Emakume bat txanponaren aurkian

  • Erroma edo Tusculum, K.a. 77. urtea. Elkarrengandik oso hurbil dauden bi hirietako batean jaio zen Fulvia Flaka Banbalia. Aita Marko Fulvio Banbalio senataria zuen eta ama Senpronia Graka, Grakoen familia boteretsukoa. Ondasunak amaren aldetik zetozkion, beraz, baina ez dirudi anbizio politikoa aitarengandik jaso zuenik, Banbalio izena zalantzatia eta ilauna izateagatik jarri baitzioten.

Fulvia eta Marko Antonio edo Fulviaren mendekua, Francisco Maura Montaner (1888). Margolanean Fulvia ageri da exekutatu berri zuten Marko Tulio Zizeronen buru trenkatua laidotzen. (Prado museoa)
Fulvia eta Marko Antonio edo Fulviaren mendekua, Francisco Maura Montaner (1888). Margolanean Fulvia ageri da exekutatu berri zuten Marko Tulio Zizeronen buru trenkatua laidotzen. (Prado museoa)

Fulviari buruz Plutarkok esan zuen, “iruteko, josteko edo beste emakumeekin foroan berriketan aritzeko inolako interesik” ez zeukala. Baina, emakumea izanik, boterera iristeko bitarteko bat behar zuen: senar egoki bat... edo hiru. Senarrek politikarako sarbidea jarriko zuten eta Fulviak, sestertzioak.

Lehenengo, Publio Klodio Pulkro politikari demagogo eta populistarekin ezkondu zen. Julio Zesarren aldean lerratuta, hura Galiara joan zenean hiriburuko boterea Klodioren eskuetan utzi zuen. Errepublikaren azken urte nahasi haietan erromatar boteretsuak oso zatituta zeuden eta Klodiok indarkeria erruz erabili zuen etsaien aurka, nagusiki Marko Tulio Zizeron eta haren jarraitzaileen aurka. Azkenean, indarrez hil zuten K.a. 57. urtean.

Alarguna Kaio Eskribonio Kurionekin ezkondu zen orduan. Eta haren karrera politikoak nabarmen gora egin zuen handik aurrera. Berriro ere Julio Zesarren aldeko jarrera senar-emazteen mesederako izan zen eta Afrikako espedizioaren komandanteburu izendatu zuten Kurion. Parrandan iaioagoa omen zen estrategia militarrean baino, eta Utikan lehorreratu eta berehala hil zuten Fulviaren bigarren senarra.

Marko Antonio hirugarren senarraren eskutik lortu zuen Fulviak eragin politikorik handiena, Oktavio –gerora Augusto enperadorea izango zena– eta Lepidorekin batera triunbiro izendatu baitzuten ezkondu eta urte gutxira. Bien etsai nagusietako bat, Zizeron, hiltzeko agindua eman zuten Triunbiratua osatu eta berehala, K.a. 43. urtean. Diotenez, Fulviak hizlariaren buru moztuari tu egin zion, eta mihia ilean zeraman urezko urkila batez zulatu.

Baina senarra Egiptora –Kleopatra VII.aren albora– joan zenean, Erroman tirabirak piztu ziren eta Fulviak Oktavioren aurkako kanpaina abiatu zuen. Lau hilabete eskasean Oktaviok mendean hartu zuen eta Sizionera erbesteratu zuen. Han hil zen K.a. 40. urtean, itxuraz, bat-bateko gaixotasun batek jota.

Plutarkok zioen Kleopatrak Fulviari eskertu behar ziola Marko Antoniok emakumeei obeditzen ikasi izana. Baina ez Plutarkok ez Fulvia hil eta gero hari buruz idatzi zutenek, ez zuten hura laudorio moduan bota. Fulvia impotentia muliebris zelakoaren paradigma zen: bere burua kontrolatzen ez zuen emakumea, neurririk ez zuena, pasioek menderatua, eta ez gizonezkoek, beharko lukeen bezala, moralki ahula eta makurra.

Eta, hala ere, haren eragina metalean grabatuta geratu zen betiko. Fulvia izan zen erromatar txanponetan agertu zen lehen emakume ez mitologikoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude