Kooperazioa ikasgelara, adierazmen eta sorkuntzaz

  • Ez da erronka makala balioak hezkuntzara eramatea. Are da zailagoa balio horiek, esparru gehienetan nagusi den indibidualtasuna eta lehiakortasunari kontra-jarriak badira. Kooperarock ekimenaren baitan, oraindik ez-ohikoa den bidea hartu dute kooperazioa eta elkartasuna 7 eta 12 urte bitarteko haurrekin lantzeko: sorkuntzaren eta artearen bidea. Egindako lana borobilduko duen antzerki obra datorren abenduan aurkeztuko dute.

Goian eta beheko argazkian, bitartekariak Arberuko Saint-Martin eta Bilboko Kirikiño ikastetxeetan hurrenez hurren; kooperazioaren balioak artearen bidez lantzen dituzte haurrekin. (Argazkiak: Teatro Paraíso)
Goian eta beheko argazkian, bitartekariak Arberuko Saint-Martin eta Bilboko Kirikiño ikastetxeetan hurrenez hurren; kooperazioaren balioak artearen bidez lantzen dituzte haurrekin. (Argazkiak: Teatro Paraíso)

Donostia 2016k, Mondragon Unibertsitateak, Lanki ikertegiak eta Teatro Paraíso antzerki konpainiak elkarlanean garatu duten proiektua da Kooperarock. Hauxe du funtsa: artearen bitartez, kooperatibagintza eta haren balioak eskoletan hedatzea. Teatro Paraísoko kideek bi bide jorratu dituzte horretarako: abenduan aurkeztuko duten antzezlan originala, eta Euskal Herriko hainbat txokotako bost eskolatan egin duten “bitartekaritza-artistiko” lana.

Ander Elorza komunikazio arduradunaren hitzetan, konpainia arabarrak 40 urteko ibilbide luzea du egina antzerkia eta hezkuntza artistikoa lotzen: “Antzezlanak sortzen ditugu, bai, baina publiko berrien sorrera, garapena eta formakuntza ere oso eginkizun garrantzitsua dira. Horretarako, lan handia egiten dugu ikastetxeetan”. Kooperarock proiektuari heltzeko ordea, aurrez zenbait hausnarketa egin eta formatzeko beharra izan dute. Lanki Ikertegiak izan du horren ardura. Hezkuntza eta ekonomia eraldatzailea jorratzen dituzten hainbat eragilerekin elkarlanean, prozesu luzea egin dute kooperatibagintzaren oinarrizko balioak identifikatzeko. Bertatik ateratako ondorioak ikastetxeetan bitartekaritza lana egin dutenei eta antzerkiari forma emango diotenei transmititu dizkiete gero. Funtsean, bi ideia nagusitu dira: elkarlana eta elkartasuna.

Ander Elorza
(Teatro Paraíso):
“Artea eraikitzeko metodoa elkarlanean oinarritzen da, eta halaber, sorkuntza horrek
balio kooperatiboak hedatzen ditu”
Sorkuntzaren balio hezitzailea

Jakintza hori guztia ikastetxeetara eramateko ez dituzte testuliburuak, aurkezpenak edo etxeko lanak baliatu. Horren ordez, sorkuntzaren bideari heldu diote. Horretarako diziplina desberdinak jorratzen dituzten artistak izan dira Euskal Herriko bost ikastetxetan: Bilboko Kirikiñon, Gasteizko San Prudencion, Donostiako Amara Berrin, Arberuko Saint Martin-en eta Arrasateko Arizmendin. Haietako bakoitzean kooperatibagintzaren inguruko oinarrizko hausnarketa horiek bere diziplinara egokitu eta modu parte-hartzailean landu dituen artista bana izan da. Nork beretik, dantza, zirkoa, antzerkia eta argazkilaritza erabili dituzte.

María Fernández de Viana Kirikiñon eta Arizmendi Ikastolan izan da bitartekari lana egiten. Hainbat arlotako sormen prozesua haurrei gerturatuz, haien lan kooperatibo eta artistikoak inspiratu nahi izan ditu. Ohiko metodologiatik aldendu arren, ikasleen jarrera oso ona izan dela dio: “Oso modu irekian hartu naute hasiera hasieratik. Gizakiok, berez dauzkagu adierazi eta sortzeko grina, eta haientzat propio sortutako espazio fisiko zein emozional bat eskaintzea zoragarria izan da”. Arte eszenikoak eta arte ederrak izan ditu oinarri. Dioenez, diziplina ezin hobeak dira kooperazioa lortzeko, hauek garatzeko elkarrekintza “ezinbestekoa” baita.

Bitartekariek eskoletan irekitako bideak aurrera begira duen balioa garrantzitsua dela dio Elorzak. “Kooperatibagintzaren balioak hezkuntzara nola eraman hausnartzeko aukera eman digu. Baina aldi berean, sorkuntzaren bitartez ezagutza eta balioak transmititzeko aukera ikusarazi eta normalizatzeko pauso bat gehiago izan dira”.

Baita oholtzara ere

Ikastetxeetara bakarrik ez, oholtzara ere eramango dituzte kooperatibagintzaren balioak. Hori ahalbidetuko duen antzezlana fintzen ari dira orain, eskoletan haurrek egin dituzten ekarpenetatik eta Lankik bildutako gogoetetatik abiatuta. Elorzaren arabera, bi norantzatako prozesua da: “Artea eraikitzeko metodoa bera elkarlanean oinarritzen da, eta halaber, sorkuntza lan horrek balio kooperatiboak hedatzen ditu”.

Maxi Rodríguez antzerkigileak hartu du gidoia osatzeko ardura.  Beste lan askoren artean, Siete vidas telesaileko gidoilari izandakoa da. Hura buru dutela, Amaia Salazar, Maitane Goñi, Aitor de Kintana eta Ander Basaldua aktoreek gorpuztuko dute “poetikoa eta dinamikoa” izatea nahi duten antzezlana. Ezer gutxi kontatu dute oraindik, baina Elorzak aurreratu digunez, arazo komunei aurre egiteko elkarlanean arituko diren lau lagun izango dira protagonista. Aurrez elkar ezagutzen ez duten arren, laster ikusiko dute haietako bakoitzak ezaugarri eta iritzi ezberdinak dituela. Elkarlanean aritzeko, aniztasun horretara egokitzen ikasi beharko dute.

Elorzak ez du uste enkarguzko lana izateak sormenerako aukerak mugatuko dituenik. “Egia da askotan enkarguek arrisku hori dutela: artistak badu berez ideia eta izaera bat, eta beste bat ezartzen zaio. Baina esperientzia handiko profesionalak dira lan honetan daudenak, eta askatasun osoa eman diegu. Egin ditugu antzerako lan gehiago ere, eta emaitza ikusita, ez du ematen enkarguz egindakoak direnik”.

Hala ote den egiaztatu nahi duenak, antzezlana ikustea izango du onena. Kooperarock du behin-behineko izena, eta 7-12 urte bitarteko haurrentzako izango da. Arizmendi ikastolak prozesuan izan duen garrantzi handia eskertzeko, abenduaren 15ean egingo dute aurrestreinaldia Arrasaten bertan. Estreinaldi ofiziala ordea, abenduaren 27an izango da, Donostian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kooperarock
2016-11-02 | Kooperarock bloga
Bitartekariaren garrantzia

Gemma Carbó, UNESCO Katedrako Kultura-Politiken Zuzendariak kulturaren transmisioan bitartikariek dituzten erronkak aztertu ditu iritzi honetan Teatro Paraísorentzat.


2016-10-24 | Kooperarock bloga
Kooperarock lantzen Arrasaten: hegan egitera!

Egia esan, haurrek beren lankidetza eskaintzen dute ahal duten guztian eta ez dute lan gehiegi ematen, oso ilusionatuta daude eta badakite proiektua arrakastatsua izan dadin konpromisozko eta lankidetzazko jarrera izan behar dela.


2016-10-06 | Kooperarock bloga
Entzuteak eraldatu egiten du

"Gure gorputza hizkuntzen eta topaketa-aukeren mapa bat da" dio Moisés Mato antzerki zuzendariak. Gasteizko KunArten Entzutearen Antzerkiaren inguruko tailerra eskaintzen dihardu.


2016-09-15 | Kooperarock bloga
Balio kooperatiboak ikasleei "emozioaren eta akzioaren bidez" transmititzeko antzerkia

Teatro Paraisok hezkuntza, kooperatibagintza eta dramatizazioa uztartzen dituen proiektu anbiziotsua dauka esku artean. Artearen eta bitartekaritzaren bidez hausnarketa bultzatu nahi dute Kooperarock egitasmoaren bigarren fasean.


Iparraldeko kooperatibak
Sortu, iraun, aldatu

Eraldaketa sozialaren inguruko eztabaida bero-bero dago Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan oro har. Hitzen gibeleko esanahia zein da? Dena ez da eraldatzaile, dena ez da sozial. Gurean kooperatibek izandako bilakaerari errepasoa egin dio Xabier Itzainak Lanki... [+]


Eguneraketa berriak daude