"Guk gure gailuak etengabe berritzeko, beste batzuen eskubideak zapalduta daude"

  • Mugarik Gabeko Ingeniaritzako kidea da Izaro Basurko (Donostia, 1981), baina Ingurumen Zientziak ikasi zituen. “Elkartean oso beharrezkoak dira ingeniariak ez direnak ere”, azaldu digu. Energia berriztagarrietan eta lankidetzan aditua da, baita militante ekologista ere. Teknologiaren garapenari lotutako kontraesanez hausnartu dugu harekin.

“New Yorkera oporretan joatea ez da eskubidea, denok ezingo genukeelako egin, ez legoke energia nahikorik. Eskubidea daukagu batetik bestera mugitzeko, baina ez edonola”. (Arg.: Dani Blanco)
“New Yorkera oporretan joatea ez da eskubidea, denok ezingo genukeelako egin, ez legoke energia nahikorik. Eskubidea daukagu batetik bestera mugitzeko, baina ez edonola”. (Arg.: Dani Blanco)

Mugarik gabeko. Beraz, kanpo lankidetzarako sortutako taldea.

Orain, batetik, proiektu bat daukagu El Salvadorren, hango emakume talde batekin aurrera ateratzen ari garena. Herrixketara ura eramateko sistemak sortu, saneamendua egin ekoteknologia bidez… Teknologia erraza, baina haientzat beharrezkoa. Saiatzen gara komunitatearen eskuetan egon dadin, ez hango agintariren batenetan. Eta saiatzen gara gure lanean genero ikuspegia txertatzen. Izan ere, teknologia ez da neutrala. Generoari dagokionez ez behintzat. Teknologia gizonen ikuspuntutik garatzen da.

Agian helburu maskulinoa duelako: mundua menperatzea?

Baietz esango nuke, teknologiarekin lortu nahi dena natura menperatzea da. Hala ere, zer hartzen dugu teknologiatzat? Askotan goi-teknologiarekin lotzen dugu kontzeptua, baina badaude beste teknologia batzuk, zaintzari lotutakoak; horiei artisautza esaten diegu. Baina buztinezko ontziak sortu ez bagenitu ez genuke edukiko orain daukagun bizimodua. Eta jostorratza, eta artaziak… Teknologia asko “ezkutatuta” daude emakumeek baino ez dituztelako erabiltzen. Azken batean, teknologia batzuek potentzia handiagoa dute natura eraldatzeko, eta beste batzuek txikiagoa. Badira guk giza garapenerako teknologia esaten diegunak, eta gure ideia horiek erabiltzea da. Ezin dugu besterik gabe sortu teknologia, sortze hutsagatik. Eta horrekin batera dator beste hausnarketa bat: zeinek eduki behar du teknologiaren eskumena, nork eta zeinentzat sortu behar du? Uste dugu jendarteak eduki behar lukeela eskumen hori.

Hemen ere egiten duzue lanik.

Besteak beste, ikastaroak egiten ditugu nazioarteko lankidetza zer den azaltzeko, jendeak batzuetan ez dakielako oso ondo zer den.

Uste okerrak izaten ditugu lankidetzaz?

Askotan jendea etortzen zaigu esanez “nik asko dakit, lagundu egin nahi dut eta El Salvadorrera joan nahi dut nire proiektua egitera”. Guk uste dugu lankidetza mota hori batzuetan ona dela baina eraldatzaileagoa izan behar dela. Pentsatu behar da zergatik dauden herrialde horiek dauden bezala, eta hala datozkigunei esaten diegu “agian ez da beharrezkoa inora joatea laguntzera, baizik eta hemen gure bizimodua aldatzea”. Nahi dugu lankidetza parez parekoa izatea, ez asimetrikoa, elkartasunez baina karitaterik gabe. Nahiago dugu gure proiektuak guk kudeatu baina hango jendeak gauzatu ditzala, han ere badaude-eta ingeniari onak.

Ingeniaritza eskoletan, ingeniaritzaz gain, pentsamolde bat ere irakasten da?

Mainstream-aren pentsamoldea teknofantasia bat da: teknologiak dena konpon dezake, zu lasai egon eta jarraitu bizitzen orain arte bezala, ez da arazorik egongo. Asmatuko dugu zerbait klima aldaketa konpontzeko, energia gutxiago kontsumitzeko... Eta uste dugu ikuspegi kritikoagoa falta dela. Ikastaroak egiten ditugu ingeniaritza eskoletan eta ikasleek esaten digute: “Irakatsi diguten guztia izan da nola eraiki hau eta beste, baina inoiz ez digute esan zertarako”. Urtegi bat, adibidez: ikasten da zer turbina erabili, zer kalkulu egin… Baina ez diete esaten zeintzuk diren kaltetuak, edo zeinentzat dakarren onura urtegi horrek. 

Energia gutxiago kontsumitzeko bide teknologikoaren promesa aipatu duzu. Berriztagarriak gorantz doaz etengabe, baina askok ohartarazi dute berriztagarriak ez direla nahikoa gaur egungo bizimoduari eusteko.

Arazoa ez da teknologikoa, gizarte sistemarena baizik. Ezingo genuke denok kontsumitu guk adina. Bizimoldea moteldu beharko dugu, eta beste balore batzuk indartu. Badaude hainbeste energia kontsumitu gabe egin daitezkeen gauzak: irakurri, musika entzun, antzerkira joan, antzerkia ikasi…

Egiten dira, hala ere…

Bai, baina ez dira New Yorkera hegazkinez joatea bezain erakargarriak. Eta ezin dugu denok oporretan New Yorkera joan.

Ez al da eskubidea New Yorkera joatea?

Ez, denok ezingo genukeelako egin. Denok batera egin nahi bagenu, ez legoke energia nahikorik. Eskubidea daukagu batetik bestera mugitzeko, baina ez edonola. Eta bestetik, gu New Yorkera joateko joaten garen prezioan, petrolioa oso merke ustiatu behar da munduko beste leku batean, eta hango eskubideak urratu. Berdin gertatzen da mugikorrekin, ordenagailuekin, eta batzuek ia urtero aldatzen dituzte. Guk gure gailuak merke erosteko eta etengabe berritzeko, beste batzuen eskubideak zapalduta daude.

Kontsumitzailea etengabe errudun sentiaraztea ez da helburua izango noski.

Ez, helburua kontziente izatea da. Behar duzu eskuko telefonoa? Bai, baina erabil ezazu kontzienteki eta ez erosi urtero bat, eta ahal baduzu eskatu, galdetu, “nondik etorri da hau”? Berdin telefonoa, tomatea edo arropa. Kontsumitzaile garen heinean badugu indarra gauzak aldatzeko. “Zertarako nahi dugu teknologia?”, hori da azken batean egin behar dugun galdera. Zertarako eta zeinentzat. Baldin bada gure bizi kalitatea hobetzeko, erabil dezagun, baina baldin bada beste batzuen eskubideak zapalduz gure apetak betetzeko, ba…

Unibertsitatetik ekologismora

“Ingurumen Zientzia ikasketak amaitutakoan garatuta nuen kontzientzia, horregatik sartu nintzen ekologismoan. Gero Mugarik Gabeko Ingeniaritzaren mintegi batean parte hartu nuen, elkartean zer ikuspuntu zuten ezagutzeko, eta haren ondorioz boluntario aurkeztu nintzen. Ez dakit Ingurumen Zientziak ikaste hutsak kontzientzia ekologista garatzera bultzatzen duen. Nik behintzat zortea izan nuen: irakasle onak egokitu zitzaizkidan, gauza askotaz pentsarazi zidatenak. Horrela egin nuen jauzia ekologismora”.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Garapenerako lankidetza
Helen Clark
"Hiru indar boteretsu ditugu munduan, AEBak, Errusia eta Txina, eta euren esku dago dena"

Zeelanda Berriko lehen ministro ohia eta Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programako idazkari ohia da Helen Clark (Hamilton, Zeelanda Berria, 1950). Munduko emakume liderrik eraginkorrenetakoa, ustelkeriaren aurka egin duen lana nabarmendu izan dute. Hitzaldiak ematen ditu... [+]


2017-03-15 | Unai Brea
Nazioarteko garapenerako EAEko legediak ezartzen duen %0,7ko laguntza ez da betetzen ari

EAEko Garapenerako GKEen Koordinakundeak ekintza ikusgarria egin du Donostian, 2007an onartutako Lankidetzarako Euskal Legea betetzen ez dela salatzeko. Akrobata batek bere burua zintzilikatu du Bulebarrean, Elkartasuna, guztion garapena zioen pankarta baten alboan, GKEen... [+]


Eguneraketa berriak daude