraituko duten, “merkatuaren legeak” aitzakia gisa hartuta, “errentagarria ez dena sustatzea ez duelako merezi”. Kazetariok ere badugu parte, “entretenitzeaz” harago, ikus-entzule-irakurleak heztea izan behar baitugu xede (barkatuko didazue oso pretentzioso geratu bazait), barrenak eskatzen digun moduan une bakoitzean: estereotipoak ez erreproduzituz, emakumeen kirolari tarte handiagoa eskainiz, azafatadun podiumen argazkirik ez argitaratuz, eztabaida sustatuz, sexismoa aho bilo gabe salatuz...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017 uda
2017-08-17 | Eneko Barberena
Etxauzia
Bada autopista bat Durangotik Santanderrera...

Eta bide kaxkarrez joan behar dugu, sasirik sasi Baxenabarrera. Egunkari baten orri politikoenak politika ataletik at direnak badira, azpiegiturek mapan egiten duten lerro zuzena ez du Jainkoaren eskuak marraztu. Hark egin zituen bereak Maradonaren gol ospetsuan.


2017-08-16 | Unai Brea
Gizartea prest dago eutanasiarako, erakundeak itxuraz ez

Sendatzerik ez duen gaixoari medikuak hiltzen laguntzea, edo bestela esanda eutanasia, munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez dago legeztatuta. Euskal Herriari dagokionez, Paris eta Madrilgo parlamentuek, aukera duten bakarrek, egoera hori aldatzeari uko egin diote berriki... [+]


2017-08-16 | Mikel Asurmendi
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"

Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje... [+]


Sagardoak orain Jatorri Izendapena du

“Euskal Sagardoa” zigilua duten botilak kaleratu berri dituzte. Zigilu horrek bermatzen du botila horretako sagardoa bertako sagarrarekin egina dagoela eta kalitatea. 36 sagardotegik dute Jatorri Izendapen hori, guztira 1.320.000 litro sagardok. Oraingoz, Araba,... [+]


Eskola jazarpena
Harreman osasuntsuak helburu

Nabarmen egin dute gora bullying kasuen salaketek, neurriak hartzen ari dira ikastetxe gero eta gehiagotan, jazarpenari aurre egiteko planak dituzte administrazioek… Ikasturte honetan (ere) gai beroa izan da hau, eta hezkuntza komunitatea tinko ari da lanean, ikasleak... [+]


Eguneraketa berriak daude