Joxe Lacalle, argazkilaria

"Gaur balitz, orduko argazkiengatik kartzelan nengoke"

  • Mototsa, txalekoa eta zigarroa ezpainetan. Beti umoretsu eta irribarretsu. Beti barrikadako jendearengandik gertu. Gerrako argazkilaria etxean bertan, gatazka gogorrenen garaian.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2018ko otsailaren 04a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Joxe Lacalle Huarte (Etxauri, 1951)

Prentsa argazkilaria. Hamabost urtez aritu zen Egin egunkarian, itxi zuten arte, eta batzuk gehiago Euskaldunon Egunkaria-n eta ARGIA-n. Berak hartutako argazkiak 80 eta 90eko hamarkadetako Nafarroako gatazka garrantzitsuenen adierazgarriak dira. Poliziaren eta eskuin muturreko taldeen erasoak izan ditu maiz eta urte bat eman zuen Carabanchelgo kartzelan. Memorias de Lacalle liburua plazaratu berri du Txalaparta argitaletxearekin, bere 400 bat argazkirekin. Liburu salduenetako bat izan da azken hilabeteotan Euskal Herrian.

Aspalditik Jarauta kaleari lotuta, baina Etxaurikoa zara?

Bai eta Etxaurin bizi izan nintzen 12 urte bete arte. Orduan Iruñera etorri eta gurasoek Jarautako Lacalle taberna zabaldu zuten. 14 urterekin hasi nintzen lanean guraso eta anai-arrebekin tabernan. Goizean lan eta arratsaldean ikasi.

Eta argazkilaritzarekin nola zaletu zinen?

Kale Nagusian drogeria bateko nagusia zen Nicolas Ardanazekin hasi nintzen. Berarekin ikasi nuen zertan datzan arte hori, argazkiak errebelatzen, positibatzen eta nolakoa den prozesu osoa. Posta bidezko ikastaroak ere egin nituen eta nire lehen kamerarekin, Zenit astun horietako batekin, poliki-poliki trebatzen hasi nintzen. Nire lehen lan profesionala 1976an izan zen Herce argazkilariekin. Herrietako jaietara joaten ginen kartoizko zezen eta zaldi batekin jendeak erretratua egin zezan. Imajina ezazu ni bezalako gaztetxo mengel batentzat zer zen hura! Mendialdeko herrietan nahiko ongi, baina Erriberan zezena eta zaldia apain-orrazi gisa jartzen zituzten. Argazkiak egin, Iruñean errebelatu eta berriro herrietara joaten ginen banatzera. Ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak egiten ere hasi nintzen.

Prentsara, Egin-era, nola iritsi zinen?

Egin zabaldu baino lehen sostengu kanpaina handi bat egin zen eta guk tabernan parte hartu genuen dirua biltzen. 80ko hamarkadaren hasieran hasi nintzen kolaborazio puntualak egiten eta gero lan taldean sartu nintzen 1988an, 1998an itxi zuten arte. Euskaldunon Egunkaria-rako eta ARGIA-rako ere lan askotxo egin izan ditut urtetan.

Antsoaingo koartel ondoan antimilitarista (1988). Argazkia: Joxe Lacalle.

Bai tabernan bai argazkilari lanetan jazarpena pairatu behar izan duzu etengabe.

Bai, hala da. 74an emaztea eta biok hartu genuen tabernaren ardura eta han ginela jaio ziren gure lau seme-alabak. Oso taberna bizia zen. Francoren garaiaren bukaeran giroa bor-bor zegoen eta han abertzale asko biltzen zen. 1976an hiru metroko ikurrina handi bat jarri nuen, Ceferina Fontellas, Abarzuza liburu-dendako nagusiak, bi egunetan josi zuena. Ederki ordainarazi zidaten gero. Berehala hasi ziren mehatxuak, erasoak, jipoiak… batzuetan uniformedunak ziren eta besteetan Kristo Erregearen gerrillariak eta enparauak, baina, zalantzarik gabe, gogorrena izan zen 1979ko martxoaren 27an tabernako komunean jarri ziguten lehergailua. Gutxigatik ez ginen hil emaztea, gure bi seme-alaba zaharrenak eta laurok. Gizon arraro samar bat sartu zen tabernan, bi gorri gaseosarekin hartu eta komunera joan zen poltsa batekin. Handik aterata korrika joan zen bederatzi pezetako buelta jaso gabe. Dena oso arraroa. Zisterna tantaka sumatu nuenez joan nitzen ikustera zer gertatzen zen eta han aurkitu nuen bonba lehertzeko prest. Eskerrak kable batzuk bistan zeuden eta horregatik ez nuen ukitu, bestela… Handik aterarazi nuen jende guztia. Lehergailu-teknikariak deitu eta bi ordu kostatu zitzaien etortzea. Bonba indargabetzerakoan kristoren danbatekoa jo zuen eta polizia bat kaleko aurreko hormaren kontra bidali zuen. Ikaragarria izan zen. Oso gaizki pasa genuen, baina horren ondoren etorri ziren jendearen elkartasuna eta laguntza ez ditut inoiz ahaztuko. Auzo lagunak, bezeroak, jende pila… aritu ziren auzolanean taberna konpontzen eta dirua biltzen berriz irekitzeko. Bi hilabete eman zuten lanean gelditu gabe. Zabaldu genuen egunean izugarrizko festa egin genuen. Jarauta kalean ehunka eta ehunka pertsona elkartu zen, txaranga eta musikari pila eta beste tabernetako zerbitzari asko etorri ziren, haien jantzi dotoreenekin laguntzera. Oso hunkigarria benetan. Kasua, noski, ez zuten batere ikertu eta hor gelditu zen eta gainera Guardia Zibilek irri egiten zidaten. Esaten zidaten, “zure tabernan nola ez dituzte bada lehergailuak jarriko hor dabilen jendea kontuan hartuta”.

Eta handik gutxira Carabanchelera?

Bai. Erasoek eta mehatxuek jarraitu, eta bakerik ez. Handik bi urtera, 1981ean, atxilotu ninduten banda armatuaren laguntzaile izatea leporatuta. Oso gaizki pasa nuen. Guardia Zibilaren kuartelean eduki ninduten bederatzi egunez eta denetik egin zidaten: jipoiak bata bestearen ondoren, gauean kanpora atera burua estalita eta pistola bat buruan jartzen zidaten mota guztietako mehatxuak eginez… Niri eta nire familiari egin behar zigutena mila bider errepikatzen zidaten. Oso gaizki pasatzen da. Tortura psikikoa fisikoa baino gogorragoa zen. Lehenbiziko bi ostiak hartu ondoren akaso hurrengoak gutxiago nabaritzen dituzu, baina psikikoa etsigarria da oso. Handik Carabanchelera eraman ninduten. Saiatu nintzen salaketa jartzen eta epaileari erakutsi nion nola nituen hankak eta barrabilak ubelduz beteak, baina esan zidan auto istripu baten ondorioa izan zitekeela, eta ez zidan salaketa onartu. Kartzelara bidali nindutenean pentsatu nuen horrela behintzat atsedena hartuko nuela behingoz. Urtebete eman nuen han eta kasik bazeuden nire ezagun gehiago barruan hemen kanpoan baino. Tabernatik pasatzen zen jende asko zegoen.

Intsumisoen protesta batean kaleko jantzitako polizia pistola aterata (1993). Argazkia: Joxe Lacalle.

Zer leporatzen zizuten, zehazki?

Beste taberna batera bazkaltzera joaten ziren poliziak nire tabernatik kontrolatzen nituela zioten, baina hori ezinezkoa da ez delako ikusten, izkina hartu eta harago gelditzen delako. Hori frogatu zuen abokatuak eta azkenean urtebete kartzelan eginda atera nintzen. 

Tabernara itzuli nintzen, baina argi ikusi genuen han eta horrela ezin genuela bizi. Asteburu oro sartzen zen polizia taberna hustera. Guzti-guztietan. Erasoak eta jazarpena etengabeak ziren, eta horretaz guztiaz gain, Alde Zaharrean heroina pila zegoen eta ez zegoen modurik han lau haur txikirekin bizitzeko. 80ko hamarkadan oso zaila zen Alde Zaharrean bizitzea. Beraz, Egin-en hasi nintzen lanean, taberna itxi eta Zizurrera joan ginen bizitzera.  

Eta argazkilaria beti gatazken lehen lerroan?

Bai, hala da. Aranguren ibarrean egin nahi zuten zabortegiaren aurkako mobilizazioetan egon nintzen, Leitzarango autobidearen aurkakoetan, Itoitzen, Euskal Jai gaztetxean, intsumiso eta emakumeen aldarrikapenetan, euskararen aldekoetan… Eta beti arazoak poliziekin. Askotan jo naute eta gero argazki karreteak kendu eta belatu egin dizkidate. Beste batzuetan, aldiz, ni azkarrago ibili naiz eta lortu dut karreteak salbatzea ezkutuan atereaz edo beste pertsona batzuen laguntzaz. Behin, adibidez, Irurtzun-Andoaingo autobidearen kontrako protesta batean tiroka hasi zen Guardia Zibila eta nik argazki pila egin nuen. Ikusi nuenean patrol bat nigana zetorrela, lortu nuen karretea ateratzea eta bere ordez beste berri bat jarri nuen kameran. Betea zegoena galtzontzilloetan ezkutatu nuen eta guardiak iritsi zirenean, batere identifikaziorik eskatu gabe, kamerako karretea kendu eta belatu egin zuten esanez: “Tori, bihar Egin-en argitaratu dezazun”. Hala egin nuen bai, hurrengo egunean argazki guztiak atera ziren. Salaketa jarri nuen Argazkilarien Elkartearen bitartez eta harrez geroztik autobidearen mobilizazioetan ez zidaten pasatzen uzten lehen lerrora argazkiak egitera. Beti guardia batzuk nituen aldamenean. 

Baina beti ez dut hainbesteko zorterik izan. Behin baziren polizia batzuk hiru gazteri kristoren jipoia ematen Karmen kalean, poliziak tiro batez akabatu zuen Mikel Castilloren monolitoaren aldamenean. Argazkiak egiten ari nintzen eta konturatu gabe hiru polizia etorri zitzaizkidan, kamera kendu, karreteak belatu, eta izugarrizko kolpe mordoa eman zidaten. Ia konorterik gabe gelditu nintzen lurrean botata eta eskerrak auzo lagun bat etorri eta bere etxera eraman ninduen.

Zein izan da ikusi duzun kargarik basatiena?

Arangurenen. Adineko jende asko zegoen eserita, errepidea ixten, eta polizia bi metrotara hasi zen pilotak botatzen. Bi metro baizik ez! Jendea odoletan, lurrean…

Beste egun batean intsumisioaren protesta batean Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean karga gogor bat egin zuten eta argazkilariok ere jaso genuen kolpe pila. EFEko argazkilariari besoa apurtu zioten eta ez zegoen modurik ospitalera eramateko. Oso gaizki pasa dugu askotan.

Iruñeko San Lorenzo kalean istiluak (1996). Argazkia: Joxe Lacalle.

Pasadizo pila izanen duzu…

Askotan esaten zidaten ni hor egotea zerbait gertatuko zenaren seinale zela. Eta batzuetan nazkatu egin ninduen kontu horrek. Behin Diputazio parera iritsi nintzen prentsaurreko arrunt batera joateko eta foruzain bat hasi zitzaidan potroak ukitzen betiko lelo horrekin. Orduan erantzun nion: “A, ez dakizu? Hemendik hogei bat minutura agertuko dira Itoizko solidario guztiak kateatzera”, eta prentsaurrekoa egitera igo nintzen. Handik jaitsi eta aurkitu nuen espaloi osoa foruzain “beltzez”, berezi horietakoez, beteta. Alde egin nuen. Handik aurrera jada foruzain horrek ez zidan gehiago galdetu.

Intsumisoek, aldiz, beti esaten zuten “Joxe hemen egonda, lasaiago gaude” eta Itoizko solidarioek “jodido paparazzi” esaten zidaten txantxetan. Poliziek, aldiz, “mototsdun putakumea” deitzen zidaten. “Kontuz, hemen dago mototsdun putakumea argazkiak egiten. Kontuz egiten duzuenarekin”, hori esaten zuten hasieran, baina gero tentsioak gainezka egiten zuenean, ostia zaparrada hasten zen eta akabo dena.

Batzuetan poliziek aurpegia ez ateratzeko eskatzen ziguten argazkilarioi eta nik esaten nien agertu nahi ez bazuten hobe zutela aurpegia estaltzea. Ni ez nator zure aurpegia ateratzera, baina ez naiz ibiliko aurpegiak banan-banan estaltzen, esaten nien. Arangurenen, adibidez, hori gertatu zitzaidan eta hurrengo egunean guardia zibilak aurpegia estalita etorri ziren.

Zergatik utzi zenuen lanbidea?

Egin ixtea makilada handia izan zen. Beste komunikabide batzuetan kolaborazioak egin nituen, oso gustura, baina ondoren eratu zen Argazki Press agentzia eta ni ez nintzenez sartu gero eta lan gutxiago neukan. Gainera berehala zintzilikatzen dizkizute etiketak. Horrela ezin jarraitu eta ostalaritzara itzuli nintzen. Orain nahi ditudan argazkiak egiten ditut.

Mozal Legeaz zein iritzi duzu?

Lanbide honetan, eta gizartean oro har, teknikoki aurrera egin dugu, baina askatasunean atzera. Izugarri gainera. Alde batetik, orain askoz mugimendu gutxiago dago kalean, eta ez beharrik ez dagoelako, baizik eta jendea etxean gelditzen delako lana galtzearen beldurrez, imajinatzen dut. Beste aldetik, askoz zailagoa da gaur egun lan egitea Mozal Legearekin. Nik egin ditudan argazkietako asko gaur egun pentsaezinak lirateke. Gaur balitz, argazki horiengatik kartzelan nengoke. Seguru, isuna ez nukeelako inola ere ordainduko.  

Gazteluko plaza jendez beteta sexu erasoen aurkako elkarretaratzean (2016). Argazkia: Joxe Lacalle.

Gaur egungo prentsako argazkilaritza nolakoa da, zure ustez?

Oso monotonoa. Prentsaurrekoak aspergarri samarrak izaten dira beti. Bestalde, gaur egun intrusismo izugarria dagoela salatu behar da, nire iritziz. Jende asko ari da denbora guztian argazkiak eta bideoak toki guztietara bidaltzen, bere izena komunikabideetan ikusteko baino ez, eta egunkari eta aldizkariek dena hartzen dute. Sartzen dira baita sartu behar ez dutenean ere, muturreko irudien bila. Horren ondorioz gaur egun komunikabide askok jada ez dute langilerik kontratatu nahi, soilik freelancer-en lan zehatzekin eta doan iristen zaienarekin betetzen dituzte orrialdeak.

Zenbat eta morbo handiagoa izan, orduan eta hobeki.

Horren aurkakoa naiz. Behin lan istripuz hil zen langile baten argazkia egin nuen. Izugarria. Ez nuen publikatu nahi izan. Orain, urte mordoa pasata, liburuan jarri dut. Biescaseko kanpineko ezbeharrean edo Uharteko tren istripu izugarri hartan ere izan nintzen, baina ez nuen pertsonen argazkirik atera nahi izan. Beste batzuk eskrupulu gutxiago dute. Ezagutu nuen hemengo egunkari batean ari zen argazkilari bat DYAkoa zena. Istripuen berri izaten zuen inork baino lehenago, motorrean joaten zen eta anbulantzia baino lehenago iritsi. Kontatzen zuen behin baino gehiagotan hara heldu eta gorpuak eta zaurituak mugitzen zituela berak nahi zituen argazkiak egiteko. Nik esan nion ez zela argazkilaria, putakume nazkagarria baizik! Orain morbo hori guztia normaltzat hartzen da.

Nola sortu zen liburua egitearen ideia?

Jendeak askotan esaten zidan ea noiz egin behar nuen erakusketa edo horrelako zerbait gordeta neuzkan argazki berezi horiekin guztiekin, baina nik nahiago nuen erretiroa hartu ondoren liburu bat egin. Nire azken lana ostalaritzan egin nuen eta erretiratu nintzenean eskaner on bat oparitu zidaten. Negatiboak eskaneatzen hasi nintzen. Txalaparta argitaletxekoengana jo nuen nire proiektuarekin eta berehala hasi ginen lanean. Eskerrak eman behar dizkiot bereziki Mikel Sotori bera izan delako hori dena ordenean jarri duena.

Zer argazki eginen zenuke gustura?

Ai ama! Bada, Nafarroako alderdi politiko guztiak bat eginda aldarrikatzen hau ere Euskal Herria dela, beste euskal probintziekin batera.

Argazkia: Dani Blanco.

 

Lehen lerroan beti

“Robert Capparen jarraitzaile sutsua naiz. Berak esan ohi zuen: ‘Argazkia ez bada ona, behar zenuen bezain gertu ez zeundelako da’. Orduan ez zuten teleobjektiboek eta halakoek balio, lehen lerroan egon behar zenuen eta kito. Gertu ez bazeunden ez zenuen ezer jaten. Hori bai, ostiak, pilotakadak eta harrikadak jasotzen zenituen”.
 

Barrikadetan

“Oso gustura lan egin izan dut, oso identifikatuta sentitu naizelako barrikadako jendearekin. Jendeak harrera ona egiten zidan beti eta askotan lagundu ere bai”.

Kanal hauetan artxibatua: 70eko eta 80ko hamarkadak  |  Argazkilaritza

70eko eta 80ko hamarkadak kanaletik interesatuko zaizu...
Imanol Olabarria
"Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"

Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.


María Victoria Sánchez-Bravo
"Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik"

María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla fusilatuaren arreba María Victoriak ez du inoiz ahaztuko.


German Rodriguezen hilketa argitzeko dokumentuen desklasifikazioa eskatu dute

78ko Sanferminak Gogoan plataformak egia, justizia eta aitortza eskatzen du poliziaren tiro batek hil zuen Rodriguezen kasua argitzeko. 


Sediziogile batek kideko sediziogile batzuei: gutun irekia Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarti

Sedizioagatik inputatu zaituztetela jakin nuenean, astindua hartu nuen. Oroitzapenek 40 urte atzera eraman ninduten, 1976ko martxoaren 9ra. Egun hartan, Puerta del Soleko ziegetan atxilo geundela, prozesamendua jakinarazi ziguten nire kide eta lagun Jesus Navesi eta bioi. Sedizioa leporatzen ziguten, Gasteizko grebetan izan genuen parte hartzea zela eta (bost hilabete beranduago kaleratuak izan ginen, 76ko abuztuko amnistia dekretuaren ondorioz). Zenbat denbora, zenbat desberdintasun, zenbat... [+]


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri oso bat atera zen kalera. Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


"A por ellos"

Gasteizen, erregimenarentzat arriskutsua zen mugimendu asanbleario bat zapaldu nahi izan zen eta herri osoa atera zen kalera 1976an.  Katalunian ere egungo erregimena kinkan jarri du prozesu independentista transbertsal eta zabalak.


2017-10-12 | ARGIA
Estatuaren krisia
'Agur 78' ekimenak Katedral Berriaren plaza hartu du Gasteizen

"Erregimena hausteko" ekimena martxan jarri dute Gasteizen eta akanpada antolatu dute Katedral Berriaren plazan, 1976an hildako langileak agurtu zituzten tokian bertan.


OroiTour
Bertsio ofiziala kalean borrokatzen da

Gasteizko tour politikoak elkarri lotuta dauden garai eta agertokiak ditu ardatz, nola Lauaxeta-ren fusilatzea edo 1976ko langile sarraskia. Herri-tresnatzat dute ibilbidea Martxoak 3 elkartekoek, Frankismoaren krimenak desitxuratzeko “estatu estrategiaren” aurrean. Urriaren 7ko ARGIA Egunean ezagutu ahal izango dituzu kaleari konkistaturiko memoriaren espazioak.


August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude