Zer egin genuen galdetzen digutenean, zer erantzun izateko

  • “Zerbait egin behar da. Kalera atera behar dugu. Gobernuak igarri egin behar du gizartearen haserrea”. Maitane Azurmendi Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaiko taldeko kideak argi dauka. Apirilaren 29an, Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurren ekitaldien harira, milaka lagun ikusi nahi lituzke Gernikan. Muxikan dute hitzordua, handik Gernikara martxa isila egiteko, errefuxiatuei babesa erakutsi eta orain 80 urte gertatu zena, eta gaur gaurkoz beste hainbat herrialdetan gertatzen ari dena, gogoratzeko.

Marijo Deogracias
2017ko apirilaren 30a
‘Ongi etorri Gernika 2017’ egitasmoaren aurkezpenean Europak errefuxiatuekiko duen jokabidea salatu zuten elkarretaratze batekin. (Argazki Press / Aritz Loiola)

“Nire amamak bonbardaketan pasatakoa kontatzen zidanean haren begiradan ikusten nuen beldur bera sumatzen da albistegietan ikusten dituzun pertsonen begietan. Historia errepikatzen ari da, eta zerbait egin beharra daukagu”. Maitane Uriarte Atxikallende Gernikako bonbardaketa bizi izan zutenen lobatako bat da. “1937ko apirilaren 26ko triskantza haren testigantzak lehen eskutik jaso dituen azken belaunaldia garela esan genezake”, azpimarratu zuen Uriartek, Gernikaren bonbardaketan 80. urteurrena gogoratzeko aurkezpen-ekitaldian. Lobak proiektuan ari da bera, beste hainbat kultur sortzaile gazterekin.

Lobak proiektua ere aritu da apirilaren 29an eta 30ean Gernikan egingo den aldarrikapen-egitarau zabala osatzen. Gerraren kontrako eta errefuxiatuen aldeko nazioarteko topaketa egingo da Gernika-Lumon apirileko azkeneko asteburuan.

Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak hartu du bere gain asteburu horretan milaka eta milaka pertsona elkartu nahi dituen egitasmoaren gidaritza. “Gernikan gertatu zena atzera ez dadin errepikatu”, dio Uriartek. Hala adierazi zuen aurkezpenean ere: “Mezu argi batekin gatoz: gure aitona-amonak ere izan ziren errefuxiatuak eta orain, guri dagokigu gerratik ihesi dabiltzan pertsonei laguntzea. Gure herria, behin bidegabekeriak erraustutakoa, izan dadila gaurkoan ongietorririk beroenaren habia”.

Ongietorri sinboliko hori apirilaren 29an egingo dute: errefuxiatuei babesa agertzeko martxa erraldoia. Horretarako Muxikan elkartzeko deia egin dute eta hara bildutako guzti-guztiek Gernika-Lumoko herrira martxa bateratu eta isila egingo dute.

Maitane Azurmendi
(Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia):
“Gerratik ihesi datoz eta ezin dizkiegu ateak itxi. Ez dugu beldurrik izan behar, ez baitut imajinatu ere egin nahi gu geu atera beharko bagina, eta laguntzeko inor ez dagoela ohartuko bagina, zer egingo genukeen”

Maitane Azurmendik izan zuen martxa egiteko burutazioa. Ongi etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da bera, eta Lobak proiektuan ere badabil. 2016ko udan Tesalonika (Grezia) hirian egon zen No Border salaketa-ekitaldian. Beste hainbat lagunekin batera, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko eta gobernuei presio politikoa egiteko joan zen hara. Esan digunez, “jendea Gernikara batzeko asmoa da gobernuei mezu bat helaraztea: errefuxiatuak lagundu behar ditugu! Ez dut nahi 20 urte barru belaunaldi oso bat galdetzen aritzea ea zer egin genuen”.

Azurmendik ez dauka ahazteko errefuxiatuen kanpalekuetan ikusi zituen pertsonen aurpegietan ageri zen “desesperazioa”. “Itxaron-ilarak egitea besterik ez daukate han: gosaltzeko, bazkaltzeko, jantziren bat eskuratzeko, seme-alabak garbitzeko, manta bat lortzeko… Denbora geratu izan balitz moduan bizi dira, ezer egitekorik gabe”. Hura ikusita, etxera itzultzean zerbait egin behar zuela besterik ez zuen buruan eta horrela sortu zen Ongi Etorri Gernika, 2017 egitasmoa.

“80. urteurrena izanik, hemen ere alde egin behar izan zuten neskato-mutikoak egon zirela gogorarazi nahi dugu. Euskal Herria harrera-leku izatea nahi dugu”, azpimarratu digu. “Azken batean gerratik ihesi datoz eta ezin dizkiegu ateak itxi. Ez dugu beldurrik izan behar, ez baitut imajinatu ere egin nahi gu geu atera beharko bagina, eta laguntzeko inor ez dagoela ohartuko bagina, zer egingo genukeen”.

Herri ekimena

Azurmendik azaldu digunez, oso erraza izan da herriko taldeak egitasmoan inplikatzea eta egitarau zabala osatzea. Izan ere, apiril osoan hainbat eta hainbat ekitaldi egin dira Gernikan 80. urteurrena gogoan: bakearen inguruko mahai-inguruak, memoria historikoaren inguruko hitzaldiak, antzezlanak, film emanaldiak eta nola ez bonbardaketa egunean bertan, apirilaren 26an, sirena-hotsa eta 4 minutu ekimena, Gernika Garretan herri-antzerkia eta kandelen manifestazioa.

Aurten gainera, Gernika Garretan antzezlana berritu egin dute. Onintza Enbeitaren laguntzarekin gidoia eguneratu nahi izan dute, errefuxiatuen dramari lekua egin asmoz. “Orain dela 80 urte Santurtzitik 4.000 ume atera ziren Habana itsasontzian, gerratik ihesi. 80 urte geroago, salbamendu-jakak jantziarazten dizkiete milaka eta milaka umeri gerratik txalupetan ihes egin dezaten. Haiek bazekiten nora zihoazen; gaur egun ez dakite inora helduko diren ere”, diosku Azurmendik. Horregatik, egoera horretan ihes egin beharra daukaten pertsonak, haurrak, gogoratzeko keinua ere bada antzelana.

Gernika 2037

Francoren bilobari gutuna antzezlanaren harira Bertsolari aldizkarian zioen Igor Elortza bertsolari eta antzezlanaren gidoilarietako batek, “kontatu barik kontatzen diren istorioek sortzen dituzten zauriak dira sendatu behar direnak”. Kezka horrekin dabiltza Ongi Etorri Gernika 2017 egitasmoa antolatzen dabiltzan guztiak.

Lobak taldeko Uriartek esaterako dio, gerra osteko beldurra bizi izan zuela beti euren amama zenak. “Bakarrik kontatzen zigun guk geuk galdetuz gero, eta beti ere kontu handiz. Frankismoa amaituta ere berari beldur hori geratu zitzaion barruan”. Are gehiago, bonbardaketaren ondorengoen loba honek dio asko igarri dutela euren etxean urteetako hutsunea. “Herriko historia paralizatu egiten da, beldurragatik. Gure amama bizi zela ere, beti esan izan digu “kontuz ibiltzeko”, hori izan du beti berak barruan: beldur horrekin hazi eta bizi izan da beti, dena amaituta egon arren”.

Ildo horretan, Hannot Mintengia gernikarrak 2016an zuzendu zuen Markak dokumentalean dio Bernardo Atxagak, “gogoratzeak, memoriak, lan asko eskatzen du; nahitaezkoa da euskarri batzuk egotea, zerbait, zeinu batzuk behar dira gogoratzeko, ze normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea”.

Eta ez ahazteko, Lobak egitasmoan euren aurrekoen lekukotza hartu dute. Mintegiak zioen bezala, “memoria, orainean ekitera obligatzen zaituen zerbait bezala ulertu behar baita”.

Horixe da, hain justu, Lobak proiektua. 2012an, kulturaren eta artearen sorkuntza-eremu gisa hasi zen. Bonbardaketatik bizirik atera ziren haien lobek osatu zuten, “utzi diguten lekukotzarekin eta ondarearekin bakoitzak bere esparruan egin dezakeen ekarpena egin dezan”, azaldu du Maitane Uriartek.

Gernikako Astra fabrikan bonbardaketen aurka erabilitako sirena berritu eta martxan jarri zuten iaz: Yahia Koddo eta Ruba Hassan siriarrek aktibatu zuten (Argazki Press / Jaizki Fontaneda)

Markak dokumentalean parte hartu zuten haietako askok, euren testigantzak emanez eta sentimenduak adieraziz. Haren ondotik sortu da apirilaren 20an Astran aurkeztu duten Gernika 2037, memoria eta espazio publikoa egitasmoa: Gernikako ondare historiko-fisikoa berreskuratzen saiatzeko proiektua.

“Turista askok galdetzen dute ea ez ote dagoen herrian gertaeraren arrastorik; baina kontua da bonben osteko Gernika erabat suntsituta geratu zela eta berreraiki egin behar izan zela”, diosku Uriartek. “Egiaz ez dakigu ezer Gernikari buruz, bonbardaketa osteko Gernikari buruz. Markak dokumentalaren grabazioan zutabe bat deskubritu zuten gerra zibileko armen tiro-markak dituena. Guk hori ez dugu jakin eta hori, gura ala ez, gure ondare historikoaren parte da”.

Horregatik “asmoa da identifikatzea bonbardaketatik geratu diren leku-markak; gure ondarea berreskuratzeko plan bat abiaraztea, bai gerra zibilekoa, aurrekoa zein ondorengoa”. Uriartek azaldu bezala, epe luzerako proiektua da, “bonbardaketaren mendeurrenerako erronka bat”.

Maitane Uriarte
(Lobak proiektua):
“Herriko historia paralizatu egiten da beldurragatik. Gure amamak beti esaten zigun ‘kontuz ibiltzeko’, dena amaituta egon arren”

Muxika-Gernika, martxa isila

Zapatu-domekan egingo dira “Gernikan gertatutakoaren memoria bizirik eusteko” eta “gaur egun milioika pertsona ihes egitera behartu dituzten beste “Gernika” horietan gertatzen dena geldiarazteko” aldarrikapenak. Bizkaiko Ongi etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du Gernika batzordea, Arrano Kultur Elkartea, Gernika Garretan, Sare-Gernika, Lobak, Gernika Zine-kluba, Gite-Ipes, Nkap eta Gernika Gogoratuz taldeek lagunduta. Zapatuan egingo dira errefuxiatuei babesa emateko ibilaldiak, Euskal Herriko hainbat lekutatik oinez zein bizikletan Gernikara iritsiko dira denak batera, manifestazio isilean.

Domekan, berriz, gaikako tailerrak eta esperientzia-mahaiak antolatu dira, “jendeak ezagutu ditzan han eta hemen egiten ari diren bestelako elkartasun ekimenak –dio Azurmendik–, eta euren artean ere elkarlana sustatzeko. Azken batean, bilatzen duguna da jendea inplika dadila, eta elkartasun sarea ahalik eta gehien sendotzea”.


Artikulu hau eta beste asko itzultzen ditugu ingelesera, Euskal Herriko berriak Euskal Herritik zabal ditzagun: argia.eus/english

Herritar xumeen erbesteaz
1937ko otsailean Zumaiatik kanporatutako emakumeak euren haurrekin. (Argazkia: 'Baleike')

Bertolt Brechtek Langile baten galderak poesian, aditzera ekarri zuen herri xumearen bazterketa. Hitz horiek ongi doazkie 1936 eta 1939ko kinkan erbestera joan ziren milaka eta milaka euskaldunei. Izan ere, goi mailako politikari zein intelektualen atzerriratzea historiara eraman eta nonahi azaldu den bitartean, beste herritarren antzeko patua zokoratu egin izan da. Egun, harriduraz eta zerbait ezezaguna izanen balitz bezala egin dituzte omenaldiak euren herritik indarrez kanporatuak izan ziren emakumeen alde. Ba zen garaia! Memoria historikoan ahatetxo itsusiaren parean gelditzen ari den erbesteratzea puska batean bederen berreskuratzeko; egiari zor diogulako eta gaur Europan gertatzen ari diren antzeko tragedien aurre-oihartzun zuzena delako.

1936ko gerra zibilaren ondorioz izandako erbesteratzea, Espainiako Estatuko herrialdeen historian handiena izateaz gain, klase eta esparru guztietako herritarrak zanpatu zituen. Eta ez soilik Retirada ezagunean –1939ko otsailaz geroztik Gironako mugetatik landa izandako hartan–, baita gerraren hasieran ere. Jakina denez, Espainiako militar errebeldeek egindako estatu kolpearekin, lehen momentutik eman zion ihesari jendeak, multzo txikiagotan bazen ere. Frankistek aurrera jo zuten heinean, ihesaldi horiek hauspotu zituzten.

Lehen erbesteratze masiboa Irungoa izan zen. Milizianoekin batera milaka herritarrek zeharkatu zuten Bidasoa, haurrak eta helduak, Iparraldean babesa bilatzeko asmoz. Egun batzuetako ihesa izanen zelakoan, askorentzat gerra bitarteko bilakatu zen iraun bitartean, beste batzuentzat itzulerarik gabeko bidaia.

Gerra frontea egonkortu arren, barne deserriek jarraitu zuten. Atzeguardian kokatuta zeuden herrietatik ehundaka andrazko kanporatu zituzten euren haurrekin, susmagarriak zirelakoan. Hilabete batzuk geroago Bizkaiaren aurkako erasoaldiak sortutako bigarren erbesteratze masiboaren aurrekaria izan zen hura. Zarauztik, Zumaiatik, Getariatik, Azkoititik... ehundaka lagunek segizio tamalgarriak egin zituzten errepideetan barna. Baina latzena iristear zegoen: faxistek inpunitate osoz egindako bonbardaketek argi eta garbi utzi zuten inor ez zela salbu. Erabateko gerra zen. Hala, haurren erbesteratze handiak antolatzen hasi ziren Bizkaiko portuetatik. Ondorioa zein izan zen badakigu: 20.000 haur baino gehiago sortetxea lagata gerra amaitu arte laketu ziren Britainia Handian, Frantzian eta Belgikan, eta 1960ko hamarkada arte Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean.

Haurren deserriratze horrek erakutsi zuen zer etorriko zen ipar frontea oso osorik frankisten esku geratzen zenean: Kantauriko kostaldeko portuetatik soldaduak, buruzagi politikoak eta herritarrak itsasoratu ziren, Nantesen, Saint Nazairen, La Pallicen edo Pauillacen lur hartzeko. Haietako asko Frantziako kolonietan geratu ziren, beste zenbaiti hango familiek eman zien ostatu, eta askok Kataluniara jo zuten, behin-behineko aterpe bila.

1939ko urtarrilean frankistek Katalunia jarri zuten jomugatzat. Orduan, behin betiko erbesteratzea iritsi zitzaien 1936-1937tik etxetik kanpo zeuden euskal errefuxiatu horiei guztiei. Frankistak Bartzelonara hurbildu zirenean hasi zen ihesaldi handiena. Retirada hitzarekin historiara igaro den atzera-egite hark errefuxiatu kopuru ikaragarria sortu zuen. L’Illustration frantziar astekari eskuindarrak horrela deskribatu zuen: “Espainiarrek Frantzia aldean hasitako exodoa, hartu duen muntarengatik, irudiezina da. Herri oso bat badoa: aberatsak, pobreak, burgesak, merkatariak, nekazariak, beharginak, armadakoak, zama animaliekin, gurdiekin, autoekin, gerra tresnekin nahastuta”. Bat datoz lekukoak eta historiagileak esatean 500.000 inguru izan zitezkeela. Era berean, Frantziako Gobernuak errefuxiatu horiekiko izandako jarrera salatzeko unean ere zalantzarik ez dago: agintariek azken unera arte mugak itxi zituzten, eta onartu zutenean ihesean zetorren jendetza Frantzian hartzea, “harrera” berezi samarra eman zieten.

Mugak zeharkatutakoan, jendarme frantziarrek milizianoak desarmatu eta goitik behera miatu ostean, gertuen zeuden kontzentrazio guneetara eta Argeles, Saint Cyprien eta Le Barcaresko kontzentrazio hondartzetara eraman zituzten, txarrantzez eta militarrez inguratutako eremuetara. Miliziano ez zirenak, berriz, barnealdeko aterpeetara bidali zituzten. Nolanahi ere, agintari frantziarrek egundoko indarra jarri zuten jendea lehenbailehen Espainia frankistara itzul zedin. Askok onartu zuten hori egitea. Halaber, Frantzian gelditu zirenek Estatu frantziarraren desbideratze faxista jasan behar izan zuten II. Mundu Gerra medio, lehenik Daladier eta Reynaudekin, eta ondoren Petainena Vichyko erregimenarenarekin.

Mundu gerra amaitu zenean ez zen homologaziorik izan Espainia eta Europako garaile demokratikoen artean. Erbestea betiko izanen zen, ez bakarrik goi mailako agintari edo arduradun politikoentzat, baita Bertolt Brechtek gogoratzen zituen herritar xume horientzat ere.

Kanal hauetan artxibatua: Errefuxiatu krisi globala  |  Gernika 1937

Errefuxiatu krisi globala kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-19 | Miren Artetxe
Bortizkeria matriuskak

Zabaldu matriuska.

EFE agentziaren berria. Lerro-burua: “Cantabria espainiar ontziak itsasoan aurkitutako 26 gorpu lehorreratu ditu”. Testua: “Ontziak Italiako Salerno hirian porturatu ditu 26 emakumeren gorpuak, itsasoan erreskatatutako beste 400 immigrante eta errefuxiaturekin batera”.

Emakumeak izateak ez du, antza, lerro-bururik merezi (eta kurioski, testuan immigrante eta errefuxiatuak bereizteak bai). Salernoko prefetaren azalpenak jasotzen ditu berriak:... [+]


2017-11-15 | Axier Lopez
Ongi etorri armak, refugees go home!

Bilboko Portuaren plan estrategikoaren onurak hedabidez hedabide azaltzen aritu da Asier Atutxa presidentea. Baina, enpresariek beren enpresez hitz egitean ohikoa duten autobonboaz aparte, bi galdera ‘deseroso‘ erantzun behar izan ditu. Bata, errefuxiatuak portura ez sartzeko eraikitzen ari diren harresiari buruz. Eta bigarrena, martxoan Ignacio Robles suhiltzaile desobedienteak piztu zuen eztabaidaren harira, Saudi Arabiara bidean Bilboko Portuan izan diren armaz betetako... [+]


2017-11-09 | Juan Mari Arregi
Portuak, bizitzarako edo heriotzarako?

Bilboko Portuak bost urterako Plan Estrategikoa aurkeztu berri du. Getxoko kruzeroen kaian egin du, munduko itsasontzi hoberenetan milaka turista igarotzen diren tokian. Zein da Plana? Irakurleek prentsa bidez jakin ahal izan dute. Baina portuko agintariek ez dituzte azaldu milaka lagunen bizitzari –eta heritozari– eragiten dieten beste alderdi batzuk, nahiz eta portu hori funtsezko tresna izan. Horixe gogoratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Planaren aurkezpen... [+]


2017-11-09 | Unai Brea
"Legezkoa den bitartean...", Bilboko Portuko presidentearen erantzuna bertatik armak esportatzeaz

Datozen bost urteetarako Bilboko Portuaren Plan Estrategikoa aurkeztu zuten asteazkenean Getxoko gurutzontzien terminalean. Kanpoko aldean hainbat pertsonak Portuaren politikengatik protesta egiten zuten bitartean, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak arma trafikoaz igorritako galderari erantzun zion Asier Atutxa Portuko Agintaritzako presidenteak: “Legezkoa den bitartean, nire iritziak ez du axola”.


2017-11-08 | Unai Brea
Arma esportazioaren eta migratzaileei hesiak jartzearen aurkako protesta Bilboko Portuan

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, Bilboko Portuaren politiken kontra protesta egiteko hainbat lagun bildu dira Getxoko gurutzontzien kaian, portuko Plan Estrategikoa aurkezten ari ziren bitartean. Armak esportatzea eta migratzaileei trabak jartzea salatu dute besteak beste.


2017-10-22 | Andoni Mikelarena
Lotsaren harresia Bilboko Portuan

Bilboko Portuko arduradunak lau metroko altuera duen harresi bat eraikitzen ari dira, errefuxiatuak ferryetan polizoi modura sartzea eragozteko. Erabaki horrek erreakzio ugari eragin ditu.


2017-10-11 | Andoni Mikelarena
Migranteak ilegalki kanporatu ostean Zoidok dio "ez dutela zertan hesia saltatu"

Senatuan hitz egin du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, aurreko astean Estrasburgok migranteen kanporatze azkarraren inguruan emandako epaiaz.


2017-10-10 | Andoni Mikelarena
Lotsaren harresia Bilboko Portuan

Bilboko Portuko arduradunak lau metroko altuera duen harresi bat eraikitzen ari dira, errefuxiatuak ferryetan polizoi modura sartzea eragozteko. Erabaki horrek erreakzio ugari eragin ditu.


Rohingya herria, sarraskitik ihesi

Rohingya herriko ia milioi erdi lagunek ihes egin dute Myanmarretik (lehengo Birmania) Bangladeshera. Myanmarreko Gobernuko iturriek berriki aitortu dute rohingyen herrien %40 hustu direla armadaren bortizkeriatik ihesi. NBEko Giza Eskubideen goi komisario Zeid Ra’ad Al Husseinek adierazi du “ageriko garbiketa etnikoa dela”.


2017-09-29 | ARGIA
Errefuxiatuak hartzeko konpromisoak bete ditzan eskatuko diote Europari irailaren 30ean

Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute Bilbon irailaren 30ean, Europar Batasunari exijitzeko bete dezala orain bi urte hartu zuen errefuxiatuak jasotzeko konpromisoa. Irailaren 26an agortu zen 180.000 pertsona inguru hartzeko EBk bere buruari ezarritako epea, eta kopuru horren %28 ingururi baino ez zaio eman harrera duina.  


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude