Legea versus humanitatea

  • Cheikh Dieng da bere izena, ‘Cheikhouna’ deitzen dute. Espainiako Estatutik kanporatzea berretsi zuen Nafarroako administrazioarekiko auzien 2. epaitegiak maiatzaren 9an. Edozein unetan, poliziak atxilotu eta kanporatu dezake Iruñetik, Txantreatik, berak horrenbeste maite duen bere auzotik.

Epaitegiak eman du jada Cheikhouna kanporatzeko agindua,eta defentsak jarri du helegitea ebazpenaren aurka.
Epaitegiak eman du jada Cheikhouna kanporatzeko agindua,eta defentsak jarri du helegitea ebazpenaren aurka.Josu Santesteban

2015etik dago kanporatzeko soka lepo inguruan duela, baina helegitearen zain zegoen. Orain etorri da ebazpena eta soka lepoa estutzen ari zaio; mina du, nabari zaio, eta hala ere irribarre egiten du: “Zortea izango dudala pentsatu behar dut, zortea”; gainean zorigaiztoa duenak elkarrizketan zehar hainbatetan aipatuko duen hitza, zortea.

Txantrea ondoko Antsoainen kaleko saltzaile ari zela hasi zen egungo amesgaiztoa, 2015eko abenduaren 22an: “13:00ak ziren, taberna batera sartu nintzen eta hiru polizia sartu ziren nire atzetik, uste dut jarraika ari zirela; paperak eskatu zizkidaten eta ez nituen. Atxilo eraman ninduten eta sei ordu egin nituen komisaldegian. Kanporatze aginduarekin atera nintzen handik”.

Orduan jarritako helegitea da orain ebatzi dena. Epaia eman zenetik hamabost egun ditu helegitea jartzeko eta abokatuak epea agortuko du egoera luzatzeko. “Baina arriskuan nago hala ere; nire ezagun asko kanporatu dituzte helegitearen zain zeudela”.

Hamar urte dela bizi da Cheikhouna Iruñeko Txantrea auzoan eta bizilagunek sarri erakutsi diote euren elkartasuna. (Argazkia: Josu Santesteban)
Lana-agirien buklea

Denbora behar du, urri den denbora. Lana lortzen badu agiriak lor ditzake, legaltasuna, eta horrela kanporatzea saihestuko luke. Baina ez dago lana bilatzerik agiririk gabe: horra legez kanpoko migratzailea galtzen den labirintoa. Baina Felipe Castellek dioskunez, badu irteerarik: “Zaila, baina posible da agiririk gabe lana lortzea, lehenik behin-behineko lan-hitzarmen bat lortu behar da. Horretan ari gara buru belarri, erlojuaren kontra”. Felipe ere elkarrizketara etorri da, alde guztietara laguntzen duen Txantreako Cheikhounaren lagunen taldekoa da.

Txantrean dagoeneko egin dira hainbat ekimen duela hamar urte bertan bizi den bizilagunaren alde. Azkena maiatzaren 7ko manifestazioa izan zen, non mila bat pertsona bildu ziren bere kanporatze aginduaren aurka. Hunkituta ageri da senegaldarra auzoak ematen dion sostenguarekin. Ez da ohikoena, oro har, immigranteak bakardadean egin behar ei dio aurre kanporatze aginduari, ohikoan SOS Arrazakeriak lagunduta, baina ez auzo oso bat atzean duela. “Sostenguagatik hunkituta, lagun batek negar egin zuen manifestazioan”, diosku Cheikhounak. Azken agerraldi hartan Senegaleko komunitateko kide ugari agertu ziren; ohi baino gehiago, haiek ere beldur dira eta. “Auzoan indartsu sentitzen naiz, beti laguntzen naute, beti eman didate sostengua, nire familia dira. Auzoarekiko esker ona besterik ez dut”, dio tinkotasunez.

Touba-Iruñea

Touban bizi zen Cheikhouna, milioi erdi biztanle pasatxo duen Senegaleko bigarren hiririk handienean. “Ehungintza enpresa batean egiten nuen lan gurasoak laguntzeko, arropa josten, baina ez nuen diru nahikorik eta alde egitea pentsatu nuen”.
 

Senegaldik 2006ko irailaren 9an atera zen. “Ostirala zen eta kayukoan irailaren 20an itsasoratu ginen”. Eta gurasoak? “Ez zekiten ezer, aitak beti esaten zidan ez sartzeko kayuko batean, eta egia esan, nik ez nuen hori buruan. Baina egun batean aukera izan nuen eta aitari esan nion kanpora nindoala egun batzuetarako, festa batera, eta itzuliko nintzela. Gezurra zen, jakina”.

“87 bat pertsona ginen kayukoan eta hamargarren egunean erregairik gabe gelditu ginen itsasoan. Arrantzontzi espainiar batek ikusi gintuen eta Gurutze Gorrira deitu zuen. Azken hauek erreskatatu gintuzten eta Tenerifera eraman, irailaren 30ean. Guztiak iritsi ginen onik. Handik Madril ondoko Miraflores herrira bidali gintuzten, eta 27 egun egin genituen migratzaileentzako zentro batean. Libre utzi gintuztenean nik Madrilera jo nuen kale saltzaile moduan, baina poliziak hainbatetan gelditu ninduen eta erabaki nuen alde egitea handik”.

Lagun bati galdetu zion: “Aizu, inguruko zein herritara jo dezaket arazorik ez izateko?”. “‘Hemendik gertu daukazu Euskal Herria, iparraldean da eta euri asko egiten du’, erantzun zidan hark, eta hala etorri nintzen hona, 2006ko abenduan”. Sumatzen duzu arrazakeriarik hemengo kaleetan? “Arrazakeria alde guztietan dago, baita beltzen artean ere, baina hemen auzoan nik ez dut halakorik sumatu”.

Telebistan Europaz ematen den irudiak izan ote zuen eraginik bera Europara erakartzeko? “Ez, han dirua dutenek ikusten dituzte Europako kanalak, baina nik ez. Bizitza aldatu nahi nuen eta pentsatzen nuen Europara iritsi, lan egin eta lortuko nuela hori, baina ez, etsigarria izan da. Kale saltzaile aritu behar duzu, beti agirien atzetik lana lortzeko, eta oraindik ez ditut lortu. Hala ere, borrokan jarraitzen dut”. Agiriak lortzen dituenean itzuliko da Senegalera familia bisitatzera, baldin eta aurretik hegazkinean sartu eta kanporatzen ez badute. Badu harremanik familiarekin, “telefonoz baino gehiago whatsappez, doan da eta”.

Iruñeko Udalak aho  batez aldarrikatu du Cheikhounak Iruñean bizi behar duela. (Argazkia: Josu Santesteban)
“Cheikhounarekin dagoen hori”

Elkarrizketaz elkarrizketa ari da, bere kasua oso ezaguna egin da Euskal Herri osoan, eta urduri da, nahastuta ere bai zurrunbiloan. Elkarrizketaren amaieran Diario de Navarra-ko kazetari batek deitu dio elkarrizketa egiteko. Maiatzaren 8an Joseba Asiron Iruñeko alkateak hartu zuen. Egoeraren gorrian ez da umorerik falta eta alkatearekin egindako argazkia prentsan ikustean laster hasi zen entzuten Txantrean: “Aizu, nor da Cheikhounarekin dagoen hori?” .

Ataka estuan bizi da senegaldar-txantrearra, hegazkinaren eskailerak buruan dituela. Auzoan 10 urte erabat integratuta egoteak ezer gutxi balio dio agirien sistemari, batez ere beltza bazara. Beste behin ere legaltasuna humanitatearen gainetik jarri dute epaitegiek. Cheikhounak lan bila jarraitzen du eta badu auzotarren laguntza horretan, baina auzitegien agindua ere hor da, edozein unetan bere gainean erortzekotan. Nor iritsiko da lehenago, lana ala polizia? Egoera horretan irribarre nola egin litekeen ulertzea ere ez da samurra. Berak argi du, edozein kasutan, zorte bila jarraituko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Lotsaren ituna

Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza... [+]


Materialismo histerikoa
Atzerritar

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Eguneraketa berriak daude