Elitea %1 aberatsena? Mintza gaitezen ondoen bizi den beste %20az ere

  • 2008an krisi handia lehertu zenetik, eta bidenabar Occupy Wall Street mugimenduak metropoli aberatsenetako plazak inarrosi zituenetik, asko zabaldu zen “geu gara %99” ideia, alegia piramide sozialaren gailurreko populazioaren %1 aberatsenak zanpatzen gaituela azpiko gainerako %99ak. Egia osoa pittin bat konplexuagoa da. Gizartearen piramidean garrantzia berezia daukate goiko %20 aberatsenek ere, azken hamarkadotako garapenari etekin gehien atera diotenek.

‘The 4th Media’ hedabidearen argazkian, 
Occupy Wall Streeten manifestazio bat Washingtonen 2012an. Afixan aldarrikatzen dute “Geu gara %99a” eta eskatzen milioidunei zergak ezarri, lanpostuak sortu eta aurrekontuak murrizketak baino lehenagoko egoerara
‘The 4th Media’ hedabidearen argazkian, Occupy Wall Streeten manifestazio bat Washingtonen 2012an. Afixan aldarrikatzen dute “Geu gara %99a” eta eskatzen milioidunei zergak ezarri, lanpostuak sortu eta aurrekontuak murrizketak baino lehenagoko egoerara itzultzeko. Eztabaidagarria dirudien arren OWSeko kideen herena populazioaren %20 aberatsenekoa izatea Richard V. Reevesek dioen moduan, arazoa %1en pribilegioetan fokalizatu eta gainerako %99a zaku berean sartu izanak bere mugak erakutsi ditu ondoko urteetan.

Barack Obamak ez du erraz ahaztuko Saudi Arabiarako hegaldi hura, bere alderdiko notableek lotsaizun geratzera behartu zutenekoa. 2015eko urtarrilean gertatu zen. Riadera eraman behar zuen hegazkinera igo aurretik sinatua zuen hauteskunde programan agindutako neurri sozialdemokrata kutsukoa: aberatsenei seme-alaben unibertsitate ikasketetarako aurrezte planen zerga-sariak kentzea, trukean askoz herritar gehiagorentzako mesedegarri izango ziren neurri fiskalak ezarriz.

Obamari hegazkinean parlamentuan gehiengo demokrataren burua zen Nancy Pelosi hurbildu omen zitzaion, ohartaraztera legebiltzarkideak oso urduri ari zitzaizkiola deika, beren boto emaile asko –urtean 100.000 dolar (83.000 euro) baino gehiago irabazten dituztenak– protestan ari zirela neurri berriak kaltetzen zituelako. Hegazkinak Riaden lurra hartzerako Obamak lege proposamena atzera botea zuen, bere progresista urguilua irentsirik.

Richard V. Reeves ekonomialariak kontatu zuen gertatua joan den urriko Le Monde Diplomatiquen. “Obamak hartu nahi zuen neurria ona zen, baina gutxietsi egin zuen goiko klase ertainak [upper middle class ingelesez] AEBetako bizi politikoan daukan garrantzia”.

Sortzez ingelesa den Richard V. Reeves ekonomialari eta kazetaria Liberal Demokraten aholkulari aritu ostean AEBetara joan zen, berak kontatu duenez urez bestaldean espero zuelako aurkitzea Britainia Handikoa baino irekiera eta mugikortasun handiagoko gizarte bat. Antza, uste baino askoz gizarte zurrunago bat topatu du han ere. Horretaz idatzi du nahikotxo oihartzun lortu duen liburua: Amets pilatzaileak [Dream Hoarders]. Azpitituluan laburbildu dio mamia: “Nola AEBetako goiko klase ertainak beste guztiak hondoratzen dituen, zergatik den hau arazo eta zer egin konpontzeko“.

Gizarte barneko berdintasunik eza gai oso beroa izaki, dio Reevesek, eztabaida asko fokalizatu da iparramerikarren %1 aberatsenean, gainerako %99a talde homogeneoa balitz bezala. “Sarri gertatzen da piramidearen gailurreko klub hautatu horren kontra gaizki esaka gogorren aritzea zein eta haiengandik hurbilen daudenak. 2012ko maiatzaren 1ean Occupy Wall Streetek deituta karrikara atera zirenen artean hirutik batek urtean 100.000 dolar baino gehiagoko diru sarrerak zeuzkan. (...) Hiper-aberatsen luxuez jarduteko obsesioa baliatzen dute hain txit aberatsak ez diren eliteek, beren pribilegioak oharkabean pasa daitezen”.

AEBetan populazioaren bostetik bat, %20, omen da urtero 112.000 dolar –93.000 euro– baino gehiago garbi irabazten diren familietan. Goiko klase ertain horrek dauka, bataz besteko herritarrek baino diru gehiagoz gain, ikasketa maila handiagoa, osasun hobea, familia egitura orekatuagoa, bizi itxaropen luzeagoa eta baita politikan esku hartzeko ohitura ere. Trump bozkatu duten jende askok horiexek gorrotatzen dituzte: kazetariak, unibertsitateko irakasleak, kargu publikoak, teknokratak, burokratak... “arrazoiz edo arrazoi gabe, agintea daukaten beste batzuen babesean oparo bizi direlakoan”.

‘Iritziaren indarra’ daukan klasea

Reevesek proposatzen duen eztabaidak hasieran bertan topatzen du arazoa: zein irabazi kopurutatik aurrera da pertsona bat aberatsa? Gaia gehixeago konplikatzen da “irabazia” zeri deitzen zaion erabakitzen hasita. Frantzian Ezberdintasunen Behatokiak proposatzen du, esaterako, kontatzea etxe bateko sarrerak zerga guztiak kenduta garbi, eta familia bat aberats jotzea diru sarrerok Frantziako herritarren bataz bestekoa bider bi edo gehiago direnean.

Horrela, pertsona bakarreko familia aberatsa litzateke hilabetero garbi-garbi 3.075 euro sartzen baditu, haurrik gabeko bikote bat hilean 5.963 euro baino gehiago sartuta eta gurasoak gehi bi umez osatutako familiak 7.852 eurotik aurrera. Frantzian, Observatoire des Inegalitésen arabera, familien %9 sartzen dira kategoria horretan. Ez nahasteko, nabarmendu behar da Reeves, AEBeko datuekin, populazioaren %20 aberatsenaz ari dela.

Kontua, ordea, klaseen arteko leizeaz gain bada beste hau ere: ezberdintasunaren betikotzea. Honi garrantzia berezia ematen dio Oxford elitistan ikasita bere burua eliteko kidetzat aitortzen duen Reevesek. Klase horretako kideek beren artean partekatzen dituztela enplegu interesgarrienak, postu onenak  “etxean” geratu eta hurbilekoak ez direnei nahita edo oharkabean bidea itxiz.

Ororen buru, dio Reevesek, “sekulako indarra daukagu klase moduan. Boteretsuak gara, gure eskuetan daukagulako Bertrand Russellek ‘iritziaren indarra’ deitzen zuena. Bizi publikoa gidatzen duten gune guztietan postu nagusi guzti edo ia guztietan goiko klase ertainetako kideak daude, izan hedabideetan, unibertsitatean, zientzietan, publizitatean, iritzi neurketak egiten dituztenetan edo arte munduan. Gotorleku horietan geure posizioak eta eskumenak sendotzen enplegatzen dugu hein handi batean gure indarra”.

Ekonomialari autokritikoari kontutan eduki behar zaio “gu gara %99a” diskurtsoaz egiten duen kritika, aberastasunaren eskaileran 98an edo 95ean dagoena lasai uzten duelako, gizarteko ezberdintasun larrien ondorioekin berak zerikusirik ez balu bezala. “Horrela [%20 aberatseneko kideok] errua egotziko diete txit-aberatsei, edo txit-txit-aberatsei, beti baitago norbait gu baino aberatsagoa... Baina klase etenari dagokionez, ez bakarrik diru irabazien gaian baina ezta etxebizitzen merkatuari edo haurren hezkuntzari dagokionez, kontua ez da %1arena bakarrik”.

Horrela, gero eta azpiagoko klaseengandik bereiziago bizi den goiko klase ertaineko kideek beren pribilegioei eusten dieten bitartean, kontserbadoreek lortzen dute gaitz guztien errudunak jende txiroak, minoriak eta batez ere etorkinak izatea, eta ezkertiarrek %1eko elitearen kontrako diskurtsoarekin ez dute lortzen sistemaren benetan kaltetutako jendeak erakartzerik.

Kontuok ez dira AEBetan bakarrik gertatzen. Azaroaren 19an Berria egunkarian Jon Fernandezek argitaratutako  Atseden bako erretiroa dossier mardulean, pentsioarekin bizi ezin diren kasuen aldamenean, zuzenbide doktore batek honela justifikatzen zuen 70 urte arte lanean jarraitzea: “Soldata handiagoa daukatenentzat, pentsioarekiko tartea handiagoa da langile arrunten kasuan baino: 1.800 euro irabazten badituzu, 1.600 euroko pentsioa izan dezakezu; baina hilean 4.000-5.000 euroko soldata baduzu, geratuko zaizun pentsio maximoa 2.600 eurokoa izango da. Asko jaisten zaizu”. Sic!. Euskal prentsaren edozein irakurle prekariok katedratikoaz errukitu behar balu bezala.


ASTEKARIA
2018ko urtarrilaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude