Aniztasun funtzionala duten emakumeak

"Gu gara gure bizitzetako protagonistak"

  • “Ikusezinak izan gara orain arte: ikusezinak legeetan, beste emakumeentzat, mugimendu feministarentzat. Zorionez, azken urteetan egiten ari garen lanari esker, ikusgarriak bihurtu gara“. Fekoor-eko (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) Bilboko egoitzan izan gara Mari Carmen Azcona Domínguez, Rosalía Cuadrado Pascual eta Marian Andrés Acharekin.

Ilazki Gainza Giraldo
2017ko irailaren 03a
Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “be
Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “bere obra ospetsua desgaitasun propioan oinarrituz”. Argazkian ezkerretik eskuinera: Mari Carmen Azcona, Rosalía Cuadrado eta Marian Andrés. Argazkia: Aritz Loiola.

Fekoor irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Aniztasun funtzionala duten pertsonen 20 elkarte nagusiak biltzen ditu eta 8.000 pertsonatik gora ditu atxikita.

2002. urtetik emakumeen batzordea sortu zuten Fekoor-en. Zer dela-eta iruditu zitzaien beharrezkoa elkarteko emakume batzuei batzordea sortzea? Aniztasun funtzionala duten gizonezkoen egoera berean al daude?

Emakumeen batzordea

1979. urtetik, Fekoor sortu zenetik, aniztasun funtzionala duten pertsonen problematika orokorra landu dute erakundean, besteak beste, egunerokoan aurrera egiteko topatzen dituzten oztopoak, hezkuntzarako duten eskubidea eta integrazioa. Baina 2002. urtera arte, ez zituzten aniztasun funtzionala duten emakumeek emakume izate hutsagatik bizi dituzten oztopoak lantzen. Hori dela eta, batzordearen lehen helburua aniztasun funtzionala duten emakumeak bertaratu, elkartu eta beren interesekoak diren gaiez hitz egiteko espazioa sortzea izan zen, hau da, tabua zen (eta oraindik hala den) sexualitateaz hitz egiteko, ama izatearen nahiaz, lan munduaz, eta abar. “Sorreran denak boluntarioak ginen, gaur egun berdintasun teknikari baten babesa dugu”; beharrezkoa dela diote. Batzordean kide gutxiago dira gaur egun, sei inguru, nahiz eta hiru diren era aktiboan parte hartzen dutenak. Emakumeek etxean karga asko dituzte, hori dela eta, askok ezin izaten dute batzordeko bileretara joan edota ez dute beren burua prest ikusten, horretan formaziorik ez dutelako. Hala ere, “guk beti esaten dugu inor ez dela jakinda jaiotzen, gu ere denborarekin formatzen joango gara, antolatu ditugun ikastaroen bidez. Beraz, parte hartzera animatzen ditugu aukera dugun bakoitzean”.

Argazkia: Aritz Loiola.
Arima errebeldeak

Aniztasun funtzionala duten emakumezkoek botila ezezkoez beteta dute, gizonezkoek, aldiz, bide errazagoa dute. Orokorrean, ikasketak burutzeko, lana aurkitzeko, bikotekidea izateko, ama izateko dituzten oztopoez gain, beren familien babes falta dute halako gaiez hitz egiten dutenean. Aniztasun funtzionala duten gizonezkoak kalera ateratzera, lana eta bikotekidea bilatzera –gurasoak falta direnean norbait izan beharko dute-eta zaintzeko– bultzatzen dituzten bezala, emakumezkoekin kontrakoa gertatzen da. “Nik Psikologiako lizentziatura egitea erabaki nuen. Oztopo ugari topatu nituen erabaki hori hartu nuenetik, baina traba gehienak arkitektonikoak izan ziren; bai unibertsitatean baita bertara iristeko erabili behar nituen garraio publikoetan ere. Eskailera ugari zeuden metroan eta unibertsitatean, eta klaseetara jendearen elkartasunari esker iristen nintzen”. Hala ere, batzordeko kideek azpimarratzen dute topatu dituzten oztopo arkitektonikoez gain, aldatzeko zailenak direnak oztopo mentalak direla. “Munduaren aurka altxa garen arima errebeldeak gara”; horri esker eguneroko trabak gainditu dituzte.

Ez da erraza egunerokoan bizi behar izaten dutena eta emakume asko etxean daude oraindik, ordaindu eta baloratzen ez diren zainketa lanak egiten, beren ametsak errealitate bihurtzeko aukerarik izan gabe. Hori dela eta, beren esperientziak zabalduz, etxeetan dauden emakume horiek ikastera, lanera, kalera ateratzera bultzatu nahi dituzte: “Nik ahal badut, zuk ere ahal duzu”, diote. Sororitatea bultzatu nahi dute aniztasun funtzionala duten emakumeen artean, elkarren arteko babesarekin errazagoa baita aurrerapausoak ematea.

Aniztasun funtzionala dutenak familian zaintza lanak egiteko gai dira eta askok horretan igarotzen dute bizitza, baina beren seme-alabak zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da
Amatasun urratua

Emakumeek ama izateko edo ez izateko duten eskubideaz edonork hitz egin dezakeela dirudi, baina aniztasun funtzionala duten emakumeei ama izateko duten eskubidea urratu egiten zaie, zuzenean. “Eskubide bera dugu, baina guri beste emakumeei baino gehiago jartzen zaigu zalantzan. Ama izatea erabakitzen duenak probak egiten ditu lehenago, berak duena genetikoa ez dela ziurtatzeko. Gaia serioski hartzen dugu. Baina aniztasun funtzionala izan eta ama izatea erabakitzen duten emakumeak epaituak sentitzen dira mediku zita bakoitzean, etxekoen artean, lagunen artean. Oso gogorra da”, salatu dute. Jendartean dagoen moral bikoitzak min handia egiten die aniztasun funtzionala duten eta ama izan nahi duten emakumeei: familian zaintza lanak egiteko gai dira eta horretan igarotzen dute askok beren bizitza, baina beren seme edo alaba zaintzeko gai diren zalantzan jartzen da. “Inkoherentzia hutsa” dela diote.

Tailerrak, emakumeak beraiek jabekuntza prozesua egiteko

Komunikabideetan euretaz hitz egiteak duen garrantzia azpimarratu dute, beren egoera normalizatu eta jendarteak egoera osotasunean uler dezan, beren gaitasunak gutxietsi gabe. Esaten ez dena ez da existitzen, ikusten ez dena ere ez. Hori dela eta, hizkuntza inklusibo kontzientea erabiltzea ezinbestekoa dela diote. Hau da, hizkuntza inklusiboa erabiltzen bada komunikabideetan, baina idazten den izenburuan aniztasun funtzionala izateari askoz garrantzi gehiago ematen baldin bazaio, berez esaten denari baino, ikuspegi inklusiboa galtzen du.

Argazkia: Aritz Loiola.

Hizkuntzaz harago, aniztasun funtzionala duten emakume askori kosta egiten zaie euren buruak emakume bezala ulertzea, ingurukoek beren “desgaitasuna” soilik ikusten baitute. “Jabekuntza soziala eta norbanakoarena ezinbestekoa dira egoera hori aldatzeko. Emakume bezala ez bazara eragile aktibo, zaila izango da zure ingurukoak izatea. Egin behar dugun lehen aldaketa geuregan hasten da”. Jabekuntza tailer eta ekintza aldarrikatzaileen bidez lortu dute beren ingurukoak ere eragile aktibo bilakatzea. “Kalean dagoena ikusten da, beraz guk kaleak okupatu behar ditugu, horrela soilik lortuko dugu aldaketa”, ziurtatu dute.

Aldarrikapen horien baitan dago aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusaraztea. Gizonezkoak dira ditugun erreferenteak gai guztietan: historian, biologian, artean, politikan, ekonomian... Azken urteetan emakume erreferenteak biltzeko lan eta ikerketak bultzatu diren arren, aniztasun funtzionala duten emakumeak ikusarazten dituen bilduma edo lan zehatzik ez da argitaratu.

Fekoor-eko emakumeen batzordeak urriaren 17an, Emakundek antolatu duen Berdintasunerako gunean, Areatzan egongo den autobusean, aniztasun funtzionala duten emakume ospetsu eta ez ospetsuen inguruko erakusketa aurkeztuko dute. Batzordeko kideek ziurtatu dute aniztasun funtzionala azpimarratzea ez dela helburua, emakume horien lorpenak ezagutaraztea baizik, baina onartzen dute egoera eta espazio batzuetan aniztasun funtzionala dutela azpimarratzea garrantzitsua dela. Jadanik jabekuntza prozesua hasi dutenek eta oraindik ez dutenek ere halako erreferenteen beharra dute: “Berak lortu badu, nik ere lor dezaket” esatera bultzatzen baitu erreferenteak izateak eta ekintzara bideratzen baititu biktimismoan murgilduta dauden emakumeak. Beren burua gutxiesten duten emakumeak beren aukerez jabetzeko modu bat da, adibidez, ikusaraztea “Virginia Woolf idazle ezagunak aniztasun funtzionala izan zuela, desgaitasun mentala”; edota Frida Kahlo pintorearen bizitza istripu batek aldatu zuela, “bere obra ospetsua desgaitasun propioan oinarrituz”. Aniztasun funtzionala duten emakume ezagun asko daude, baina ez da beren “desgaitasunaren” berri ematen.

Ikusgarritasuna behar da normalizaziorako eta lan horretan murgilduta daude Fekoor-eko emakumeen batzordeko kideak. “Ezer ez guretzat, gu gabe” da beren leloa. Pertsona bakoitzak bere bizitzako erabakiak hartzeko askatasuna izan behar du eta bere bizitzako protagonista izateko eskubidea du. “Pertsonak bere aniztasun guztiekin onartzen ditugun unean inklusioa errealitate bilakatuko da” eta horretarako aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonen arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi dute.

“Aniztasun funtzionala” terminoa hobetsia

Azken urteetan, hainbat hitz erabili izan da aniztasun funtzionala duten pertsonak izendatzeko: desgaitu, minusbaliatu, elbarri, ezindu, eta abar. Legeetan oraindik “aniztasun funtzional” esamoldea txertatu ez den arren, beste edozein eremutan azken hori erabiltzea gomendatzen dute, “azken finean, denak gara anitzak eta kontzeptu horrek bizitza mota independentea islatzen du, Fekoor-ek bultzatzen duena, hain zuzen ere”.

Kanal hauetan artxibatua: Aniztasun funtzionala  |  Generoa

Aniztasun funtzionala kanaletik interesatuko zaizu...
Paralitikoek ere sexua nahi dute

“Zuk medikuari ordaintzen diozu hagina konpontzeko. Gorputza ukitu diezadaten ordaindu beharra daukat nik. Deprimituta nengoen eta hau egiten dudanetik gustura sentitzen naiz, terapia bezalakoa da”. Sexu-laguntzailea darabilen emakume bat da hitz egiten duena, Kataluniako telebista publikorako egin duten Jo també vull sexe! dokumentalean.


Paralitikoek ere sexua nahi dute

"Deprimituta nengoen eta hau egiten dudanetik gustura sentitzen naiz, terapia bezalakoa da”. Sexu-laguntzailea darabilen emakume bat da hitz egiten duena, Kataluniako telebista publikorako egin duten Jo també vull sexe! dokumentalean.


"Orain, emakumeok, transok, bollerok, amaneratuok, elbarriok eta lodiok hartzen ditugu kamerak, eta geure errepresentazioa gobernatzen"

Aktibista transfeminista da Elena Urko, eta Post Op taldeko kidea, Majo Pulidorekin batera. Postpornoaz eta errepresentazioaz hitz egin dugu berarekin.


2016-09-05 | Aiaraldea.eus
Parapentean jauzi egingo du gurpildun aulkian dabilen urduñar batek, Renferen irisgarritasun falta salatzeko

Maria Luisa Goikoetxeak hilabeteak daramatza trenera igotzeko dituen eragozpenei erremedioa bilatzen. Orain, ekintza ikusgarria iragarri du bizi duen egoera salatzeko.


2016-07-18 | Anboto
Paraziklismoko munduko kopa iruditan

Paraziklismoko Munduko Kopako lasterketak izan dira Euskal Herrian asteburuan. Elorrion larunbatean izandako lehia horren irudiak jaso ditu Anboto aldizkariak bideoan.


2016-06-02 | Arabako Alea
Gorrekin komunikazioa hobetzeko kanpaina abian jarri dute

Arabako gorren guraso eta lagunen elkarteak Hormek hitz egiten dute baina ez dute entzuten kanpaina martxan jarri du. Arana kalean kolektiboaren arazoa ikusarazteko horma-irudia egin dute.


Aisialdia desprogramatzen

Jakina da: jolasa eta aisialdia bitarteko ezin hobeak dira balioetan hezteko eta hazteko. Baina nola egiten da hori praktikan? Aurreiritziak alboratu, eskema zaharrak gainditu eta erronka berrietan murgildu dira azken urteotan begirale eta hezitzaileak. Etengabeko trebakuntza da gakoa, Bizkaiko Urtxintxa Eskola aisialdi taldeko hezitzaileek kontatu digutenez.


Panpinak elbarriak edota gorrak izan daitezke

Entzumen, ikusmen eta mugikortasun arazoak dituzten haurren hiru amek erabaki zuten euren seme-alabek eskubidea zutela beraien ezaugarriak irudikatzen dituzten panpinekin jolasteko.


2015-10-14 | Estitxu Eizagirre
Urritasunen bat duten pertsonek erabat kudeatutako lehen supermerkatua ostegunean zabalduko da

Eroskik eta Gureak taldeek elkarlanean jarriko dute martxan Azpeitian. Eskualdeko hamar pertsona ariko dira bertan lanean, eta hamarrak euskaraz mintzo dira.


2015-07-19 | Judith Perez
Oztoporik gabeko aisia aniztasun funtzionala dutenentzat

Leku berriak ezagutu, kirola egin, zinera joan, museoak bisitatu… Aisialdia gozatzeko maiz zailtasunak aurkitzen dituzte aniztasun funtzionala duten pertsonek. Gabezia horri erantzuteko jaio da “Tantai: oztoporik gabeko aisia” ekimena.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude