Oro ez da urre


2018ko urtarrilaren 28an
Txoriak dira bederatzi. Tere Irastortza. Pamiela, 2017

Nola definitu Txoriak dira bederatzi? Liburuaren azalean zortzi baino ez dira ageri, Iñaki Bastarrikaren ilustrazio ederrean. Autolaguntzarantz egiten duten hausnarketa filosofiko-linguistikoak dira liburu honetan aurkituko dituzun batzuk-batzuk, aforismo aski luzeak beste batzuk, poemak, artelanen gaineko interpretazio librea…  Ametsetan idatzitakoak zein ametsetik errealitatera egiteko pentsatuak, zer pentsatua ematen duen lana da hau, poesiatik ihes egin duen Tere Irastortza –niretzat behintzat– ezezagun batek idatziak.

Bizi garenon bizitzaren eta heriotzaren inguruko saiakera liburu atipikoa da beraz, hizkuntzaren botere iradokitzailearekin jolas egiten duena: “Sortzea askatzea balitz, lotura gabe sortu ahal izango litzateke, pentsamendu gabe. Sortzea, baina, aitzinagora jotzea ere bada. Sortzea, ordea, bada, azala berritzea: ustez geure bizipena zenari pentsamenduaren mozorroa eranztea: dena erretzean geure gorputza gexal batek baino babesten ez duela jakitea: eta igartzea, aitzinagoko senak ikasitakoaren zurrunbiloan atzera jo eta gizakiago (eta fisikoago) izatera eraman gaitzakeela”.

Pamielak edizio txukuna prestatu du irudiz, tipografiaz, maketazioz aberatsa. Baina gerturatu eta lau, hori ere batzuetan gertatu ohi da.

Gerturatu eta lau diot, begi bistakoari errepasoa egiten diolako askotan, esandakoari gorazarrea enegarrenez. Liburura zelan hurbildu, agian hortxe dago gakoa. Badaude txinparta ederrak –“Dena ez da irabazia. Hori dakienak irabazia du dena”– baina, orokorrean, berrikuntzarik gabe grinarik gabe abstraktuegi doa. Etnografoaren ikerketa ematen du uneka, poetaren hausnarketa ere bai. Baina ez da etnografia, ez da poesia. Horregatik egin zait anekdoten laburkizun baten antzekoa. Koaderno batean idatzi eta harekin beste zer edo zer idazteko materiala badago liburu honetan, baina gordin emana. Agian literaturaren filtroa beharko luke, agian dena ez da argitaragarri. Saiakera izateko ideiak sakabanatuegi daude eta gordetzen duen lirikotasunaz gozatzeko, ostera, begitandu zait ikerketa tonu sakonegia daukala. Naturari beha eta hizkuntzari beha eta klasikoei beha, ni neu geratu naiz zerbait berria ikusteko gogoarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu kritikak
Babesten gaituen itsasoa

Oihane Jakaren poema liburua ireki eta eskaintza bi aurkituko ditugu. Aitari bata, seme-alabei bestea. Aipagarria da, topatuko ditugun poemekin lotura zuzena baitute.

Liburuaren egiturak hiru atal ditu: Hamaika urte, Hamaika hilabete eta Hamaika egun. Hamaika zenbakia asko... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


Autorrealizazioa irakasgai

Irakaskuntzan "aniztasuna" aski ezaguna den kontzeptua da, eta irakasleok (ez zara harrituko Bestiak liburutegian ere irakasleak badaudela jakitean) aniztasuna bermatzeko, askotan, ikasle talde heterogeneoak egiten saiatzen gara. Baina badugu desberdinen arteko... [+]


Beldurra gogoko

Beldurrak airean
Aitor Arana
Ibaizabal, 2023

--------------------------------------------------

Zazpi ipuinek osatzen dute Aitor Aranak gazteentzako idatzi duen liburu hau. Ugaria eta ezaguna da Aranaren produkzioa; 125 liburutik gora idatzi ditu, horietako zenbait... [+]


Eguneraketa berriak daude