"Masifikazio turistikoak nazioartean anti-eredu bilakatu du Bartzelona"

  • Andrés Antebi eta Claudio Milano Bartzelonako antropologoak Turismografías proiektuaren sortzaileak dira, Venezia, Lisboa, Costa Brava eta Mallorcako beste lau kiderekin batera. Proiektu horren bitartez, turistifikazioaren inguruan sortutako herri mugimendu eta borrokak datuz eta tresnaz hornitu nahi dituzte, eremu akademikoko mugak gaindituz. Gisa honetako proiektuak giltzarri izan dira Bartzelonan orain dela gutxi arte ukiezina zena ezbaian jartzeko: Denis Itxasoren hitzetan “urrezko arrautzen oiloa”, edo turismo eredua.

Axier Lopez @axierL
2017ko azaroaren 19a
Observatori de la Vida Quotidiana-ko kidea da Andrés Antebi (ezkerrean) eta Claudio Milanok Observatori d’Antropologia del Conflicte Urbà taldean hartzen du parte. Turismografías proiektuan elkartu dira.
Observatori de la Vida Quotidiana-ko kidea da Andrés Antebi (ezkerrean) eta Claudio Milanok Observatori d’Antropologia del Conflicte Urbà taldean hartzen du parte. Turismografías proiektuan elkartu dira.

Turismo globalak eragindako ondorioak eta herritarren erantzunak sintetizatzen saiatzen zarete.
Andrés Antebi: Ezagunak ez diren eta ikerketa beharrezko duten kontuak argitara eramateko egiten dugu lan. Maila transnazionaleko lanak ere sintetizatzen ditugu; sarri, turismoaren gaia, lokalegiak diren ikuspegietatik bakarrik jorratzeko joera dago. Adibidez, Espainiako Estatuko boom-a, nagusiki azken hiru urtetako neurriz gaineko saturazio turistikoa, estuki lotuta dago beste helmuga turistiko batzuen gainbeherarekin –batik bat Afrika iparraldekoekin–, udaberri arabiarrekin eta zenbait herrialde musulmanekiko zabaldu den segurtasun-ezaren ustearekin. Ezin da aztertu zer gertatzen zaizun egungo turismo globalaren dominoaren argazki osoa kontuan hartu gabe.

Hiri eta turismo ereduen inguruko eztabaida erdigunera ekartzea lortu duzue Bartzelonan.
A. Antebi: Hori orain dela zenbait urte pentsaezina zen, guztiz. Akademiaren, herri mugimenduen eta zenbait hedabideren artean osatutako idatzi gabeko aliantza oso lagungarria izan da galderak aldatzeko, mintzagai dugun frame-a eraldatzeko. Ez da kasualitatea azken inkestek diotena: bartzelonarren kezken artean turismoa lehen lekuan dago, langabeziaren gainetik. Hori oso esanguratsua da.

Eztabaida hori ez da Bartzelonan soilik piztu.
Claudio Milano: Amsterdamen edo Berlinen turismo masiboaren aurkako diskurtsoak badaude ere, ez dago Europa hegoaldean (Bartzelona, Lisboa, Venezia…) bezain antolatuta eta egituratuta dagoen politizaziorik.

A. Antebi: Lau edo bost urtetan, turismoaren industriaren ondorioei emandako erantzunen mapa sortu dugu, lehen existitzen ez zena. Oso urrun joan gabe, Donostia adibide paregabea da ulertzeko mugimendu hauek zergatik piztu diren hain azkar. Nahikoa izan da zenbait nodo eta ideia elkarlotzea, azalpen argia sortzeko erakargarritasun turistikoa bat-batean lortu duten hirien panoramari buruz; eta ulertzeko nola hori guztia lotuta dagoen espekulazio dinamikekin, gentrifikazioarekin, hiria eskaintzarik onena egiten duenari saltzearekin eta abar. Azken batean, turismo ereduaren bitartez oso erraz azal daiteke kapitalismo globalaren funtzionamendua.

Bus turistikoak geldiarazi dituzte hainbatetan Bartzelonako auzokideek protesta gisa. Argazkia: Eldiario.es

Bartzelonako eredua esportatzeko modukoa izatetik marra gorria izatera pasa da
C. Milano: Ingeles hiztunen munduan asko erabiltzen dute overtourism kontzeptua. Eta hori islatzeko jartzen duten lehen adibidea Bartzelona da.

A. Antebi: Morar en Lisboa taldeko jendeak halaxe dio Portugalgo hiriburuko zenbait auzotako gentrifikazioaren aurka egin duten kanpainaren lehen paragrafoetan: “Ez dugu beste Bartzelona bat izan nahi”. Hau biziki garrantzitsua da. Lehen Bartzelona imitatu beharreko eredua zen eta egun, masifikazio turistikoak anti-eredu bilakatu du nazioartean.

“Bartzelonakoa eredu arrakastatsua da, publikoa eta pribatuaren arteko elkarlana oinarri, munduko hiri asko etorri zaigu bera kopiatzera”. Turisme de Barcelona partzuergoko presidente Joan Gaspart-en hitzak dira, munduko 125 hiritan barreiatutako 170 hotel kudeatu zituen pertsonarenak.
A. Antebi: Bartzelona, gehienbat, izan da nazioarteko marketing eredu arrakastatsu bat. Kanpaina horiek antolatu dituzten pertsona berberek interes zuzenak izan dituzte negozioan. Eta industria global guztien antzera, askok etekin handiak lortu dituzte. Batez ere turismoaren inguruan sortutako azpiegitura handiak kontrolatzen dituen jendea da: garraioa, ostalaritza, sustapena eta beste gune estrategikoak. Ekonomia kapitalista orotan gailentzen den logikaren arabera eraiki dute: turismoarentzat lan egiten duten langile masa handien prekarizazio eta esplotazio progresiboa eraginez. Izan Bartzelonan ala izan Cancúneko hoteletan, guztietan berdin. Dirutza itzelak biltzen ari dira, baina aberastasunaren banaketa egunetik egunera are desorekatuagoa da.

C. Milano: Ez da zalantzarik zein diren hemen aberastu direnak: hoteletako lobbyak. Horregatik hitz egin da hainbestetan “Salto Atlantikoaz”. Hotelen enpresa handi horiek, Sol Meliá eta Barceló kasu, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan boom turistikoa baliatzeaz gain, 2000ko hamarkadan “dena barne” (“todo incluido” erabili du gaztelaniaz) eredua esportatzeari ekin zioten. Karibeko eta Brasilgo ipar-ekialdeko hotelen boom handia, Kataluniako eta Balearretako kapitalaren ekinez eragin zen nagusiki.

Kasu horietan guztietan ezinbestekoa izan da erakunde publikoen parte-hartze eta lankidetza aktiboa.
A. Antebi: Turisme de Barcelona horixe bera da, industrialari, merkatari eta turismoaren sustatzaile nagusiak eta administrazio publikoa batzen dituen partzuergoa. Mahai baten bueltan beraiek nahi dutena egiten dute.

C. Milano: Hori oso argi ikusi zen, adibidez, Ryanair Gironara ekarri zutenean. Erabateko aldaketa eragin zuen Kataluniako turismoaren geopolitika eta osaketan. Diru publikoaren laguntzari esker gertatu zen. Berdina gertatu zen Bartzelonako aireportura Vueling lobby handiaren etorreran. Instituzio publikoen bultzadagatik izan zen, eta horrek goitik behera eraldatu zuen Bartzelonako aireko garraioa.

Poble Sec auzoa da Bartzelonako turismo masiboaren kalteak sufritu dituen auzoetako bat.

Instituzio publikoek parte hartu badute ere, turismoak oso sektore iluna izaten jarraitzen du.
A. Antebi: Orain artean elkarlan publiko-pribatu horrek eraiki eta idatzi izan du kontakizuna. Turismoaren inguruan dagoen informazio iturri ia bakarra delako Turisme de Barcelonak berak urtero argitaratzen duena. Opakotasun informatibo hori apurtu beharra dago; hedabideak, akademia eta herri mugimenduen artean presioa egin behar dugu. Bestela oso zaila izango da gertatzen ari denaren inguruko egiazko mapa osatzea.

C. Milano: Azken datuen arabera, Bartzelonan lizentzia duten 9.606 pisu turistiko daude. Airbnb-k abuztuan 17.000 etxebizitza turistiko eskaintzen zituen. Ia bikoitza da, eta ez dugu ostatu-gau horien inguruko daturik. Bartzelonara heltzen den jende kopurua Veneziakoaren parekoa da: 30 milioi lagun baino gehiago. Baina gaua hemen pasatzen dutenen datuen arabera, 9-11 milioi baino ez dira. Datu falta handia dago. Europako hiri askotan errepikatzen den arazoa da datuak ezkutatzea.

Claudio Milano:
“Egungo turismo ereduaren defendatzaileak deszentralizazioaz, deskongestioaz eta desestazionalizazioaz mintzo dira orain. Horiek, argi eta zuzen esanda, gezur hutsak dira.
Arazoa hiriko beste zonalde eta urtaro batzuetara hedatzeko baino ez du balio”

Eztabaida piztu eta segituan “turismofobia” azaldu zen.
A. Antebi: Lobbyek zuhurtziaz erabili duten tresna izan da, turistifikazioaren eta bere eragin negatiboen inguruko diskurtsoa zikintzeko. Oso kezkatuta daude ohiko eztabaida-markoa mugitu delako. Garai batean Espainiako monarkiarekin gertatu zenaren antzekoa da, artean ematen zuen ezin zela erregeaz gaizki hitz egin. Turismofobia izan da uda honetan arrakasta handiena lortu duen saiakera horietako bat. Lortu dute hitz bitxi hori eztabaidaren erdian jartzea eta jendea nahastu dute, turismoaren masifikazioaren ondorio negatiboei egindako kritikak nolabaiteko xenofobia edo turistarekiko erdeinuarekin lotuz. Azken hilabetetan jarrera defentsiboa hartzera behartu gaituzte. Baina arrakastak ez du luze joko, oso erraza baita haien negozioaren arrakalak berriz eztabaidagai jartzea.

C. Milano: Gure diskurtsoaren kontrapuntu gisara, egungo turismo ereduaren defendatzaileak deszentralizazioaz, deskongestioaz eta desestazionalizazioaz mintzo dira orain. Horiek, argi eta zuzen esanda, gezur hutsak dira. Arazoa hiriko beste zonalde eta urtaro batzuetara hedatzeko baino ez du balio. Ez du ezer ere aldatzen.

Batzuk desazkunde turistikoaz mintzo dira. Posible al da?
C. Milano: Bai. Eragile batzuk oso neurri zentzuzkoak plazaratzen ari dira, gauzatzeko batere zailak ez direnak. Adibidez, hiria turistikoki sustatzeko diru publiko gehiago ez xahutzea, hiria bera bakarrik saltzen delako.

Turismo lizentziak kudeatzeko udal araudia ere hobetu daiteke. Gaur egun ez dira Ciutat Vella auzoan lizentzia gehiago ematen, baina bai Eixample, Gracia edo Sants-en. Hori metastasia da. Aldatu beharra dago.

Metro koadroaren prezioak berriz ere 4.000 euroko langa gainditu du, 2008tik ez zen horrelakorik gertatzen. Hau da, berriro burbuila batean sartuta gaude.  Eta zer gertatzen da Bartzelonako portuarekin? Gurutzaontzi bat heltzen den aldiro, hirira 20.000 auto gehiago sartzen dira. Eta portuaren kontseiluetan ez dago herritarren inolako partaidetzarik.

"Bartzelona ez dago salgai" auzokideek erabili duten leloetako bat izan da.

Hau da, negozioa jarri behar da jo puntuan?
A. Antebi: Bai. Etekinak birbanatzeko eta turismotik aberastu diren enpresa handiek orain arte gozatu duten barra libreari mugak jartzeko neurriak behar ditugu. Bide horretan egindako ekarpenak irrigarri uzten saiatzen dira, esanez: “Zer egingo duzue, autobusei ordain-sariak jarri, aireportuko etorrerak mugatu, Ciutat Bella hesitu?”. Bada, ez. Jendea helburu duten neurri hertsatzaileez ez gara ari.

“Desazkundearen bidetik” –komatxo askorekin–  hemen onartutako lehen neurria turismo-tasa izan zen: hotelean pasatutako gau bakoitzeko euro bat ordaintzea. Turisme de Barcelona partzuergoa haserre bizian jarri zen, eta lortu zuten tasarekin irabazitako diru guztia Bartzelonako sustapen turistikoan inbertitzea. Hau da, haientzat dirua biltzeko beste bide bat irekitzea lortu zuten eta, aldi berean, jasangarritasunaren alde zerbait egiten ari zirela irudikatzea.

Estrategia horiek dira borrokatu beharrekoak. Datozen urteetan lobby horiek aho betean arituko dira turismo jasangarriaz berbetan, enpresa handiek ekonomia berdearekin egin duten bezalaxe.

C. Milano: Airbnb, Uber eta antzekoak, hastapenetan, turismoaren etekinak birbanatzeko aukeratzat hartu ziren, eta azkenerako, ezkutuko ekonomia direla agerian utzi dute. Beste zerbait bilakatu dira, “plataformaren kapitalismoa” deitu genezake.

Nola ikusi duzue Ada Colauren Udal Gobernuaren zeregina gai honetan?
A. Antebi: Garaipenen bat lortu dute eta hori aitortu behar zaie. Jarrera irmoa erakutsi dute Airbnb-ren gehiegikerien aurka. Baina beren politikaren beste arlo askotan gertatu bezala, keinuetan oinarritutako politikatik harago ez dira joan. Oso nekeza zaie egiatan lotesleak diren erabakiak hartzea. Eredu oso bat eraldatzeak denbora behar du eta Udal Gobernuari presio sozial handiagoa egitea, eta, paradoxikoki, agintean daudenak presio sozialaren lubakitik datoz.

Kataluniako prozesu independentistak ekarpen positiborik eragin al diezaioke turismo ereduaren inguruko eztabaidari?
A. Antebi: Nik, printzipioz, ez dut uste erraz elkarlotzeko moduko kontuak direnik. Baina fokua zabaltzen badugu eta Katalunian bizitzen ari garena 78ko erregimena inpugnatzeko saiakera gisa hartuz gero, eta “tardofrankismoa” turismoaren ideologiaren bueltan eraiki zenez, orduan bai, kontakizunaren barrunbetan zenbait aldaketa gerta liteke. Halere, horrelakorik ikusteke dago. Oraindik partida jokatzeko dago. Prozesu honen gidaritzan Kataluniako eskuin “convergentea” dago. Eta, hain zuzen, haiek izan dira egun ezbaian jartzen ari garen turismo ereduaren sustatzaile eta babesle nagusiak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Turismo masiboa kanaletik interesatuko zaizu...
Okupazio berria Donostiako Alde Zaharrean
"Okupazio eta autogestioaren sokak ez du etenik"

Auzoarentzako lokal bilakatu nahi dute. Azkenaldian okupazio saiakera gehiago egin dira.


San Sebastian Pirates International Week
MULTIMEDIA - bideo herrikoia

"Donostiak urteak daramatza nazioartera begira. Looking to the world. Ez al gara ba, gu ere, mundu zabal eta anitz honetako hiritarrak? Donostiar citizens? Piratok aurten brainstorm sakona egin dugu gaiaren inguruan. Urte osoan eta udaran bereziki, Donostia turistaz beterik dago. Zer izango litzateke gure Aste Nagusi Pirataz kanpotik datozkigun lagun horiengatik izango ez balitz. Horregatik, erabaki garrantzitsu bat hartu dugu. Bye bye Donostiako Piratak. Welcome San Sebastian Pirates... [+]


Turismo eredua hankaz gora
Nola bidaiatu piztia elikatu gabe?

Turismoa anabasa eta kaosa batzuentzat, aberastasun eta oparotasun iturri besteentzat. Egungo ereduak, baina, tarte txikia uzten du imajinazioarentzat: kontsumoa, masifikazioa eta gentrifikazioa eguneroko hiztegian sartu ditugun hitzak dira. Ba al da egoera honi buelta emateko aukerarik? Ba al daude oporrak kanpoan emateko beste modu batzuk? Egungo egoeraz eta bestelako eredu posibleez jardun gara hurrengo lerroetan.


2018-06-19 | ARGIA
Hasi da turismo denboraldia, baita protestak ere Bartzelonan: Güell parkean kateatu dira ekintzaileak

Bartzelonako Güell parkean Arran gazte erakundeko hainbat kide kateatu egin dira eta turismo masiboaren aurkako pankartak zintzilikatu dituzte.


Herri boteretik "Euskal Erregimena" borrokatuz

Maiatzaren 19tik 27ra Bizitza Da Handiena kanpaina gauzatu dute Donostian. 63 herri mugimenduk eta sindikatuk “borroka sozialen astearekin” bat egin dute, eta “herritarron kapitala” aldarrikatu dute. Lubaki desberdinek fronte bakarra osatu dute. Ozenen entzun den oihua turistifikazioaren aurkakoa izan da, izan ere, Turismoaren Mundu Erakundeak goi-bilera hirian egin behar zuen egunekin bat egin du mugimendu desobedienteak.


Citizens of Donostia to the World Tourism Organization: "We don't agree"

The Bizitza da handiena ('Life is the Greatest Thing') campaign was held in Donostia from 19th to 27th May. 63 citizens' movements and trades unions joined in with the "social struggle week" and proclaimed the need for a "citizens' capital". Different trenches have made up a single front. The anti-tourism protest got its message across, the World Tourism Organization holding its highest level meeting in city during the same week as the protest movement.


Botereari erronka

Batek sudur gorriak, besteak buruberoki makarra. Trikitixa eta pandero hotsek girotuta, Bizitza Da Handiena asteari bide eman diote. 60 herri mugimendu eta sindikatuk deituta “boteretik herritarren aurka egiten ari diren politikei” aurre egingo diete. Lehen ekintza indartsu gisa, hamasei urtez hutsik izan den zortzi solairuko eraikina okupatu dute Donostiako erdialdean, turistifikazio prozesu basatiaren erdian, 300 lagun kalean bizi diren hirian.  Munduko Turismo Erakundearen... [+]


Turismo-eredu blindatua herri boteretik ziztatzen

Donostiako Idiakez kaleko eraikin okupatuak, Bizitza Da Handiena kanpainako kideek "Herritarron Etxea" izenpetu dutena, zutik dirau, borroka sozialen astearen sinboloak tinko mantendu ditu zimenduak. Zutik dirau Bizitza Da Handiena kanpainak berak, ez baitu imintzio dardaratirik erakutsi hamasei identifikazio, beste hainbeste borra-kolpe eta bi atxilotu jasan izanagatik ere.


2018-05-24 | ARGIA
Azken txanpan sartu da Bizitza Da Handiena: pentsiodunen manifestazioa eta okupazioaren azken gaua

Maiatzaren 19tik 26ra Donostiako kaleetara ateratzeko dei egin du Bizitza da Handiena kanpainak. "Agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politiken aurka" eta "herritarron kapitalaren alde" egitea du helburu, eta hainbat sindikatu eta herri mugimenduk atxikimendua adierazi dute sare sozialetan. Turismoaren Mundu Erakundea asteartean iritsi da Donostiara, eta Bizitza Da Handienak ekimen ugari antolatu ditu horren kontra.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude