Harreman osasuntsuak helburu

  • Nabarmen egin dute gora bullying kasuen salaketek, neurriak hartzen ari dira ikastetxe gero eta gehiagotan, jazarpenari aurre egiteko planak dituzte administrazioek… Ikasturte honetan (ere) gai beroa izan da hau, eta hezkuntza komunitatea tinko ari da lanean, ikasleak kontzientziatu eta erasoen aurrean eragile aktibo izan daitezen.


2017ko abuztuaren 10an - 09:05

Duela hamahiru urte, eskola-jazarpenak hedabideen arretarik apenas zuen garaian, gazteen arteko jipoien bideo arrakastatsurik eta cyberbullyingik ez zegoen garaian, albiste batek Euskal Herria astindu zuen: 14 urteko Jokin Zeberiok bere burua Hondarribiko harresietatik behera bota zuen. Urtebete lehenago, beherakoak jota galtzak zikindu zituen gazteak, eta hor hasi zen bere infernua, hainbat ikaskideren eskutik. Urtebetera, ikasgela komuneko paperaz bete eta “Beherakoaren urteurrena” idatzi zioten arbelean. Eskolara joateari utzi zion eta egun gutxira haren heriotzaren berriak asaldatu gintuen.

Hamahiru urte geroago, asaldagarriak dira datuak: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastetxeetan adibidez, 121 jazarpen kasu zenbatu zituen Hezkuntza Ikuskaritzak 2015-2016 ikasturtean, aurreko ikasturtearen bikoitza. Gehien errepikatzen den jazarpen mota hitzezkoa da (kasuen %43) eta atzetik datoz bazterketa, eraso fisikoak, mehatxuak eta xantaiak. Kasuen %23an, internetek edo sare sozialek izan dute zerikusia. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitzetan, jazarpenak ez du gora egin, baina kasu gehiago salatu dira. Modu batera edo bestera, babes eske Zeuk Esan telefono zerbitzura deitu zuten EAEko adin txikikoak ere gehiago izan ziren 2016an: 250 gaztek baino gehiagok deitu zuten 116111 zenbakira, bullyingarekin lotutako gaietan laguntza eskatzeko. Nafarroan, Save The Children erakundeak 2016an emandako datuen arabera, 12 eta 16 urte arteko ikasleen %5,9 da jazarpenaren biktima eta beste %4,6 cyberbullyingarena; guztira, kasik 1.900 nerabe.

Bai, egun oraindik asaldagarriak dira tantaka iristen zaizkigun berriak: pasa den ikasturtean, nerabe batek bizkartzaina eraman behar izan zuen Bizkaiko ikastetxe batean, heriotza mehatxu larri eta anonimoak jasotzen zituelako. Ikaskidea atzemateko, bideokamerak erabili zituen Ertzaintzak, eta eztabaida berri baterako bidea ireki zuen: jazarpen kasu batzuetan, ikastetxean kamerak ezartzea beharrezkoa dela adierazi zuen Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak, “kasu batzuk lekukorik gabe ematen direlako”. Adabaki funtziotik harago, ordea, kamerak jartzea ezin da izan abiapuntua bullyingari aurre egiteko borrokan, gehienetan lekukoen aurrean ematen direlako kasuok, eta batez ere, zentzuzkoagoa delako indarrak prebentzioan jartzea eta ikasleekin arazoaren muina jorratzea.

Adabaki funtziotik harago, ikastetxeetan kamerak jartzea ezin da izan abiapuntua bullyingari aurre egiteko borrokan, gehienetan lekukoen aurrean ematen direlako kasuok, eta batez ere, zentzuzkoagoa delako indarrak prebentzioan jartzea eta ikasleekin arazoaren muina jorratzea

“Ez dut uste inor jaiotzez krudela denik”

Eta zein da muina? 10 urte zituenean jazarpenaren biktima izandako Fanny Britt kanadarrak gako batzuk ematen ditu: “Ez dut uste inor jaiotzez krudela denik, baina egia da umeek krudeltasunarekin eta biolentziarekin esperimentatzen dutela, gizakion ezaugarria da. Aldi berean, enpatia eta maitasuna ere esperimentatzen dituzte, eta hauek dira gure alde ilunenari gailendu behar zaizkion ezaugarriak. Taldetan dagoen dinamika konplexua da eta hainbat jarreraren aurrean isiltzea dakar horrek, taldean dugun lekua galtzeko beldurrez, baina berriz diot: balore positiboak berenganatzeko aukera erakusten bazaie umeei, badakit azkenean horiek ateratzen direla garaile”.

Inportantea da bullyinga identifikatzen jakitea, zeren “haurren kontuak” edo “txikikeriak” direla pentsatzea arazoak duen dimentsioaz ez jabetzea da; hala egiaztatzen dute suizidio datuek ere. Genero-rol eta espektatibetatik aldentzeagatik sufritutako jazarpena da hedatuenetakoa: bullying homofobikoa. Biktimak ez du zertan gay edo lesbiana izan, baina genero eredu estereotipatua betetzen ez badu (futbolean jokatzea maite duen neska edo neskekin solastatzea nahiago duen mutila bada), akabo. Adituen arabera, erasotzaile eta lekuko-konplize horien beraien jarrera aldatzea da giltza, heziketa alegia: sentimenduez hitz egitea, baloreetan heztea, errespetuan, enpatian, ondorioetan… Sarri ez baitira behar bezainbeste lantzen arrazismoa, matxismoa, homofobia, (botere-) harremanak, biolentzia psikologiko eta fisikoa… bezalako gai arantzatsu eta funtsezkoak.

Bide hori buru-belarri lantzen ari dira gero eta ikastetxe gehiagotan. KiVa metodoak, esaterako, lekuko pasiboak eragile aktibo bihurtzea du oinarri nagusietakoa. Izan ere, datuen arabera gutxiengoa izan ohi da erasotzaile, gehiengoa ikusle eta lekuko –baino ez– da. Teorian beraz, ez litzateke zaila izan behar gutxiengo horri aurre egitea; jarrera pasibodun lekuko horiek biktimaren laguntzaile aktibo bihurtzea da gakoa. Aldiz, zein handia den haur-nerabe sasoi horretan onartua izateko beharra, gutxiengo boteretsu horren onespena jasotzekoa. Ezberdina izateko beldurragatik, biktimaren ondoan jartzeak norbere burua estigmatizatzeko izuagatik, eguneroko isekek ikaskideari zenbaterainoko mina eragiten dioten kontzientzia ez izateagatik… lekuko soil izaten jarraitzen dugu hainbatetan, eta ondorioz, konplize.

Horri buelta ematea lortzen ari da KiVa metodoa: 2009an hasi ziren Finlandian lantzen, eta erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea lortu dute. Pasa den urtarriletik, Hego Euskal Herriko 52 ikastolatan jarri dute martxan eta 2017-18 ikasturtean Seaskaren ikastola batean proba egitea da asmoa. Johanna Alanen KiVaren nazioarteko koordinatzaileak ARGIAn azaldu zigunez, ikasleak gaitzen saiatzen dira, biktimak defendatzeko pausoa eman dezaten: “Haurrekin eztabaidatzen dugu jazarpen egoeretan dauden rol ezberdinei buruz, erasotzaile zuzen ez diren ikusle eta lekukoek ere rol bat daukatelako; adibidez, inguruan barrez aritzen direnek erasotzailea indartzen dute, helarazten dioten mezua da egoera entretenigarria eta dibertigarria dela. Guk ikusarazi nahi diegu prozesu horretan bakoitzak rol bat betetzen duela, zeregin bat, eta denena dela gertatzen ari denaren ardura eta erantzukizuna; bestelako rol bat jokatu dezaketela ulertzen dute, taldearen presioari men egingo ez dion rola, eta jazarpena amaitzea ekar dezakeena”.

Ezberdina izateko beldurragatik, biktimaren ondoan jartzeak norbere burua estigmatizatzeko izuagatik, eguneroko isekek ikaskideari zenbaterainoko mina eragiten dioten kontzientzia ez izateagatik… lekuko soil izaten jarraitzen dugu hainbatetan, eta ondorioz, konplize

“Biktimak eskubidea dauka den bezalakoa izateko”

Agueda Laraudogoitia irakasle eta KiVaren ikastoletako koordinatzaileak lau oinarri azpimarratu dizkigu: “Biktimak eskubidea dauka den bezalakoa izateko eta ez du zertan aldatu; biktimak laguntza behar du eta jakin behar du entzungo dugula eta lagunduko diogula bitartekoak jarriz; ikusleek jarrera aldatu eta ez badute erasotzailearen jarrera onartzen, txalotzen eta goraipatzen, ez badiote estatus bat ematen, erasotzaileak galdu egingo du erasotzeko motibazioa; erasotzaileei aurre egin eta argi utzi behar zaie ez dugula jarrera hori onartuko. Guk ikasleei esaten diegu: ‘Denon artean lortuko dugu. Zuen laguntza behar dugu jazarpena desagerrarazteko’”.

Laraudogoitiaren hitzetan, hamabostean behin klase bat eskaintzen diote KiVari: enpatia, asertibitatea, emozioak, talde-presioa… jorratzeko ariketa dinamikoak dira nagusi, ikus-entzunezkoak, elkarrizketa eta eztabaida (talde txiki eta handitan), eta rol jokoak. Eman daitezkeen kasuei aurre egiteko KiVa Taldea ere badu ikastola bakoitzak (hiru langilez osatua) eta gurasoentzako gida dute, etxean gaia landu dezaten. “Ikasleak pentsaraztera eramatea da helburua”, dio koordinatzaileak, eta esperientzia baikorra izaten ari dela dio, bai ikasleentzat bai irakasleentzat, baina denbora gutxi daramate eta neurketa sakonik ezin egin, oraindik.

KiVa ez da helduleku bakarra. Ikastetxe batzuek eta besteek egokien datorkien ereduari heltzen diote eta adibide interesgarria da, esaterako, Oiartzungo Haurtzarokoa: Haziak proiektuaren bidez, gazteen arteko harreman desorekatuak iraultzea dute helburu. “Botere harremana ikuspegi poliedriko batetik ulertzen dugu, forma ezberdinak hartzen dituelako: izan daiteke bullyinga, izan daiteke naturarekiko dugun erlazioa, gizonak emakumeengana indarrez zuzentzea…”, dio Nora Barroso gurasoak. Harreman desorekatuoz jabetzea da horiek iraultzeko lehen urratsa. “Haziak proiektuan ez dugu inor epaitzen, ez dugu esaten bakoitzak zer eta nola egin behar duen, ateak irekitzen ditugu, bakoitzak erabaki dezan: gelditu, pausatu, barrura begiratu, eta gero begiak ireki, barrutik begiratu ingurua, inguruarekin eta inguruko pertsona eta entitateekin ditugun harremanak, baita norbere buruarekin ere (sarri zama handiak jartzen dizkiogulako geure buruari), barrua eta kanpoa elkar elikatuz”. Ikus-entzunekoak, askebideak (gorputz espresioa edota raparen modukoak), ipuinak eta komikiak baliatuz, enpatia, lidergoa, haserrea, bakardadea, lagun-taldea, gatazka, ezberdintasuna… jorratu dituzte eta ekimenari esker sentimenduei hitza jarri dietela eta oinarrizko printzipioez mintzatzeko aukera izan dutela nabarmendu dute: denok garela inportanteak, irtenbide bat baino gehiago daudela, norberak bere iritzia izateko aukera daukala…

Gurean eta gure mugetatik kanpo, bullyingaren aurkako borrokan ikastetxeek martxan dituzten esperientziak, neurriak eta ekimenak ugariak dira. Esaterako, ikasgelako elkarbizitzaren nondik norakoen informazio zehatza jasotzeko, ikasleei galdetegi anonimoak egiten dizkiete hainbat ikastetxetan. Ikasleak inplikatu eta bitartekari eta zaintzaile bihurtzen dituzten ekimenak ere ez dira gutxi, ikasle helduagoak txikiagoen laguntzaile jarriz, ikasle iritsi-berriak tutelatuko dituzten gazteak prestatuz, edota isiltasuna apurtu eta biktima defendatuko dutenen Ausarten klubak sortuz. Cyberbitartekari irudia erabiltzen duenik ere bada: interneteko txat eta foroetan adi ibiltzen dira, jazarpenik eman ez dadin. Izan ere, bullying “tradizionalari” gehitu behar diogu teknologia berrietatik egiten dena, internetek eta sare sozialek dimentsio zabalagoa eman baitiezaiokete jazarpenari. Cyberbullyingak ezaugarri propioak ditu, eta espezifikoki lantzen hasiak dira ikastetxeetan, baina alarmismotik eta debekutik baino, ezagutzatik eta praktika onetatik egitea izan ohi da eraginkorrena.

Ikastetxeen arteko sare bat sortzea ere lagungarria litzateke, arlo honetan zein beste hainbatetan, eskola bakoitzean teoriatik praktikara jauzi nola egin duten kontatu eta ideiak partekatzeko.

Plan Integrala EAEko eskola publikoetan, 2018rako

2017a bukatu aurretik, Eskola-Jazarpenaren Aurkako Plan Integrala aurkezteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. EAEko eskola publikoetarako balioko du eta dagoeneko martxan dagoen Bullyingaren Aurkako Protokoloa borobiltzea da asmoa, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren hitzetan. Jazarpen kasuetan protokoloa aplikatzetik harago, oinarriak finkatu nahi ditu administrazioak: “Beharrezkoa da prebentzio- eta diagnostiko-ekintzak bultzatzea eskolako jazarpen kasuetara eraman dezaketen egoerak ahalik eta gehien murrizteko”, dio Uriartek, eta horretarako, hezkuntza komunitatearen parte-hartzearekin diseinaturiko plana agindu du.

Besteak beste, tresnak jarriko dituzte honako estrategiak bultzatzeko: ikasgelako elkarbizitzaren egoera diagnostikatzeko sistemak; gaitasun sozio-emozionalak eta elkarbizitzarako baloreak lantzeko banakako eta taldekako tutoretzak; ikasleen inplikazioa gatazken kudeaketan; gatazkak antzeman eta konponbidean laguntzeko formatuta dauden ikasleen batzordeak; jazarpen kasuak eraginkor gestionatuko dituzten antolaketa-egiturak; hezkuntza komunitateko sektore guztien inplikazioa eta formakuntza (bullyingean eta cyberbullyingean); jazarpena komunikatu ahal izateko haurrei bideak erraztea; sentsibilizazio kanpainak; elkarbizitzan eta prebentzioan lagungarri diren zerbitzu eta erakundeekin elkarlana; eta erreparazio-ekintzak, jazarpena jasan dutenentzat. Uriarteren hitzetan, planak “transbertsala eta interdiziplinarra” izan nahi du, eta azken xedea da “ikasleari tresnak ematea, elkarbizitzen ikasteko”. Norabidea, finean, “bakerako kultura” sortzea da, genero indarkeriaren sozializazioari aurre hartuz, kultur-identitate, genero eta sexu-joera anitzak errespetatuz, eta gatazkei konponbide baketsuak bilatuz.

Gaiak, heziketak berak bezalaxe, auzo, herri eta gizarte guztiaren parte-hartzea eskatzen du, eta oro har, gizarteak berak –inplizituago edo esplizituago– onartzen dituen zenbait pentsamolde, jarrera eta ekintza behingoz alboratzea

Nafarroan, Laguntza Programa

Nafarroako Gobernuak ere zuzenean esku hartu du eskola jazarpenaren aurkako borrokan eta Laguntza Programa abiatu du 2016-17 ikasturtean. Hizkuntza eredu ezberdinetako zazpi ikastetxe publiko eta kontzertatutan egin dute proba pilotua, esperientzia baikorra izaten ari da eta berau ebaluatu eta gainerako ikastetxeetara orokortzea da asmoa. Irakasleentzako prestakuntza eta aholkularitza, material espezifikoa eta Bizikidetza Batzordearen sorrera barne hartzen ditu programak eta prebentzioa eta jazarpen kasuei erantzuteko protokoloa ditu helburu. José María Avilésen liburua izan dute abiapuntu eta gida: Proyecto anti-bullying. Prevención del bullying y el cyberbullying en la comunidad educativa (Bullyingaren kontrako proiektua. Bullyingaren eta cyberbullyingaren prebentzioa hezkuntza komunitatean).

Dena den, ez dezagun ahaztu, akatsa da zeregin guztia irakasleen gain uztea, eskolan jarrera batzuk debekatu daitezkeelako, baina ikastetxeko ateetatik harago doan arazoa da hau. Heziketak berak bezalaxe, auzo, herri eta gizarte guztiaren parte-hartzea eskatzen du, eta oro har, gizarteak berak –inplizituago edo esplizituago– onartzen dituen zenbait pentsamolde, jarrera eta ekintza behingoz alboratzea.

Aita Larramendi ikastolan, KiVa metodoa lantzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017 uda
2017-08-18 | Jon Torner Zabala
Emakumeak kirolean
Musuen gibelean loratzen diren arazo estrukturalak

Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da. Apurka-apurka, baina, gauzak aldatzen ari dira, bai joko-eremuan, baita handik kanpo ere, txirrindularitza probetako podiumek erakusten duten moduan, zeresan gehien eman duen auzia aipatzearren. Azafaten inguruko eztabaidak, zeharka bada... [+]


2017-08-17 | Eneko Barberena
Etxauzia
Bada autopista bat Durangotik Santanderrera...

Eta bide kaxkarrez joan behar dugu, sasirik sasi Baxenabarrera. Egunkari baten orri politikoenak politika ataletik at direnak badira, azpiegiturek mapan egiten duten lerro zuzena ez du Jainkoaren eskuak marraztu. Hark egin zituen bereak Maradonaren gol ospetsuan.


2017-08-16 | Unai Brea
Gizartea prest dago eutanasiarako, erakundeak itxuraz ez

Sendatzerik ez duen gaixoari medikuak hiltzen laguntzea, edo bestela esanda eutanasia, munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez dago legeztatuta. Euskal Herriari dagokionez, Paris eta Madrilgo parlamentuek, aukera duten bakarrek, egoera hori aldatzeari uko egin diote berriki... [+]


2017-08-16 | Mikel Asurmendi
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"

Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje... [+]


Sagardoak orain Jatorri Izendapena du

“Euskal Sagardoa” zigilua duten botilak kaleratu berri dituzte. Zigilu horrek bermatzen du botila horretako sagardoa bertako sagarrarekin egina dagoela eta kalitatea. 36 sagardotegik dute Jatorri Izendapen hori, guztira 1.320.000 litro sagardok. Oraingoz, Araba,... [+]


Eguneraketa berriak daude