EITBko eztabaida saioak

Emakumeak jokoz kanpo

  • Oso boladan daude, iritzi sortzaile indartsuak dira: irrati-telebistetako tertulia saioez ari gara. Hitz eta pitz aritzen dira, makina bat gaiez, sarri elkarri hitza kentzen eta ahotsa goratzen. Solaskideen artean nabarmen gailentzen dira gizonezkoak. Datuak EHUko ikertalde batek eskaini ditu. ARGIAk hainbat tertuliakide eta aurkezleren iritzia jaso du. Zergatik gonbidatzen dituzte hain emakume gutxi? Eta zergatik esan ohi diete emakumeek ezetz gonbidapenei? Zer egin daiteke desoreka konpontzeko?

Miren Osa Galdona @Mirentx_U
2018ko apirilaren 15a

“Tertuliakide izateari utzi nion, oso zaila delako emakume izanda hor egotea, eta are gehiago irakurketa feminista egin nahi baduzu”, Zuriñe Rodriguez kazetariaren hitzak dira. Urte batzuetan telebista nahiz irratietako solaskide ibili ostean, jarduna albo batean uztea erabaki zuen. Datuek diote EITBn eztabaida saioetan egotea ez dela erraza, ezta ohikoa ere: EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikertaldeak emandako datuen arabera, irratiko tertulietan, esaterako, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera ere, eta ohikoak dira emakumerik gabeko solasaldiak. Telebistan emakumeen parte-hartzea %35,5ekoa izan zen 2017ko azaroan eta urte berriarekin batera datuak ez dira asko aldatu. El Programa de Klaudio saioa esaterako, parekidetasunetik oso urruti dago: emakumeen parte-hartzea %26,81 da, eta normalean emakume batek eta bost gizonek osaturiko mahai-inguruak egiten dituzte. Rodriguezek bere bizipenetan oinarritu du zergatietako bat: kuota hutsa izatearen sentsazioa; ustezko berdintasuna erakusteko emakume-objektu izatearen sentipena.

Ez da emakumeen ikusezintasunaren kausa bakarra: “Emakumeok ez gaude EITBko tertulietan eta normaltzat hartzen da gainera”, dio Arantza Gutierrez EHUko irakasle eta ikertzaileak. Bizi garen sistema patriarkalak emakumeari esleitu dizkion jokaerak zeintzuk diren kontuan izanda, euskal hedabide publikoan horiek nola gauzatzen diren aztertu dute EHUko hiru irakaslek. Solasaldi politikoak hartu dituzte lagintzat Iratxe Fresnedak, Itxaso Fernandezek eta Arantza Gutierrezek. Mahai-inguruetako eztabaidetan fokua jartzearen arrazoia argi du Gutierrezek: “Gaur egun informazio asko dugu eta jendeak ez ditu egunkariak irakurtzen. Tertuliek zertaz hitz egin behar dugun erabakitzen dute”. Eztabaida horietan, ordea, emakumerik ez egotea ohiko joera zela ohartu ziren eta erne jarri ziren. “Tertulia ugari daude, baina emakumeek ez dute hitzik. Ez gaude hedabideetan eta horrek esan nahi du ez gaudela ikusgai”. Guztiaren gainetik ikuspegi androzentrista gailentzen dela atera dute ondorio. Dena dela, puzzle honen alde bakoitzak erantzukizunaren zati bat duela berretsi du eta badela garaia bakoitzak zein ardura duen argi izateko.

Norbanakoaren ardura

2016ko azaroan hasi eta 2017ko hilabete berean jo zuten amaitutzat lehen ikerketa. Denbora tarte horretan EITBk eskaintzen zituen parrillako tertulia programa guztiak aztertu zituzten, irrati eta telebistakoak. Urte berriarekin batera lanean jarraitu dute eta euren webguneko azken datuen arabera, EITBk ez du tendentzia aldatu. Ikerketaren arabera, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legean ezartzen diren baldintzak bi saiok baino ez dituzte bete urteko lehen 31 egunetan. ETB1eko Ahoz Aho saioan emakumeen parte-hartzea %47,22 izan da eta ETB2ko En Jake-n %40,68.

Pilar Kaltzada,
solaskidea:
“Konfrontazio kodea oso maskulinoa da. Botere borroka da eta tradizionalki gizonak borrokarako daude hezita. Orduan, normala da emakumea deseroso sentitzea; ni neu hala sentitzen naiz”

Pilar Kaltzadak (Donostia, 1970) denbora “dezente” darama kolaboratzen irratian eta telebistan. Oro har, bera egon den saioek “kezka” adierazi izan dutela nabarmendu du. Hau da, emakumeen eta gizonen hitza maila berean eman dadin lanketa egin dela lantalde horietan. “Zenbait kasutan argiagoa izan arren, orokorrean kezka antzeman dut. Emakume gehiago sartzearen aldeko jarrera zutenak ere badira; berdintasunaren marra gainditu eta hortik gora jotzen dutenak”. Azken urteotan kezka barneratzea lortu dela dio, baina bertan ainguratuta geratzeak ezer gutxirako balio duela eta aurrerapauso bat eman behar dela dio. “Kezka badago buruan, baina lortzen ez denean badirudi ez dela ezer gertatzen; ez dago oinarrizko irizpiderik eta saiakera hutsean geratzea ondo ikusia dago”.

Amaia Cayero (Gatika, 1984) Ahoz Ahoko aurkezleak bat egiten du Kaltzadak dioen jarrera aldaketarekin. Aldiz, bere saioan interes komun batetik abiatzen direla dio eta, azken emaitza saio parekidea izatea “berez” irteten zaien zerbait dela. “Lehen minututik azkenera arte berdintasuna bermatzen ahalegintzen gara”.  Kanpora begirako ariketa baino, berdintasunaren erronka barne lanketa moduan hartzen dutela dio Cayerok. Hala ere, “esfortzua” dela onartu du; baietza ematen duen emakume bakoitzeko lau gizoni ukatu behar baitzaie gonbita. Asteroko plangintza bere gain dago, eta “erabateko” ardura duela dio tertuliakideak aukeratzeko orduan. “Ez da soilik zenbat emakume dauden mahaiaren inguruan, eguneko gaia zein den ere zehaztea garrantzitsua da eta gure saioan berdin-berdin heltzen diote gaiari gizon nahiz emakumeek”, adierazi du Cayerok.

Emakumeak ez badaude, gai batzuez aritzeak “ez duela zentzurik” jakitun da Dani Alvarez (Bilbo, 1977) Radio Euskadiko Boulevard irratsaioko aurkezle eta zuzendaria. EHUko ikerketak zehazten duenez, emakumeen presentzia ez da heltzen heren batera irratiko Faktoria, Boulevard eta Ganbara saioetan. Alvarezen saioan, emakumeen parte-hartzea %21,9 da, otsaileko datuak aintzat hartuta. “Arazo handia” dagoela jakitun, faktore asko aipatu ditu Alvarezek: irizpide jakin batzuei jarraitu beharra, alderdi politikoek bidaltzen dituzten bozeramaileak gizonezkoak ei direla eta joko-zelaia oso mugatua dela. “Hainbat emakumeri deitu izan diogu, aditu diren aldetik, eta ezetza jaso dugu. Badakite erreferenteak direla, baina ez dute hitz egin nahi. Hor ezer gutxi egin dezaket”.

Klaudio Landak ETB2n aurkezten duen arratsaldeko tertulia da emakume portzentaje gutxienetakoa izaten duena.
Ezetzaren itzala

Bada, zer dago ezezkoaren atzean? Nori jartzen zaio ezetzaren zama? Dani Alvarezek bederatzi urte daramatza irratian eta bi joera nagusi antzeman ditu: bata, ordutegia dela eta –Boulevard saioa goizean izaten da– emakumeak “baldintzatuta” daudela dio, haurrak eskolara eraman behar dituztelako, besteak beste. Bestea, emakumeak ez daudela prest edozer gairi buruz hitz egiteko. “Gai espezifikoak badira baietz esaten dizute baina solasaldi orokor baterako, aldiz, ezetz”. Honekin lotuta, pisua emakumeengan uztea ohiko joera dela dio Kaltzadak. “Ez bagaude ez gaudelako eta bagaude bagaudelako”. Emakume batek norbanakotik hitz egiten duenean, emakume guztien ordezkari gisa ariko balitz bezala sentitzea ohikoa dela dio. Kontziliazioak ere zuzenean eragiten du; zaintza lanak eta familia noren gain dauden begiratzea baino ez dago. Azkenik, eztabaidak elkarrizketa kodean baino konfrontazio kodean ematen direla nabarmendu du Kaltzadak: “Konfrontazio kodea oso maskulinoa da. Botere borroka da eta tradizionalki gizonak borrokarako daude hezita. Orduan, normala da emakumea deseroso sentitzea; ni neu hala sentitzen naiz”.

Ildo bera aipatzen du ikerketak eta Gutierrezek ere bat egiten du heziketaren faktorean. “Emakumeen arteko sareak horizontalak dira eta segurtasun eza adierazteko hezi izan gaituzte. Hau da, normalean gure artean hitza hartzeko txandak errespetatu egiten dira, baina gizonen munduan sartzean ohartzen zara beraiekin ezin duzula berdin jokatu, ikusezin bilakatzen baitzara”. Zuriñe Rodriguezek badaki zerbait horretaz eta arrakalak aprobetxatu behar direla dio hitza hartzeko: “Niri etsai giroko eremua iruditzen zait. Normalean bi emakume edo bakarra egoten dira eztabaidan eta gizonei hitza kentzea oso zaila da. Emakume gehiagok parte hartzen duten espazioetan erosoago sentitzen naiz. Telebistan batez ere, espektakulua bilatzen dute, ez egingo duzun ekarpena”. 

Goikoa ez da ohiko argazkia, bi emakume eta gizon bat hizketan. Boulevard saioko solasaldian emakumeen parte-hartzea ez da heltzen herenera. Otsaileko datua %21,9 izan da.
Gizonek eta gizonentzako formatuak

Eztabaida-formatu tradizionalak dira egungo telebista eta irrati tertuliak. Aurkezleak gai bat proposatzen die eta kolaboratzaileek bere iritzia ematen dute, batak bestearen atzetik. Azken aldian ugaritu egin dira, baina emakumeen parte-hartzeak ez du bide bera jarraitu: 2017/2018 denboraldiko lehen hiru hilabeteetan –iraila, urria, azaroa– orotara 166 pertsona pasa dira zazpi tertulia programetatik, horietatik 59 izan dira emakumezkoak (%35,5). Hainbat kasutan emakume bera ibili da tertuliaz tertulia. Alvarezek ez du uste egungo solasaldiek euren funtzioa betetzen dutenik. Alde batetik, gai asko lantzen direlako eta bestetik, gehienbat telebistan, eztabaidak “kontrolaezinak” bilakatu direlako. Ikuskizuna lehenetsi da, edukiaren aurretik eta hedabide publiko batek “beste balore batzuk” landu beharko lituzkeela iritzi du Kaltzadak. “Bronka baldin badago, badirudi biziagoa dela baina beste faktore batzuk lehenetsi beharko genituzke ikusle moduan”.

Euskarazko saioek dituzte berdintasunaren alorrean daturik onenak. Zergatia bilatzeko beste ikerketa bat beharko litzateke, baina Kaltzada eta Cayerok bat egin dute Ahoz Ahoko eztabaidetan dagoen erritmoaz galdegindakoan: bertara doazen kolaboratzaileek kontzientzia bat dute emakumeen ikusgarritasunaz eta oro har, elkarrekiko errespetua dago oinarrian. Dena dela, saioak duen formatua eta emakumeek duten parte-hartzea erabat lotuta daudela uste dute. “Gaiarekiko sentikorragoak garelako izan daiteke, baina hori ere oso adierazle ona da”, dio Kaltzadak.  

Arantza Gutierrez,
EHUko ikerlaria:
“Gizonezko tertuliakideek emakumerik gabeko mahaietan esertzea baztertu beharko lukete”

Rodriguezek dio telebistako tertulien formatua “patriarkala” dela eta gaiei begiratu baino ez dela egin behar hortaz ohartzeko. “Emakume feminista bezala, teorian emakumeonak diren gaiei buruz galdegingo didate: zaintza lanak, kontziliazioa, martxoaren 8ko balorazioa egiteko… Gai ‘garrantzitsuez’, ordea, gizonek hitz egiten dute: kontzertu ekonomikoa, politika, langabezia… Hori ere indarkeria da eta eztabaidetan kuota hutsa garenaren sentsazioa indartu baino ez du egiten”. Egoerari buelta emateko formakuntza funtsezkoa dela nabarmendu dute ikertzaileek eta bide horretan EITBk barne lanketa sakona egin beharko lukeela. “Hedabide publiko gisa, EITBk zaindu egin behar du edukiei ematen dien trataera. Langileei hizkuntza ez sexistaren inguruko ezagutzak ematea, adibidez, gaur egun oinarrizkoa izan beharko litzateke”, adierazi du Arantza Gutierrezek.

Rodriguezek ere uste du euskal hedabide publikoan protokolo baten beharra dagoela, dagoena langileentzat baino ez baita eta kolaboratzaileak “babesik gabe” baitaude. “Ni askotan objektu sentitu naiz eta hori indarkeria matxista da. Babesten gaituen neurririk ez dagoenez, ez da salatzen baina ziur nago askori pasa zaiela”. Ez da kasu bakarra: Pilar Kaltzadak ere pairatu ditu ondorioak. Adibide gisa, behin tertulia batetik atera eta zuzenean masaje-emailearengana joan zela kontatu du, giharretan zeraman tentsioa askatzera. Emakume solaskideek kalte psikologiko eta fisikoak jasaten dituzte. Ikerketaren hipotesietako bat da hori, eta testigantzok hipotesia egiaztatzen dute.  

Tertulia politikoetan aldaketa integrala emateko borondatea funtsezkoa da. Gizartearen egungo egoeraren isla dela nabarmendu du Gutierrezek. Hau da, beste esparru batzuetan bezala, gizonek dute aginte makila eta emakumeak botere horren baitan daude. Dani Alvarezek uste du aldaketa goitik beherakoa izan behar dela; EITBk egungo planteamendua berrikusi eta eredu berriak sortu beharko lituzkeela; egunerokotasunean, eskura dituzten baliabideekin, parekidetasuna lortzea zaila dela argudiatuta. Amaia Cayerok, aldiz, eguneroko jardunean jartzen du fokua eta emakume tertuliakideak lortzeko tematu egin behar dela nabarmendu du. Beharbada, aurkezle, editore eta produkzioko arduradunek erosotasunetik edo ohiko jokaeretatik atera beharko lukete berdintasunetik gertuago egoteko. Alvarezek zaila ikusten du “betikoei” ez deitzea eta erosotasun horretan ez erortzea.

Eztabaida politikoen egitura aldatzea lan konplexua dela dio Zuriñe Rodriguezek. Hedabideek azken hitza badute ere eta beraien espazioetan nork hitz egingo duen erabakitzeko gaitasuna duten arren, zuzenean eragiten duten beste faktore batzuk badirela nabarmendu du. Adibidez, ideologia ezkertiarreko hedabide nahiz alderdiek hartu beharko luketen jarrera: “Feminismoaren aldeko hedabide eta alderdiak badira, bidal ditzatela emakumezkoak gizonezkoen ordez hitz egitera. Hori beraien esku dago”. Alvarezek, aldiz, emakumeengan jarri du ardura eta tertulietan hitz egitera ausartu beharko liratekeela azpimarratu du. Emakunderi ere bide honetan lagundu dezala eskatu dio, erreferenteak izan daitezkeen emakumeen zerrenda osatzen. Arantza Gutierrez ikertzaileak ere uste du ardura ez dela emakumeena soilik. “Gizonezko tertuliakideek isildu egin beharko lukete emakumeei ahotsa emateko eta emakumerik gabeko mahaietan esertzea baztertu beharko lukete”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Sexismoa  |  EITB

Sexismoa kanaletik interesatuko zaizu...
'Magdalenak', neska bekatariak zigortzeko makinaren biktimak

1996an itxi zuten Irlandako azken Magdalenen garbitegia, ustez bide okerretik abiatutako emakumeak moja katolikoen agindupean zerratuta  lan derrigortuan edukitzen zituen komentu-lantegia. Ingelesekiko gatazka armatuaz bezala apaiz katolikoek haurren kontra erabilitako bortxaz, oroimen historikoan bide luzea egina du Irlandak azken urteotan, baina justizia egin ezinik dabil mende luze batez elizak estatu independentearen laguntzaz emakumeei eginiko zanpaketaz.


FIFAk telebista kateei eskatu die "emakume ederrak" apropos ez enfokatzeko

Federico Addiechi-k, diskriminazioaren aurkako eta aniztasunaren FIFAko arduradunak, 45 eraso sexista egon direla jakinarazi du, horietatik hamabost emakumezko kazetarien aurkakoak izan dira.


2018-07-06 | ARGIA
Libanoko emakumezko poliziek galtza motzak jantziko dituzte "Mendebaldeko turismoa erakartzeko"

Galtza motzek eta txapel gorriek osatzen dute emakumezkoei Brummanako Udalak ezarritako uniforme berria. Itxura aldaketa turista gehiago erakartzeko helburuari dagokio.


Zergatik ez arraunean?

40 urte betetzekotan ziren eta modu berezian ospatu nahi zuten urtebetetzea. Bazkaria? Asteburu pasa ez dakit non? Ez, beste zerbait izan behar zuen, harrotasunez gogoratuko zutena, barrukoa, beharbada betiko amets bete gabea.


Indarkeria sexistaren aurkako mataza ehunduko dute

Astigarragako Harituz elkarteak sustatutako Berdintasuna Ehunduz egitasmora batu da Amasa-Villabonako Udala eta ekimenak burutuko ditu aurtengo azaroaren 25ari begira.


2018-03-28 | Axier Lopez
Odolkiak eta emakumeak parekatzen dituen iragarki sexista salatu dute Baionan

Lapurdiko hiriburuan Xingar azoka ospatzen ari dira urtero legez. Azokaren berri ematen duten kartelez josita ageri dira Baiona erdialdeko eraikinak. Horietako batean horrela idatzi dute frantsesez: "Baionan, odolkiak (neska itsusiak) ere zoragarriak dira".


Photoshopez garbitu dioten besapea marraztu du "Operaciˇn Triunfo" musika saioko kantari iruindarrak

Amaia Romero kantari iruindarra konturatu zen TVEk besazpiko ile-itzala kendu ziola argazkietan. Argazkiok argitaratu diren aldizkarietan ileak margotu eta jarraitzaileei sinatuta bidali dizkie.


Irain sexistak zigortuko dituzte Ipar Euskal Herrian

Sexismoaren aurkako Salatu zure zerria kanpainak arreta publiko handia jaso du Frantziako Estatuan, eta Marlene Schiappa berdintasunerako estatu idazkariak neurriak hartuko ditu irain sexistak ekiditeko, Schiappa legearen bidez.


2018-02-27 | ARGIA
Bi eraso sexista salatu dituzte 40 Minutu Rock-en

Antolakuntzak berak salatu duenez sare sozialetan, larunbatean Durangon bi sexu eraso salatu zituzten. Durangoko Plataforma Feministak kontzentrazioa deitu dute gaur otsailak 27 20:00etan Andra Marin eta antolakuntzatik ere bertan parte hartzeko dei egin dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude